Aurrera egiteko bide apetatsuak topatzen ditu denborak, tarteka. Hemezortzi urte beteko ditu aurten ACT Eszena Berritzaileen Nazioarteko Jaialdiak, adibidez, sortzaile hasiberrien eszenarako piezak taularatzen, gehienez ere ordu erdiko iraupena dutenak. BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiko kideek jarri zuten abian asmoa,eta nazioarteko oihartzuna lortu du deialdiak urteekin. Atzo hasi ziren emanaldiak, eta, larunbatera bitarte, guztira, hamabost pieza taularatuko dituzte Bilbon eta Barakaldon (Bizkaia), eta Italiako, Kataluniako, Austriako, Koreako, Greziako, Esloveniako zein Euskal Herriko hainbat artistaren lanak ikusteko aukera eskainiko du programak. Performance gisakoak dira batzuk, dantza emanaldiak besteak, antzerki fisikoa lantzen dutenak badira, bada testua oinarri duen emanaldirik ere, baina guztiak dira eszenarako lan laburrak, eta guztiak dira sortzaile hasiberriek sortutakoak.
2004an antolatu zuten lehen jaialdia, baina, Joseba Lazkano zuzendariak onartu duenez, orduan ez zuten pentsatzen iritsi diren bezain urrun iritsiko zirenik. «Txikiagoa eta hurbilagoa espero genuen jaialdia hasiera hartan, Europako sortzaileekin bai, baina urteekin asko hedatu da, eta izen handia hartu du». Zergatia zein izan daitekeen ere azaldu du. «Jaialdi berezia delako da; hasiberrientzakoa da, eta, ondorioz, jende askorentzat bere lana erakusteko lehen aukera da. Eskaera asko jasotzen ditugu, gainera, eta, beraz, ez da erraza jaialdian sartzea, eta, sariren bat irabaziz gero, bultzada handia dakar taldeentzat».
Aurten, esaterako, 600 eskaera aztertu ostean apartatu dituzte jaialdiko programazioa osatzen duten lanak. Gehiago ere taularatzeko asmoa zutela azaldu du Lazkanok, baina, pandemiaren eraginez, nazioarteko hainbat talderi ezinezko suertatu zaie bidaiatzea.
Iaz, jaialdiko sari nagusia lortu zuen Melena Androide konpainiaren Miau miau lanaren estreinaldiarekin abiatu zen jaialdia atzo Barakaldo Antzokian, eta, hurrengo egunetan, Campos Antzokian, BBK Aretoan, BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegian zein Barakaldoko Zirkodromoan egingo dituzte emanaldiak.
Tiroak eta leherketak
Aitor Vinagret aktorearen hamabost minutuko Arma tiro pum izango da aurten ikusi ahalko den Euskal Herriko pieza bakarra. Vinagret bakarrik izango da eszenan ikuskizunean, eskuetan pistola, eskopeta edo metraileta modura darabilen patinete bat duela, tiro, leherketa eta suntsipen onomatopeiak eginez. Gaur izango da saioa, Bilboko Campos antzokian, eta saio berean ikusi ahalko dira Madrilgo Frequensi dantza konpainiaren Culpabilidad, eta Bellanda konpainia eta Giovanni Gava L. sortzaile italiarren Sono solo tuo padre lanak ere.
Bost sari daude jokoan, guztira. ACT jaialdiko sari nagusia irabazten duenak 2.000 euro jaso, eta Euskal Herrian egonaldi artistiko bat egiteko aukera izango du. Ikuskizunik onenarena, dramaturgia onenarena, zuzendaririk onenarena eta jokalaririk onenarena ere ematen dituzte, eta egoitza artistikoa egiteko aukera jasotzen dute sarituek, kasu horietan.
Larunbatean jakinaraziko dituzte irabazleen izenak, Bilboko BBK aretoan, eta bi ikuskizun taularatuko dituzte. 2019ko jaialdian sari nagusia eskuratu zuen City of Women konpainia esloveniarraren Sonny, eta iazko jaialdiko sari nagusia lortu zuen Mucha Muchacha madrildarraren Volumen emango dituzte itxiera ekitaldian.
Euskarazko, gaztelerazko zein inglesezko azpidatziekin emango dituzte piezak, eta 10 euroren truke lortu ahalko dira sarrerak.
Hemezortzi urte iraupen laburreko
Sortzaile hasiberrien eta ordu erditik beherako iraupena duten hamabost lan taularatuko ditu ACT jaialdiak Bilbon eta Barakaldon egunotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu