Literatura

Hemingway euskal ikerlarien ikuspegitik

'Ernest Hemingway eta Euskal Herria' kongresuan elkartu dira idazlearen figuran eta obran adituak diren nazioarteko hainbat ikerlari. Iztueta eta Cresporen ustez, Pio Barojaren narrazio batek eragina izan zuen harengan.

Edorta Jimenez, Josu Jimenez eta Ibai Iztueta, Hemingwayri buruzko hitzaldiaren aurretik, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Edorta Jimenez, Josu Jimenez eta Ibai Iztueta, Hemingwayri buruzko hitzaldiaren aurretik, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko uztailaren 16a
06:00
Entzun

Ernest Hemingway Euskal Herriaz, ala Euskal Herria Hemingwayz: ezin da jakin nor maitemindu zen lehenago. Idazle estatubatuarrak maiz bisitatu zuen Euskal Herria, eta horren aztarnak agerian utzi zituen zenbait lanetan: besteak beste, Fiesta: Eguzkia jaikitzen da eleberrian (1926). Baina bisita horiek ere utzi zuten arrastorik harengan. Hori da, behintzat, Ibai Iztueta eta Cira Cresporen hipotesia: Hemingwayk Indian Camp (1924) idazlana Pio Barojaren Noche de médico (1900) kontakizunean oinarritu zuela uste dute bi ikerlariek, eta hala azaldu dute egunotan Donostian egiten ari diren Ernest Hemingway eta Euskal Herria kongresu akademikoan.

Mundu osoko 250 ikerlari eta zale elkartu ditu kongresuak Euskal Herrian. Igandean hasi zen, Donostian, eta gaur izango dute azken eguna Kursaalean; bihar, Guardiara (Araba) egingo dute bidaia; eta Bilboko Carlton hotelean jarraituko dute etzitik larunbatera bitarte. Orotara, 50 adituk Hemingwayren bizitzarekin eta obrarekin lotutako ikerketa akademikoak aurkeztuko dituzte, gaiaren inguruan egindako aurkikuntzak gizarteratzea baitu xede Ernest Hemingway Society elkarte antolatzaileak.

Euskal ikerlariak ere badira parte hartzaileen artean. Ibai Iztueta Kognizio Zientzien eta Giza Zientzien adarrean doktoreak eta Cira Crespo Historian doktoreak gaiari buruzko ikerketa bat landu dute, eta bien hipotesia aurkeztu du Iztuetak —Crespo ez da hitzaldian izan—; hau da, Hemingwayk Pio Barojaren kontakizun bat hartu zuela ardatz bere idazlanetako batean. Edorta Jimenez idazleak, berriz, Gernikako bonbardaketa hartu du hizpide, eta Hemingwayk gertakari historiko harekin izandako harremana azaldu. Segidan, Josu Jimenez poetak Hemingwayren poesia aldarrikatu du. Iñaki Sagarna kongresuko zuzendari teknikoak gidatu du hitzaldi sorta.

'Indian Camp'-en iturburu posible bat

«Gure proposamena susmo honetan datza: Ernest Hemingwayren Indian Camp kontakizun kanonikoaren jatorrian Pio Barojaren [Vidas sombrías liburuko] Noche de médico kontakizuna dagoela», esanez hasi du hitzaldia Iztuetak. Bi kontakizunen arteko antzekotasun eta paralelismoetan oinarritu dira bi ikerlariak hori esateko, eta lau zantzu izendatu ditu Iztuetak: harremana, posibilitatea, aurrekaria eta koherentzia.

«Harremana» aipatzean, Hemingwayren eta Barojaren arteko laguntasuna ekarri du gogora. Hizlariaren esanetan, elkar ezagutzen zuten, baita elkar miretsi ere: «Hemingwayk bisita egin zion Madrilen hil hurren zetzan Pio Barojari, eta, besteak beste, Farewell to Arms eleberriaren kopia bat eraman zion». Hemingwayk bere kontakizuna idatzi aurretik Euskal Herrian egon izanak heltzen dio «posibilitatearen» oinarriari. Barojaren Vidas sombrías 1900ean argitaratu zela azaldu du Iztuetak, eta 23 urte geroago berrargitaratu egin zutela. Hemingwayk, berriz, 1923. urte amaieran edo 1924.aren hasieran idatzi zuen Indian Camp.

«Aurrekaria» kontzeptuaren muinean, Edwin S. Gleavese ikerlariak 1971n argitaraturiko Hemingway and Baroja: Studies in Spiritual Anarchism ikerketa dago. «Artikuluan argi uzten du Hemingwayren Farewell to the Arms eleberriaren amaierako pasarte bat eta Barojaren Jakintzaren arbola eleberriaren amaierako pasarte bat bikiak direla», adierazi du Iztuetak. Eta «koherentzia», azkenik, Pio Barojak Noche de médico kontakizunean lantzen dituen gaiak bat datozelako Hemingwayren obren izaerarekin, ikerlariaren ustez.

Bi testuen arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak aurkeztu ditu hizlariak segidan. Abiapuntua eta garapena «oso antzekoak» dituztela esan du: «Gaueko kontakizunak dira, eta bi kasuetan erditzen laguntzera doan mediku bat ageri da». Dena den, amaiera ezberdina dute. Barojaren narrazioan «bakea» nagusituko da, medikuaren jakinduriari esker bi bizitza nola salbatzen dituen kontatzen baitu. Hemingwayren kontakizunak, ordea, amaiera «tragikoa» du.

Nolanahi ere, galdera bat egin diote bi ikerlariek beren buruari: «Zergatik interesatu zitzaion idazle anglosaxoiari erditze batean parte hartzera doan medikuaren kasua?». Eta Iztuetak berak erantzun du: «Koherentziagatik, gure ustez. Hemingwayri bizitzeko kemenaren auzia interesatzen zitzaion. Eta, hala, sentsibilitatea zeukan ertzeko eta mendeko ziren sistemetan. Kemena balioz kargaturik antzematen zuen errealitate ez-hegemonikoetako indibiduoetan agertzen zitzaionean». Hizlariak gaineratu du Noche de médico istorioan agertzen diren euskaldunek bide eman ziezaioketela Hemingwayri genero, nazio eta arraza zapalkuntza pairatzen duten norbanakoez hausnartzeko.

Gernika eta poesia

Literaturaren arloan sakondu du Josu Jimenezek ere, baina idazlearen poemak aldarrikatu ditu: «Hemingway maite eta ezagutu nahi dugunok haren poemak ere ezagutu beharko genituzke». 88 olerki osatu zituen, baina, hizlariaren ustean, ez zuen ahalegin «handirik» egin bere burua poeta gisa ezagutarazteko. Hala, Jimenezek berak euskaratutako hainbat poema irakurri ditu. Poesia errezital baterako gonbita ere egin du: Aribeko bainuetxean (Nafarroa) elkartuko dira uztailaren 28an, eta omenaldi bat egingo diote bertan.

Haren aurretik, Edorta Jimenezek Gernikako bonbardaketarekin lotu du Hemingway. Hain zuzen, bonbardaketa gertatu zenean Gernikan zegoen Andres Untzain Saseta batailoiko apaiza lagun izan zuen idazleak, eta haren bidez izan zuen han jazotakoaren berri. «Ez zen izan amerikarrak Gernikan gertatuak ezagutzeko ukan zuen bide bakarra, egia; bai, ostera, zuzenena eta biziena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.