48. Durangoko Azoka. Julen Azpitarte. 'Pop pilulak' fanzinearen sortzailea

«Hemen ez du inork euskal gizarteaz hausnarketa sakonik aurkituko»

IÑIGO ASTIZ.
Juan Luis Zabala
Durango
2013ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
«Euskaraz egindako fanzine bat», horixe da funtsean Pop pilulak. Horrelaxe definitzen du sortzaileak, Julen Azpitarte Nontzeberri webgune kulturaleko kazetariak. Ez dira asko baina bai esanguratsuak testu batek fanzine horretan argitaratua izateko bete beharreko baldintzak. Horien artean bi dira nabarmenenak: euskaraz idatzia izatea, eta pop izatea, hitzaren zentzu zabalean, hots, «transzedentziarako asmorik gabekoa», Azpitarteren hitzetan. Durangoko Azokara ekarri du fanzinearen lehen zenbakia Azpitartek, hamar kolaboratzaileren idazlanekin osatua. Egileen izenen artean, euskal pop komunitatea dei litekeenean ezagunak diren hainbat daude: Julen Azpitarte, Fermin Etxegoien, Koldo Almandoz, Antton Iturbe, Beñat Sarasola, Iñigo Bidetxea, Xabier Montoia, Xabier Sagardia, IbonRG eta Katza Aiarzaguena.

Zerk bultzatu zaitu Pop pilulak sortzera?

Euskarazko fanzine bat egin nahi nuen, baina ez Berri Txarrak edo Euskal Herriko beste talde batzuei buruz idazteko. Horietaz idatzi beharra dago, jakina; eta idazten da; ondo, gainera. Neuk ere Nontzeberri-n lan hori egiten dut. Beharrezkoa da. Baina hemen beste era bateko lanentzako lekua egin nahi nuen. Euskarazkoak ez diren edo euskararekin zerikusirik ez duten gaiak ere landu behar dira euskaraz. Euskaraz idazten den guztiari ia beti transzendentzia handiegia ematen zaiola iruditzen zait. Eta Pop pilulak-ekin transzendentzia hori gabeko gune bat sortu nahi nuen. Hemen ez du inork euskal gizarteari buruzko hausnarketa sakonik aurkituko.

Nola finantzatu duzu proiektua?

Ez dut inolako diru laguntzarik eskatu. Neure patrikatik ordaindu dut guztia. Ez dut inbertsio handirik egin, eta Iñaki Landa lankidea arduratu da diseinuaz. Azken batean, hau zale baten proiektua da. Zalea naizen aldetik, nire lagun zaleei mezu bat bidali nien, eskatuz idazteko kulturako gai bati buruz, nahi zutenaz, baina pop ikuspegi batetik, transzendentala izan gabe, eta batez ere euskararen munduarekin loturarik izan gabe.

«Pop ikuspegia» esaten duzunean, zer esan nahi duzu?

Musikaz, diseinuaz, zinemaz, edozertaz... baina XX. mendean Mendebaldeko gizarteetan gertatu zen pop eztanda horrekin lotuta. Gainerakoan, ez nien beste mugarik jarri. Banekien kolaboratzaileak nahiko pop zirela, eta haien jardunean poparen eragina nabari dela, eta bakoitzak nahi zuena egin du.

Zer moduz hartu zuten proposamena?

Pozik. Guztira, hamabost bat laguni idatzi nien, denak lagunak. Sei emakume zeuden haien artean, eta ezezkoa eman zidaten sei emakumeok, bakoitzak bere arrazoiengatik. Beste guztiek gustura idatzi dute.

Zer maiztasun izango du?

Espero dut udaberrian beste zenbaki bat ateratzea, eta aurrerago ikusiko dugu. Lehenengo eta behin, ea zer erantzun daukan lehenengo honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.