Garazi Pascual. Kable gaineko dantzaria

«Hemen, zirku mundua irekiera eta eraikuntza momentuan dago»

Afizioaren eta ofizioaren arteko orekan dihardu, kable gainetik. Gure Zirkuan ezagutu du askok. Bakarkako proiektua aurkeztu zuen uztailean; beste bat ari da prestatzen Markeliñerekin. Baikor begiratzen dio zirkuaren etorkizunari. Bideoa, elkarrizketaren amaieran.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Aduna
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Asvinenea pabiloiko (Aduna, Gipuzkoa) ateak zabalik daude. Udazkeneko eguzki freskoa kanpoan, musika beroa barruan. Eta oholtza, fokuak, DJ-txotxongilo txokoa, sukaldea, tabernako barra, goiko kamerinoa, bulegoa, zirkularien lanabesak... Eta Garazi Pascualen (Lastur, Gipuzkoa, 1989) kablea, erdigunean. Zorura ongi iltzatua. Gure Zirkuan eta bakarkako emanaldietan ohi baino gertuago lurretik. Airean, hala ere. Entrenamenduetarako. Entseguetarako, nahiago bada. Oraingoan, argazkietarako igo da hari metalikora. Pala formako orekagailua —berak egina da— eskuan, jauzi, lasterkaldi, espagat, izerdi. Dantzan ari da. Gehien maite duena horixe omen da. Goikola baserriko alabak. Batxillergoa bukatzen ari zela Iruñean zirku eskola bat bazela entzutean argia ikusi zuenak.

Nola hasi zenuen zirkurainoko bidea?

Gurasoak gaztaginak nituen, eta haiekin joaten nintzen Erdi Aroko azoketara gazta saltzera-eta. Azokotako musikariekin eta malabaristekin aritzen nintzen, diaboloarekin-eta jolasean. Eskolan, soinketan bakarrik nabarmentzen nintzen, eta, batxillergoa bukatzear nintzela, ahizpa etorri zitzaidan behin esanez Iruñean bazela zirku eskola bat, Oreka izenekoa. Sekula joan gabea nintzen zirkua ikustera, baina eskola hartara joatea erabaki nuen.

Zer zenekien zirkuaz?

Ez nuen ezagutzen. Ezta telebistaz ere, baserrian ez baikenuen telebistarik. Uste dut umetako azoka giro horretan hartu nuela ikuskizunaren eta artearen lehen zentzua. Ez nekien non sartzera nindoan, ezta ezertarako gauza izango nintzen ere.

Ikasketa bide luzea hasi zenuen orduan.

Bai. Iruñean urtebetez egon nintzen diziplina guztiak lantzen: aireko zein lurreko akrobaziak, dantza garaikidea eta klasikoa, interpretazioa, clowna, oreka... Murgiltzeko oso ona izan zen. 18 urte nituen.

Iruñetik Italiara joan zinen.

2009an. Italiako eskolan [Turingo Vertigo], diziplina guztiak probatzen eman genituen lehen bizpahiru hilabeteak, bat aukeratu ahal izateko, eta, konturatzerako, kable gainean nintzen. Ordutik, kable gaineko oreka da nire diziplina. Ez zen erabaki arrazional bat izan. Gorputzak esan zidan hor banuela aukera, eta halaxe hasi nintzen.

Eta kable gainean dantza egitearena, erabaki arrazionala izan al zen?

Ezta hori ere. Musika lagun ikasten genuen beti, eta, konturatzerako, musikaren erritmoan ari nintzen lanean. Irakasleak, hala ikusi ninduenean, galdetu zidan: «Ba al dakizu kable gainean dantza egin dezakezula?». Hark esan arte ez nintzen horretaz jabetu. Ordutik, dantza egiten dut kable gainean. Eta urteekin konturatu naiz benetan gustatzen zaidana dantza dela, mugimendua.

Italian urte batzuk egin zenituen.

