Heriotza da, aldez edo moldez, Tere Irastortzaren Mundua betetzen zenuten liburua hasi eta buka zeharkatzen duen elementu nagusia. Ez da heriotza poesiarako langai izan duen lehen aldia, baina bai, ziur aski, hain modu oso eta konstantean liburu guztian jorratua agertu den estreinakoa. Pamiela etxeko editore Jose Anjel Irigaraik aurkezpenean azaldu bezala, «heriotza hegan ageri da, baina, hala ere, bizi kantu bat da liburua, bere ibilbide osoko poemagintza bezala».
Heriotza konkretuek zedarrituriko liburua da, pertsona ezagunen heriotzak eragindakoa, baina, hala ere, ez du izen-abizenez pertsonalizatu nahi izan. Soilik amaren eta aitaren aipamena egiten du poema banatan. «Maite duen orok eta maitatua izan den orok sentitzen du galera bat heriotzan. Baina, era berean, heriotzak osatu egiten gaitu. Batzuetan pentsatzen dut ze zorte izan dudan hildako horiek ezagutu izanaz». Erlijioak pisua galdu duen garaiotan, «eta erlijioaren teorizazioak indarra galdu duen honetan», edertasunaren bilaketari —baita heriotzan ere— garrantzitsua irizten dio Irastortzak. «Edertasunaren bila joateak egiten du besteengandik gertuago egotea». Baina edertasun horren bilaketa ez du modu pertsonalean eta bakanean bakarrik ulertu nahi; horregatik, poemetako batzuk pluraleko lehen pertsonan idatziak ditu. «Pertsona bat hiltzen denean, ez da egoten baten mina bakarrik, eta sortzen dira hor beste komunikatzeko bide batzuk». Esaterako, heriotzaz idatzi duten beste zenbait egileren poemak irakurtzea; «Mallarme, Gandiaga, Rilke edota Szynborskarenak».
Gopurtzeko ondareak
Poema berriak idatzi ahala—2011koa du Eta orain badakit aurreko lana, Pamielarekin argitaratua hura ere—, duda sortu zitzaion liburu batean argitaratzea merezi zuen ala ez. «Heriotzari buruz hitz egiten dugunean, gure gizartean batzuetan fribolitate handiz hitz egiten da, eta, beste batzuetan, dramatismo eta tragizitate izugarri batekin. Iruditzen zait ez nuela tonu hori eman nahi. Ez nuen eman nahi poeta desesperatu baten irudia».
Ez zuen tragikotasuna azpimarratu nahi; heriotza eta bizitza, bizitza eta heriotza elkarri ezinbestean loturiko kontzeptuak balira bezala izendatu eta landu dituela, alegia, edo Irigarairen hitzetan esanik: «Bizitza dagokio heriotzari, eta heriotza bizitzari; eta ariketa poetiko bat gauzatzen du lotura horretatik, baina ez modu konkretuan. Solasean ari da norbaitekin, baina modu irekian, orokorrean, ulertzeko absentzia batek uzten dizun min lazgarria eta nola aurrera egin proposatuz, baina beti aurrera eginez».
Poemak idatzitako ordena berean kokatu ditu Irastortzak liburuan, eta, hala, lehenengoek heriotzaren «zartada edo inarrosaldia» azaltzen dute. «Poema espresionistagoak dira lehen zazpi-zortziak, egoera eta absentzia jakin bat azaltzen dutenak, gutako edozeinek sentituko zituenak maite dituenak hil zaizkionean. Heriotzaren ebidentzia horren adierazpenak dira». Gertuko baten heriotza bizitzea mendian galtzearekin parekatzen du Irastortzak, eta «orduan orientatu beharra dago berriz». Nola? «Momentu horretatik aurrera, beste prozesu bat dago», eta liburuan bertan lau ataletan banaturik ageri da prozesu hori, atal bakoitza zenbaki ordinal batez izendatua: 1, 2, 3 eta 4. «Zenbaki horiek euskaraz utzi dituzten aztarnak agertzen dira, grafikoki zer irudikatzen duten. Horiek kokatu egiten gaituzte berriro». Esaterako, har dezagun 2-ari dagokion testutxoa. «Bi batean lotu [batu] nahian, bigizta, txori bidean. Enarak argi-indar kableetan, hezurrean margotutako txoria, txanponak.... Bi-bi, bikorra, birikak, bihotza, belaunak, begiak eta bigantxa zelaian».
Heriotzaren esperientzia izatean «gauza guztiez zara kontzienteago», Irastortzaren iritzian. «Horregatik, poemotan ez dira soilik nire sentipenak azaltzen, baizik eta nirekin bizi izan direnek utzitako aztarnak, ondareak, ez bakarrik oroitzapenak. Gorputzean utzitako bizi bat. Bat-batean egiten zara kontziente zure hainbat keinu, eskuen mugimendu, gorputzaren pertzepzioak ez direla zureak, edo zureak direla beste batenak izan direlako». 80 poema inguru ditu liburuak, eta honela dio azken aleak: «Beste edozein modutan izan zitekeen dena,/ baina honela beharko zuen eta honelaxe izan da./ Eta honelaxe izan dela onartzen dut,/ orain./ Zuena da orain ere gure bizien gaineko eskumena —askatasuna—/dena izan dadin berriro behar duen bezala, eta ez edozein modutan nora-ezean/ galdu daitekeena».
Poema liburuak idatzi ditu batez ere Tere Irastortzak Gabeziak estreinakoa (1980) argitaratu zuenetik. Geroztik, beste hamar liburu etorri dira azkenengo honekin. «Poetika propio bat garatu du. Dohain berezia du bizitzaren momentu edo esperientzia bakoitzean hiztegi bat, mundu bat aurkitzeko», dio Irigaraik. «Gaur-gaurko da liburua, baina atenporala gisa berean».
Heriotza hegan, bizi kantu bat
Tere Irastortzak 'Mundua betetzen zenuten' poema liburua argitaratu du Pamiela etxearekin, bere ibilbideko hamaikagarrena.Tragikotasuna alboraturik, bizitzaren osagarritzat landu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu