Herguera eta Camborda, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian

Coixetek ere Donostiako 71. Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztuko du 'Un amor' filma. Zabaltegi-Tabakaleran izango dira Gorostidiren 'Contadores' eta De Sosaren 'Mamántula'

Isabel Hergueraren El sueño de la sultana filma. SULTANA FILMS.
Andoni Imaz
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak agerraldi bat egin zuen atzo, Madrilen, irailaren 22tik 30era artean jaialdian izango diren hamalau lan aurkezteko, «Espainiako ekoizpenak»: bederatzi film luze, film ertain bat, labur bat eta hiru telesail. Tartean dira euskal herritarrek zuzenduriko batzuk—euskarazkorik ez—: Isabel Herguera donostiarrak Sail Ofizialean aurkeztuko du El sueño de la sultana animaziozko filma, bere lehenengo luzea; Jaione Camborda —donostiarra sortzez; Galizian bizi da aspaldian— galizierako O corno lanarekin ariko da lehian.

Herguerak ibilbide oparoa egin du animazioan. Haren La gallina ciega (2005), Ámár (2010) eta La tumba del marinero (2014) laburrek, besteak beste, sari ugari lortu dituzte. El sueño de la sultana Begum Rokeya Hossain idazle bangladeshtarrak 1905ean argitaratutako ipuin baten moldaketa da; Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko den Europako lehen animaziozko lana izango da. 2Dko animazioa landu dute, batez ere akuarelarekin, eta zenbait pasarte beste teknika batzuekin; esaterako, hennarekin.

O corno Cambordaren bigarren film luzea da; Arima lehen lanak (2019) harrera ona izan zuen jaialdietan. Erditzeetan laguntzen aritzen den emakume baten istorioa kontatzen du. «Gertaera ikaragarri baten ondoren, bizi den uhartetik ihes egin beharko du», sinopsiaren arabera.

Euskal Herriko beste bi ekoizpen ere izango dira jaialdian, oraingoz. Biak, Señor y Señora etxeak ekoitziak: Irati Gorostidiren Contadores, Cannesko Kritikaren Astean estreinatu zuten laburra, zinemagilea lantzen ari den Anekumen film luzerako lehen urratsa; eta Ion de Sosaren Mamántula film ertaina. De Sosa, lan batzuk zuzendu dituen arren, gehiago aritu da argazki zuzendari; besteak beste, Contadores-en bertan. Bi filmak Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko dira.

Gainontzean, Sail Ofiziala itxuratzen ari da pixkanaka. Isabel Coixetek Un amor erakutsiko du han, Sara Mesaren izen bereko nobelan oinarritutako lana. Coixet lehen aldiz izango da Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian. Donostiako Zinemaldian eman zuten bere lehen lana, Demasiado viejo para morir joven (1988), Zuzendari Berriak sailean, eta geroztik Berlinen aurkeztu ditu film gehienak (Mi vida sin mí, 2003; Nadie quiere la noche, 2015; La librería, 2017...).

Lehen izenak beste sailetan

Animaziozko beste lan bat ere emango dute Sail Ofizialean, lehiaz kanpoko emanaldi berezi batean: Fernando Truebaren eta Javier Mariscalen They Shot the Piano Player. Bigarrenez lan egin dute elkarrekin, Chico & Rita-rekin (2011) hamaika sari irabazi eta gero. Tenorio Jr. musikari brasildarraren eta bossa nova mugimenduaren inguruko film bat da.

Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo emango dute, halaber, Javier Ambrossi eta Javier Calvo Los Javis bikote artistikoaren La Mesías telesaila, zazpi atalekoa. Thriller familiar bat da, esan dutenez. Aurretik, Paquita Salas (2016), La Veneno (2020) eta Cardo (2021) telesailak zuzendu dituzte, baita La llamada filma ere (2017).

Gorostidiren eta De Sosaren filmez gain, Zabaltegi-Tabakalera saileko lehian izango diren beste bi lanen berri ere eman dute. Bata, Alberto Martin Menachoren Antier noche lehen filma, Ikusmira Berriak programan garatu, eta Visions du Reel jaialdiak estreinatu eta gero. Bestea, Cannesko Zinemaldian Urrezko Kamera eskuratu berritan, An Tham Thien Bén trong vo ken vang (Inside the Yellow Cocoon Shell).

Zuzendari Berriak sailean, Javier Macipe espainiarrak La estrella azul bigarren film luzea estreinatuko du, Mauricio Aznar musikariaren inguruan sorturiko fikziozko lan bat.

Oraingoz, bi argentinarrek parte hartuko dute Horizontes Latinos-en. Martin Benchimolek El castillo dokumentala aurkeztuko du, bakarka egindako lehena; Dolores Fonzi aktorea (El aura, Truman, Paulina) estreinakoz aritu da zuzendari, Blondi filmean.

Belodromoan, Zinemaldiko aretorik handienean, bi telesail estreinatuko dituzte: C. Tanganari buruzko Esta ambición desmedida eta Berto Romerok sortutako El otro lado.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.