Herio bizitzarantz makurtzea

Koldo Almandoz gidoigileak eta Aritz Trueba marrazkilariak 'Natasha' komikia osatu dute: bideo ezeroso bat zabaldu ostean herria utzi behar duen neska nerabe baten kontakizun «argitsua»

Farmazia Beltza argitaletxeak kaleratu du Natasha komikia. KOLDO ALMANDOZ/ ARITZ TRUEBA.
Inigo Astiz
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Heriotzarantz makurtutako errealitatea fikzioaren bidez bizitzarantz okertu nahi izan dute Koldo Almandoz gidoigileak eta Aritz Trueba marrazkilariak. Benetan gertatutako kasu bat dago Natasha komikiaren hondoan: herri kideek bideo ezeroso bat grabatu, telefonoz telefono zabaldu, eta, azkenean, presioa jasan ezinik, bere buruaz beste egiten amaitu zuen neska nerabe batek Gipuzkoako herri txiki batean. Eta, nolabait ere, estualdi hori gainditu ahal izan balu nerabe hari gerta zekizkiokeenak bildu nahi izan dituzte komikian. Itzalak ezkutatu gabe, baina argirantz jotzen saiatuz. Almandoz: «Horrelako gai dramatiko batekin, banuen gogoa zerbait argitsua idazteko, eta biktimizaziorik gabe. Kontatu nahi nuen hori gertatzen zaion pertsona batek aurrera nola egin duen». Ia berrehun orriko komiki liburua da fikziozko ariketa horren emaitza, eta Farmazia Beltza argitaletxeak kaleratu du.

«Alde batetik, komikia bada alemanek Bildungsroman deitzen duten hori», azaldu du Almandozek. «Iniziazio nobela baten modukoa da, nerabezaroa utzi eta gaztaro hasierako urte horiek jorratu nahi dituena: oso aro laburra baina intentsua da, deskubrimendu askokoa, eta hori nahi nuen landu fikziotik».

Legitimotasunaren aldarria

Eta fikzioaren legitimotasunaz gogoeta egiteko baliatu du haria egileak. «Niretzat errazagoa zen nobela mutil baten ikuspuntutik egitea, baina, bizi dugun garai honetan, nahi izan dut aldarrikatu hau fikzioa dela, eta fikzioa horretan ere badatzala». Eta gaineratu du: «Zeren eta orain oso modan dagoen legitimotasunaren gaiarekin, ni legitimatuta ote nago 20 urte inguruko nesken arteko istorio bat kontatzeko? Bada, gaur egungo ikuspegiaren arabera, igual ez, baina Patricia Highsmithek badu legitimotasunik Mr. Ripley idazteko? Nik saiakera egin nahi nuen inguruan dudan mundu hori kontatzeko. Batzuetan asmatuko nuen, eta beste batzuetan ez, baina bada dena legitimatzearen aurkako aldarrikapen bat ere».

Natasha izeneko pertsonaia da kontakizunaren motor nagusia, eta, batez ere, herritik alde egin osteko unibertsitateko lehen uneak kontatzen ditu komikiak. Baina garrantzi berezia dute haren inguruan dabiltzan pertsonaiek ere: Elena eta Ane pisukideek, nagusiki, baina baita herritik alde egin zuenetik segika dabilkion Julenek ere. Eta irudiekin ez ezik, haien hitz egiteko manerarekin ere jolastu dute egileek haietako bakoitza definitzeko: euskara hutsean ari da Natasha, esaterako, eta gaztelerarekin etengabe elikatutako euskara darabil Elenak. Euren nortasunaren, posizioaren eta jatorriaren isla ere badelako hizkera.

Almandozek azalpena: «Guk egin dugu komiki bat garaikidea, eta ikusiz inguruko jendeak nola hitz egiten duen. Ez genuen erakutsi nahi nolakoa nahiko genukeen errealitatea izatea, baizik eta nolakoa den. Lan honekin, guri ez dagokigu pedagogia egitea. Ikusten dugunean New Yorken kokatutako film bat eta Puerto Ricoko azentuarekin hitz egiten dutenean gustatzen zaigu, edo egiten denean pelikula bat Arabako euskara zaharrean, ikaragarria iruditzen zaigu, duela bi mendeko euskara delako. Bada, hori da gaur egungo euskara, toki batzuetan eta jende batzuentzat, gustatu ala ez, eta hori islatu nahi izan dugu».

Almandozi komikigintza ez zaio arrotza, baina zinemagintzarekin lotu ohi da haren izena estuen. Eta, kasu honetan ere, film izatekoa zen Natasha ere, hasieran. Prest zuen gidoia, eta lana mugitzen laguntzeko marrazki gutxi batzuk ere egin zizkion Truebak. Ez zuen pantailetara heltzeko modurik izan, ordea, eta orduan egin zion proposamena Truebak. «Burumakur ikusi nuen paseoan, galdetu nion ea proiektua nola zihoan, eta esan zidan ez zuela aterako zenik uste. Komikia egingo genuela esan nion, eta begiradan ikusi nion bonbilla piztu zitzaiola».

Buyan komikia argitaratu berri zuen orduan Truebak, Martin eta Xabier Etxeberria anaiekin, eta lan harekin ikasitako guztia lantzeko gogoz ere bazebilen marrazkilaria. Aspaldiko ezagunak dira Almandoz eta bera, gainera. Arituak dira elkarrekin proiektu batean baino gehiagotan, eta bizilagunak izan dira urte luzez. Atez ateko bizilagunak.

Hantxe egin dituzte komikia lantzeko bilkurak. Ostiraletan. Eta Truebak onartu du «komiki forum» moduko bat bilakatzen zitzaizkiela saio horiek. Elkarri liburuak pasatu, gidoia komiki nola bilakatu eztabaidatu, eszenak eraiki, pasarte bati edo besteari buruz aritu... «Oso ekintza komunikatiboa izan da», onartu du. «Laborategi bat izango balitz bezala izan da».

Akzioa eta atsedena

Gidoia irakurritakoan, kontakizuna estatikoegi geratzea zen Truebaren beldur nagusia, eta horri kontra egitea izan da lanik handiena. «Oso emozionala da lana, eta oso garrantzitsua izan da aurpegien espresioa ongi lantzea», hasi du azalpena marrazkilariak. «Solasaldi asko ditu lanak, eta, hori arintzeko, joko grafiko eta aurkezpen bisual narratibo originalak sortu behar izan ditugu». Eta jarraitu du gogoetak.«Eta, gero, badago maiz ahaztu egiten zaigun gauza bat ere: komikiaren erritmoa. Orriak gehituz eta gehituz joan zaitezke, baina behar ditu kontakizunak atseden une batzuk ere».

Eta, ia hitzik gabe, Elenak eta Natashak itsasora biluzik egiten duten lau orriko murgilaldia jarri du Truebak horren adibidetzat. Argi une bat, itzalak ezkutatzeko lanik hartu beharrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.