Musika

Herenegun, Antigua auzoko doinuak hedatzen

'Bi mundu' diskoa kaleratu du taldeak. Ska, reggae eta rock doinuak lantzen dituzte, baina ez diote etiketarik ezarri nahi euren musika estiloari.

Herenegun taldeko bederatzi kideak. HERENEGUN
Herenegun taldeko bederatzi kideak. HERENEGUN
urko iridoy alzelai
2024ko martxoaren 23a
05:10
Entzun

Donostiako Antigua auzoan sortu zen Herenegun taldea, Antigua Luberri institutuan zehazki. Bederatzi gaztek osaturiko taldea da: bi abeslari, bi gitarrista, baxu jotzaile bat, trikiti bat, eta haizezko instrumentuetan saxofoi bat, tronpeta bat eta tronboi bat. 2015ean elkartu ziren, Donostiako Aste Nagusiko kontzertuak ikusi ondoren, haiek oholtza gainean egoteko nahia izan zuten eta. Musika jakintza gutxirekin elkartu ziren hasieran sei lagun, eta, gaur egun, bi disko kaleratu dituzte jada. Bi mundu deitzen da azkena.

Bertsioak jotzen zituzten hasieran. «Berbena baten antzekoak ginen, bertsioak jotzen genituen, eta hori jendeari beti gustatzen zaio. Herri bateko festetara joan eta Barricadaren No hay tregua jotzen baduzu, badakizu jendeak kantatuko duela, arrakasta edukiko duela», esan du Jon Oiartzabal taldeko gitarristak. Baina luzera begirako proiektu moduan, kanta propioak sortzea bilakatu zen taldearen helburu. «Pentsatu genuen itzela izango zela festa batera joatea, eta gure kantekin jendeak disfrutatzea, gure letrak kantatzea». Lehenengo diskoa, Zer dakarren izenekoa, 2020. urtean kaleratu zuten, pandemiak emandako denbora aprobetxatuz. Lehenengo diskoa «sinplea» zela esan du Oiartzabalek: «Lehenengoa dela nabaritzen da. Abesti eta letra aldetik, bai mezuak eta baita melodiak ere askoz errazagoak dira, ez txarrak, baina bai oinarrizkoagoak».

«Mezu sakonagoak dira bigarren lanekoak. Normalean garrantzia ematen diegu letrei, sentimendu edo ideia bat aditzera emateko forma bat dira-eta. Gainera, Euskal Herrian historikoki aldarrikapenez bete izan da musika».

JON OIARTZABALHerenegun taldeko musikaria

Aurreko urteko azaroan kaleratu zuten bigarren bilduma: Bi mundu. Oiartzabalek uste du bi diskoen arteko denboran taldeak eta musikariek «garapen» bat izan dutela, eta hori diskoan entzun daitekeela. «Mezu sakonagoak dira bigarren lanekoak. Normalean garrantzia ematen diegu letrei, sentimendu edo ideia bat aditzera emateko forma bat dira-eta. Gainera, Euskal Herrian historikoki aldarrikapenez bete izan da musika». Taldeak ildo narratibo bat txertatu nahi izan dio lan berriari. Gitarristak esan du aginduan daudenen berekoikeria salatu nahi izan dutela abestien bidez, haien interesak «besteen aurretik» jartzen baitituzte «beti».

Gaur egun pil-pilean dauden hainbat gai jorratu ditu taldeak diskoan, hala nola migrazioa. «Gabon kantuan, taldeak gertukoa duen pertsona baten istorioa kontatzen dugu. Gabondik iritsi zen pertsona hori, eta Donostian bizi izan zen, kalean, gure gertuko beste pertsona batek etxean hartu zuen arte». Afrikatik Europarako migrazioak eragindako mafia eta negozioak kritikatzen ditu abestiak. Kantu horren harira, musika taldeak haratago eraman nahi izan zuen migrazioari egindako kritika: «Ekarpen bat egin nahi genuen, ez genuen nahi dena soilik kanta batean gelditzea. Horregatik, hainbat aukera proposatu ondoren, kantaren irabaziak Zaporeak elkarteari ematea erabaki genuen».

Ska eta reggae soinuak jo izan ditu Herenegun taldeak bere ibilbidean, baina azken diskoan rockak nagusitasun handia hartu du. Horrez gain, Oiartzabalek esan du pop ukituak ere badaudela Bi mundu diskoan. «Ska, reggae eta rock inguruetan mugitzen gara, baina ez dira gure taldearen ezaugarriak. Musika egin nahi duen lagun talde bat gara, ez ska edo reggae talde bat. Nork daki, agian hirugarren diskoa punk, metal edo reggaeton soinuekin beteko dugu; ez dugu generorik zehaztu». Euskal musikako bi kanta nabarmen aurki daitezke diskoan: Aldapeko kanta herrikoia eta Mikel Laboak sortutako Negu hurbilak. Beren estilora moldatu dituzte biak.

Antiguako doinuak

Donostiako Antigua auzoko festen kanta sortu eta kaleratu zuen Herenegunek, Indabe eta Oihu taldeekin batera. Auzoan txikitan bizitako momentu eta bizipenak oroitarazten dituzte hiru taldeek kantuan. Baina, lehenagoko denbora on haiei kontrajarriz, gaur egun auzoak bizi duen egoera salatu nahi izan dute taldeek. «Metroa iritsi zen, kioskoa bota zuten, hotelez josi dituzte gure kaleak» kantatzen dute Herri izaera abestian, Donostiako hiriari kritika eginez.

Aste Nagusian jotzeko nahiarekin sortu zen taldea, eta aurreko urtean nahiak errealitate bilakatu ziren. Donostiako Piratek antolatutako portuko kontzertuetan jo zuten. «Ametsa egia bihurtu genuen». Hala ere, gitarristak adierazi du oraindik helburu gehiago badituela taldeak, hala nola «jaialdi batean jotzea». Bi mundu diskoko doinuak entzuteko aukera izango da bihar, Alegiako (Gipuzkoa) gaztetxean. Horrez gain, kontzertu bira bat emango du taldeak, besteak beste Intxaurrondoko, Hernaniko eta Hondarribiko oholtzetan. Data guztiak taldearen sare sozialetan ikus daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.