Literatur uzta 2022an

Herensugeak eta zerriak

Pello Añorgaren 'Din dilin dan' eta Patxi Zubizarretaren 'Zerria' nabarmendu ditu aurtengo uztan Imanol Mercero haur eta literatur kritikariak, besteak beste

itziar ugarte irizar
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Orotara, 305 argitalpen zenbatu zituen iaz Imanol Mercero BERRIAko haur eta gazte literaturako kritikariak, eta koska bat azpitik gelditu da aurten zenbaketa. 281 lan izan dira denera, horietatik 90 jatorriz euskaraz onduak, baina puskaz gehiago kanpoko literaturetatik ekarriak, 191. Beste alde nabarmen —eta ohiko— bat ere utzi du uztak: haurrei zuzenduak izan dira lan gehien-gehienak (253), eta parte txiki bat baino ez gazteei bideratuak (28). Bien arteko muga non den galdetu du, bide batez, kritikariak. «Trantsizio aroa izanik, ezinezkoa da gazte literatura bat eta bakarra balitz bezala hartzea».

Errepikatu den beste joera bat album ilustratuen nagusitasuna izan da. Horietako askotan, «asmo literarioa» bainoago, bulkada lezio emailea sumatu du Mercerok. Baina, hortik urrun, literatura «molde berrietara» gerturatzeko saioak ere antzeman ditu aurten. «Dela artera hurbilduta (Ahizpari gutuna. Mari Paz Jimenez eta pintura, Elena Olabe eta Irrimarra, Pamiela), dela linealtasuna apurtzen duten jolasengatik (7G: Udalekuak, Nerea Loiola, Erein), dela grafismoarengatik (Oharra, Pilar Serrano, Pamiela), dela baliabide multimediengatik (Din dilin dan, Pello Añorga, Denonartean)».

Haur eta gazte literatura estreinakoz ondu duten egileak ere izan dira aurten —Garazi Basterretxea, Amaia Elizagoien, Iker Urdangarin, Haritz Larrageta, Andoni Olaetxea, Urko Egaña, Nahikari Gabilondo eta Malen Etxebeste—, eta 1545 argitaletxe berriaren ekarpena ere izan du gogoan kritikariak.

Ondorengo hauek dira aurtengo sortatik kritikariak azpimarratu dituenetako batzuk:

NARRAZIOAN NABARMENDUAK

'BOTOITXO'
Anjel Lertxundi.
Erein.
«Prosa leunean idatzirik, haur batek hausnarketa egiten du iraganaz, orainaz eta geroaz, bere biografian ezinbestekoa izan zen inguruko heldu baten bidez».

'HERENSUGE'
Juan Kruz Igerabide. Denonartean.

«Euskal kulturan izaki mitologiko horrek izan dituen errepresentazioak aztertzen dira; atal batzuk azalpenezkoak dira, nahiz eta ipuinen estilo narratiboa erabili; beste atal batzuk etnografoek bildutako ipuinen sintesiak dira, bertsio berregokituetan».

'IRAKURTZEN EZ ZEKIEN ZAKURRA'
Koldo Izagirre. Erein.


«Irrazionalaren eremuan kokatzen den testu bat da, eta bi ardatz paralelotan garatzen da kontakizuna: batetik, Naroa protagonistaren 'liburuek planeta hondatzen dute' baieztapena ulertzeko irakurleari emandako pistak daude; bestetik, galdutako zakur batekin josten den kontaketa. Naroak liburuek planeta hondatzen dutela zergatik oihukatzen duen, haren obsesio hori da amua. Zakur galduaren bilaketak ematen dio mugimendua kontakizunari; besteak beste, topatutakoa ez delako zakur galdua, kaleko zakurra baizik».

'MUNDUARI BIRA EMAN ZION ONTZIA'
Joseba Sarrionandia. Pamiela.


«Juan Sebastian Elkano nabigatzailearen mundu bira azaltzen da, perspektiba subjektibo batetik: amonak bilobari kontatzen dizkio balentria haren zer-nolakoak, fokua kulturan eta herritar xumeen bizipenetan jarrita, eta kritikatuz epika handinahiak».

'ZERRIA'
Patxi Zubizarreta. Erein.

«Argitu beharreko iraganeko heriotza batzuekin kateatuta, protagonistak eta bere lagunek beste garai batzuetako usadioak, abenturak eta gertakizun lazgarriak deskubritzen dituzte. Ikerketak thriller formatua du, narrazioak duen informazioa emateko moduagatik, eta amaiera arte gordetzen duenagatik».

POESIAN NABARMENDUAK

'DIN DILIN DAN'
Pello Añorga. Denonartean.


«Haur txikienekin partekatzeko testu bilduma zabala da, 174 testu biltzen dituena, eta beste hainbeste bideoren lotura duena. Liburuxka apala da fisikoki, esku ahurrean ia osorik kabitzen dena, eta mardultxoa, hori bai, bere 244 orrialderekin.

Barruan dakarren guztia ez dago antzematerik: ikaragarria da, kopuruz eta kalitatez. Esaterako, bertan topatuko ditugu mina kentzeko konjuruak ('Madarikazio, madarikala, tripako mina goxa dezala'), zotz egiteko formulak ('Ferrela-merrela, goporra-mokorra, xikitun-xakatun, fuera') eta Gabonetakoak ('Eguberri, eguberri, erre eguzki zaharra eta jaio berri')».

'ZERGATIK NAGO MUNDUHONETAN?'
Malen Etxebeste Lekuona. 1545.


«Liburu hibridoa da, poesia, ipuina eta azalpen testua barnebiltzen dituena. Autoreak 11 urte zitueneko testuen berreskuratze lana da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.