Heriotzak goiz bereganatutako bizitzaren bi maitaleren poesia

Sylvia Plathen poemak euskaratu ditu Iñigo Astizek, eta Lois Pereirorenak Joxemari Sestorainek

Sylvia Plath.
Juan Luis Zabala
2014ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Biografia dramatikoak eta heriotza goiztiarrak markatuak izanagatik ere beren lanetan bizitzarekiko atxikimendua ere erakutsi zuten bi poetaren liburuak argitaratu ditu, euskarara itzulita, Cenlit argitaletxearen Denonartean zigiluak: Sylvia Plathen Ariel eta beste poema batzuk, Iñigo Astizek euskaratua; eta Lois Pereiroren Akaberako poesia amodioaz eta gaitzaz, Joxemari Sestorainek euskaratua.

Iñigo Astiz BERRIAko erredaktoreak (Iruñea, 1985) «lilura handi bat» sentitu zuen aurrenekoz, 18 urte zituela, Sylvia Plathek (Boston, AEB, 1932-Londres, 1963) idatzitako poemak irakurtzean, batez ere «poetak sortzen dituen irudiengatik». Poema batzuek «zirrara fisikoa» eragin zioten.

Irakurtzean sentitu zuen zirrara hari «eusten» ahalegindu da Astiz itzulpen lanean. «Urteak eman ditut, horregatik, liburu hau itzultzen. Batzuetan biziago, besteetan motelago, baina urteak. Kaleratuko zenik ere jakin eta pentsatu gabe».

Argi du Astizek ez dela itzultzailea, eta Plathen poemak «kazetari gisa» itzuli dituela dio, «iturria oinarri hartuta» arituz. «Saiakera nagusia izan da haren tonua. Hitz egiteko modua. Irudiak aurkezteko askatasuna erreplikatzen. Haren ahotsa euskaraz imitatzen. Eta horretarako iturria oinarri hartuta batzuetan libreago ere aritu behar izan dut. Testua bera oinarri izanik hala ere beti».

Plath aipatzean, haren heriotza aipatzen da ia beti; 1963ko otsailaren 11n bere buruaz beste egin zuela. Sukaldeko ateko zirrikituak eskuoihalekin ondo itxi ostean —etxean lo ziren seme-alabak babesteko— labeko gasaren giltza ireki eta bertan sartu zuen burua. Nahiz eta hiltzeko modu horrek Plathen obraren harrera eta interpretazioa baldintzatu duen, «handia da bizitzaren presentzia haren idazkietan», Astizek hitzaurrean dioenez, eta «bizitza horri idatzi zizkion bere lerro ederrenetariko batzuk». Ariel eta beste poema batzuk poema sorta «eguna argitu aurreko uneetan idatzitako poemaz» betea dagoela dakar gogora Astizek. «Plathek maitasuna hitzarekin hasi, eta udaberria hitzarekin amaitu nahi zuen bilduma hau».

Bere burua hil ez bazuen ere, aski gazterik hil zen Lois Pereiro ere (Monforte de Lemos, Galizia, 1958-Coruña, 1996), azken urteak hainbat gaixotasun larriren eraginpean eman ondoren. Koltza olioa kontsumitzeagatik intoxikatu zen 80ko hamarkadaren hasieran, eta ondorengo urteetan beste gaitz batzuek ere eraso zioten, hiesak batez ere.

«Dramatismoa eta indarra»

Joxemari Sestorainek (Leitza, 1960) Poesía última de amor e enfermidade (1992-1995) liburua euskaratu du, Pereiroren azken urteetako poemak jasotzen dituena, osasun arazoek gogor erasanda idatziak, izenburuak iradokitzen duen moduan. Pereiroren poemak lehenengoz irakurri orduko haien «dramatismoa eta indarra» harrigarriak iruditu zitzaizkion Sestoraini, hala kontatzen zuten errealitate gordinagatik nola poetak horretarako darabilen forma libre eta pertsonalagatik.

«Beste lan batzuetan ari banintzen ere, Pereiroren poemen itzulpenak bere lekua hartu zuen oharkabean», dio Sestorainek. Azken bi urteetan aritu da liburuko poemak itzultzen. Itzulpen lana egitean, hitz eta esaldi batzuen ulermen zehatza lortzea izan du zailtasunetako bat Sestorainek, eta horretan Maria Alonso Seisdedosen laguntza izan du. Argitaratu aurretik testua irakurri duten hainbat itzultzaile lagunek eman dioten laguntza ere ez du ahaztua.

Pereiroren liburuaren aurretik, Marti i Polen Marta maitea (Denonartean, 2011) eta Mircea Cartarescuren Erruletazalea (Denonartean, 2011) itzuli zituen. Poesia euskaratzean, ahozkotasuna erreferentzia garrantzitsu izaten da beti Sestorainentzat, eta hala gertatu da Pereiroren poemen itzulpenen kasuan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.