Bai. Eskola horretan bi urte egin nituen, eta, segidan, urtebeteko beste proiektu bat egiteko aukera sortu zitzaidan, diziplina zehatzago lantzeko. Hor geundela jakin genuen goi mailako eskolak ere bazirela: Frantzian bi, eta Bruselan, Stockholmen eta Montrealen beste bana. Parisko Fratellini akademiara eskaera bidali nuen, eta hartu egin ninduten. Parisko Antzerki Unibertsitatearekin akordioa egin berri zuen akademia hark, eta unibertsitatera ere joaten ginen ikastera. Teorikoak ziren ikasketa haiek, eta horixe egin zitzaidan zailena. Hala, Zirku Profesional Garaikideko lizentzia eskuratu zuen Europako lehen promoziokoak [2015ekoa] bihurtu ginen, hiru urteko ikasketen ondoren. Eta nahikoa zela erabaki nuen. Beti dago zer ikasia, baina halakoetan ikasi beharrekoak ikasiak nituen. Guztira, zortzi urte eginak nituen eskola batean edo bestean.

Han hasi zen, nolabait esatearren, zure itzulera bidea. Orduan argi al zenuen bueltatuko zinela?

Ez. Zer da bueltatzea? Eta joatea? Pertsonalki, etxera begira jarri nintzen berriro ere, eta, artistikoki ere, nire ilearekin lanean hasi nintzen kable gainean, sorginekin, mitologiarekin, gure identitatearekin, sustraiekin... Denak bueltarako bidea erakusten zidala pentsatu nuen, eta halaxe bueltatu nintzen, 2016an.

Eta zer aurkitu zenuen bueltatu zinenean? Zirkua arte eszeniko garrantzitsutzat daukan eremu batetik zentozen, eta hemen ez dauka halako estatusik.

Bada, etorri naizenetik, mugitzen eta lanean ari naiz. Proiektu eta aukera piloa ikusi dut. Zirkutik bizi naiz, eta ez nuen espero. Ez nuen espero, beti esan izan delako hemen ez zegoela ezer, kanpora joan behar zela, eta egia da neurri batean ez dagoela asko hemen, baina, hemen gelditzea erabaki zutenek egindako lanari esker, orain badago lanerako aukera. Nahiko gori dago zirku giroa. Zirkorrika egon zen, gero eta tailer gehiago antolatzen da herrietan eta ikastetxeetan, zirkua gero eta gehiago programatzen da, diru laguntzetan ere zirkurako adarra sortu da... Lan asko dago egiteko, baina lan ederra da, dena asmatzeko baitago. Frantzian ez bezala. Han sistema bat badago, lehiakortasun handia duena.

Erraia lana aurkeztu duzu berriki. Hemen oso ohikoa ez den ikuskizun bat da. Nola ari da erantzuten jendea?

Bueltatzeaz ari naiz lan horretan, maleta eskuan eta txapela buruan, eta arriskatua da ikuskizuna, hemen ezagutzen den kodean ez naizelako ari, beste lengoaia bat darabilkidalako. Proposamen europarragoa da, nahi baduzu. Badakit edozein lekutan ezin dudala egin eta programatzaile asko ez dagoela ohituta zirkua antzokietan ikustera —halako espazioetarako aproposa da—, baina uste dut inportantea dela egitea, horrela bakarrik alda daitezke-eta gauzak. Beti egin izan dena egiten segitzen badugu, ez da ezer aldatzen. Egin dudan ibilbide guztia Euskal Herrian jendearekin partekatzeari garrantzitsu deritzot. Dakidana zabaldu nahi dut, beste ikuspuntu bat, beste egiteko era bat, posible dela erakusteko.

Azken hamarkadetan asko eboluzionatu du zirkuak arte eszeniko gisa.

Bai. Zirkua denok ezagutzen dugu. Gure memorian dago. Zein zirku daukagun buruan? Ikusi izan duguna. Horregatik, artiston lana ere bada zirkua txalo eta ondo pasa bakarrik ez dela ikusaraztea Euskal Herrian. Lana daukagu, eta hori da interesgarria. Lehen esan dut: zirku mundua irekiera eta eraikuntza momentu batean dago hemen; momentu horretan iritsi naizela sentitu dut; eta horrek lanerako gogoa hauspotzen dit. Ia hamar urte egin ditut kanpoan, eta sustraiak hartzeko momentuan ere banago. Garenak gara, eta beti behar dugu mugitu eta itzuli, hartu eta eman.

