Antzerkia

Heriotza eta zaintza aringarriak landu ditu La Dramatica Errante konpainiak ‘Adiorik ez’ antzezlanean

Maria Goirizelaiak idatzi eta zuzendu du lana, eta Patxo Telleriak euskaratu. Ostegunean estreinatuko dute euskaraz, Bilboko Arriaga antzokian. Gazteleraz ere emango dute, ostiralean eta larunbatean.

Ostegunean estreinatuko duten 'Adiorik ez' antzelanaren entsegua, Bilboko Arriaga antzokian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ostegunean estreinatuko duten 'Adiorik ez' antzelanaren entsegua, Bilboko Arriaga antzokian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko urtarrilaren 21a
16:50
Entzun

«Ez dakigu heriotza besarkatzen, bizitzaren parte ere baden neurrian, eta ikusleak horri buruz gogoeta egitera gonbidatzen ditu antzezlan honek». Maria Goirizelaia antzerkigile eta La Dramatica Errante konpainiako kideak heriotza eta zainketa aringarrietan jarri du arreta oraingoan Adiorik ez izenburuko antzezlana sortzeko, eta Donejakue bidea elkarrekin egitea erabakitzen duten aita baten eta alaba baten istorioa baliatu du horretarako. Gaixotasun larri bat du bietako batek, baina ikusleak ez du jakingo bietako zein den eri dagoena, eta lana aurkezteko antolatutako prentsaurrekoan ere antzerkigileak kontu handia izan du kontakizunaren misterio hori ez zapuzteko. Goirizelaiak idatzi eta zuzendu du lana, eta sei aktore izango dira oholtzan: Ane Pikaza, Aitor Borobia, Loli Astoreka, Patxo Telleria, Egoitz Sanchez eta Idoia Merodio. Bilboko Arriaga antzokiak ekoiztu du lana, eta ostegunean estreinatuko dute. Jatorriz gazteleraz idatzita egon arren, Telleriak itzuli du obra, eta euskaraz emango dute lehen-lehenik; eta gazteleraz ere taularatuko dute gero, ostiralean eta larunbatean.

Donejakue bideko aterpe batean, erdi lo, lo edo zuzenean zurrungaka azaldu dira aktoreak oholtzan, prentsaren aurrean aurkeztutako antzezlanaren lagin laburrean. Bidearekin jarraitu edo ez zalantzan dabil haietako bat, eta aurrera egiten jarraitzera animatzen dute lagunek. Zapata batzuk topatu, eta, eguna argituta, kemena bildu eta badoaz denak Zubirirantz (Nafarroa). Gimnasioko korrika egiteko zinta horietako batean oinez hasiko da orduan aktoreetako bat, eta, aldi berean, Orreaga (Nafarroa) inguruko basoen irudiak ere ikusi ahalko ditu ikusleak agertokian jarritako bi pantailatan proiektatuta. «Good morning!». «Egun on». «Buen camino». Baina kolpean, medikuaren kontsultan azalduko dira aita (Telleria), alaba (Pikaza) eta ama (Astoreka). «Badakit asimilatzeko zaila dela. Tratamenduak gaixotasuna geldiaraz lezake, baina...».

«Antzezlana gogorra den arren, eta hunkigarria izanik ere, ikuspegi oso-oso bitalista du lanak, eta umore asko ere badu»

MARIA GOIRIZELAIAAntzerkigilea

Eta, nolabait ere, bi paisaia horien artean egingo du aurrera antzezlanak. Batetik, Donejakue bidea. Eta, bestetik, gaixotasuna. Eta, Goirizelaiak azaldu duenez, bitasun hori da antzezlanaren muinetako bat ere. Batetik bizitza, eta bestetik heriotza. «Antzezlana gogorra den arren, eta hunkigarria izanik ere, ikuspegi oso-oso bitalista du lanak, eta umore asko ere badu».

Ikus-entzunezkoak

La Dramatica Errante konpainiaren laugarren antzezlana da Adiorik ez. 2017an sortu zuten konpainia, eta Federico Garcia Lorcaren Yerma antzezlanaren egokitzapenarekin hasi zuen ibilbidea. Altsasuko kasuan oinarritutako Altsasu antzezlana sortu zuten gero, eta Uruguain 1994ko Filtroko sarraskia hartu zuen abiapuntu Filtro antzezlana ontzeko. Montevideon estreinatu zuten azken lan hori iazko irailean, Txilen ere estreinatuko dute aste honetan, eta udaberrian helduko da Euskal Herrira.

Eta, oraingoan, laugarren obrarekin, Goirizelaiak onartu duenez, ikus-entzunezko lengoaia integratzeko saiakera izan da nobedadea. Gheada Estudioak eta Igor Gracia Piñasek grabatu dituzte irudiak, eta zuzendariak txalotu egin du haien lana. Goirizelaia: «Gogo handia geneukan ikus-entzunezkoekin lan egiteko eta irudi horien bidez Donejakue bidea bizitzaren metafora modura aurkezteko, haren edertasun eta haren gordintasun guztiarekin».

«Badaude gauza batzuk ikusleak ez dakizkienak eta antzezlanak aurrera egin ahala deskubrituz joango direnak» PATXO TELLERIAAktorea eta itzultzailea

Geldialdiz geldialdi, Donejakue bidearen ibilbidea egingo du antzezlanak, Orreagatik hasi eta Santiagoraino, eta han «amaiera katartiko bat» egongo dela iragarri du Goirizelaiak. Obra road movie moduko bat dela ere iradoki dute antzerkigileek horregatik. Ñabardura batekin. Patxo Telleria aktore eta itzultzaileak zehaztu duenez, lana bai baita road movie bat, baina «haren %3, %4 edo %5 thrillerra ere bada». Telleria: «Badaude gauza batzuk ikusleak ez dakizkienak eta antzezlanak aurrera egin ahala deskubrituz joango direnak».

Ane Pikaza aktorea, ezkerrean, ondoan, beltzez, Maria Goirizelaia antzerkigilearekin, eta aktore taldearekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ane Pikaza aktorea, ezkerrean, eta ondoan, beltzez, Maria Goirizelaia antzerkigilea eta aktore taldea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Ez lorerik, ez hiletarik, ez errautsik, ez tantan-ik ere». Ane Pikaza aktore eta La Dramatica Errante konpainiako kidearen osabak hitzez hitz eskaera horixe utzi zuen idatzita bere testamentuan, hil ondoren inolako omenaldirik nahi ez zuela adierazteko. Eta esaldi hori du titulutzat antzezlanaren gaztelaniazko bertsioak. Telleriak Adiorik ez esamoldearekin itzuli du euskarazko bertsiorako, eta, kontatu duenez, kalean erabiltzen den erregistrotik gertu dagoen euskara bat baliatu du itzulpenerako. «Euskara jasotik guztiz urrunduta», zehaztu du.

David Pascualek sortu du eszenografia, David Alkortarenak dira argiak, Ibon Agirrek landu du soinu espazioa, Ibon Belandiak konposatu du musika, Daniel F. Carrascok diseinatu jantziak, eta Alberto Ferrero izan da koreografoa. Konpainiak jakinarazi duenez, bestalde, Arriagako estreinaldiaren ondoren, beste 30 saio dauzkate baieztatuta jadanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.