Literatura. Haur eta gazte literatura. 'HERIOTZAK'

Heriori ziria sartu nahi

IMANOL MERCER0
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Egilea: Josu Waliño.

Argitaletxea: Elkar.

Euskal literaturan gehien jorratu den arloa ipuingintza izango da. Teknika eta baliabide narratiboen erakustoki aparta, Josu Waliño maiz ahalegindu da formatu horri zukua ateratzen; hain zuzen, Heriotzak bere ahalegin horren adibidea da.

Liburu honetan zumaiar idazlearen azken urteotako zortzi ipuinez osatutako sorta betea eskaintzen zaigu, denak hartzen dituen egitura narratibo nagusi batean josita.

Guztietan ere, heriotzari begiratzen zaio: Herio pertsonaia gisa, hiltzearen prestaketa, hilketa... haren presentzia handia da ipuin askotan, erabatekoa batzuetan eta zeharkakoa bakan batean (Hargin andaluza). Gai eta tonuari dagokionez, elkarrekin zerikusirik ez duten testuak agertzen dira, hala nola antiheroi maiteminduak, kritika soziopolitikoa darien ipuin erako kronikak edota Txirrita bertsolariaren anekdota asmatuak.

Hari nagusia erietxean azkenekotan den gizasemeak Herioren bisita jasotzen duenean abiatzen da. Heriorekin joateko garaia iritsi dela jakinik, heriotzari buruzko ipuinak elkarri kontatzeko gonbita eginez, luzamendutan hasten da protagonista, bere patua saihestu nahian. Hasieran Heriok jolasa onartzen du, eta elkarri hainbat kontu esaten dizkiote. Azkenerako Herio gogaitzen da, eta berekin eramaten saiatuko da. Lortuko al du Heriori izkin egitea?

Obra ez da lan originalez bakarrik osatua. Azken urteotako ipuin sariketetan nabarmendu dituzten lau ale daude tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.