Horrekin lotuta dago Erraia-ren abiapuntua den Pausoz pauso. 45 minutuko proposamena da oraingoa; 15ekoa zen hura.

Hona iritsi berria nintzen; Lasturko jaiak zetozen; eta herrikoei agur egitea pentsatu nuen. Izugarria izan zen jendearen erantzuna; harrigarria. Kanpoan ikasitakoa naizenaren —garenaren— bitartez eraldatuta, hemen sartzeko modua ikusi nuen. Gure sustraiak behar ditugulako, baina horretara itxi gabe. Hori da niretzat aurreskua kable gainean dantzatzea: gu garena izatea, baina mundua oso handia dela ahaztu gabe. Oso sinplea da, nahi baduzu, baina horixe da azkenean gehien betetzen zaituena.

Proiektu guztiek behar dute beren denbora, eta uztailaren 7an aurkeztu dugu azkenean Erraia. Pablo Volo izan dut zuzendari, eta Roberto Castro musikaria zuzenekoetako laguntzaile.

Zure ileak garrantzia dauka ikuskizunean. Langai bihurtu duzu.

Ilea ikuskizuneko parte bihurtu zait, jantzia eta musika beste. Azkenean, ilea nigandik sortzen diren hariak dira. Txiki-txikitandik egin izan dut haria —azoketara joaten ginenean, goruarekin aritzen nintzen iruten—, eta hari baten gainean nabil beti, neure bidea egiten. Harien bitartez, nire bizipenak azal ditzaket. Baita hemengo emakume askorenak ere.

Oraintxe bertan pixka bat geldirik daukat ikuskizun hori, ekainetik lau jaiegun besterik ez dudalako izan.

Gure Zirkuarekin lanean egin duzu uda partea, izan ere. Donostiara heldu berriak zarete asteburu honetan, eta sarean salgai jarritako sarrera guztiak ordu batzuetan saldu ziren.

Hori izugarria izan da. Ezin sinetsita geunden hamabost funtziotako sarrerak salduak zeudela esan zigutenean! Iker Galarzak hain bihotzetik sortu duen proiektua jendearengana iristen ari da. Eta ederrena da, nire ustez, hasieran umeak laguntzera zetozen helduak bakarka etortzen hasi direla. Adin guztietako jendea dator, eta halakoxea da zirkua, adin guztietako ikusleentzat. Profesionalak gara denak, eta kalitatea eskaintzea da gakoa. Beti.

Gure Zirkuan kide dituzun Koldo Arakistainek, Irati Artzek, Iraitz Lizarragak eta zuk zeuk hemen duzue prestaketa gunea, Asvinenean. Zer garrantzi du sormen espazio horrek zuen jardunean?

Erabatekoa. Hemen ez bada, batek ez dauka non prestatu eta non trasteak utzi. Zirku profesionala lantzeko leku bakarra da hau Gipuzkoan. Hemen entrenatzen gara. Ez hori bakarrik. Zirkua ez da ariketa fisiko soila; barrena ere mugitzen dizu. Artea da. Eta artea, zirkua, medikuntza bezain garrantzitsua da. Eta lana da beti oinarria. Goizero, hiruzpalau ordu egiten ditut hemen lanean. Fronte askotan aritzen gara lanean, asko mugitu beharra dago honetatik bizitzeko, baina lor daiteke. Hegoaldean, Bizkaian dago gune nagusia, Bilboko Zorrozaurre inguruan. Han ezagutzen ditudan artistak ere zirkutik bizi dira. Gure Zirkuaren tiradizoa baliatu behar genuke espazio hau ere indartzeko eta zirkua zabaltzeko. Zirkura inoiz hurbildu ez den jendearengana iristen ari gara. Hori da baliatu behar duguna, beste urrats batzuk egiteko.

Urriarekin bukatuko da Gure Zirkuaren denboraldia. Aipatu dugun Erraia-z gain, beste proiektu batean ere ari omen zara lanean.

Markeliñekoekin beste ikuskizun bat ari naiz prestatzen, bai. Sormen fasean gaude. Urtarril hasieran estreinatzea da asmoa. Esan dizut lehen: lana bada egiteko.

[youtube]https://youtu.be/uSS22Ieq2Ec[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.