Ilun dago aretoa, hutsik. Hala dirudi, behintzat, lehenengo begi kolpean. «Hemen ez dago ezer». Barrurantz egin, eta launa ohol begiztatzen dira, ezker-eskuin. Beira zatiak dira, laukizuzenak, paretik pasatzen denaren irudia bueltatzen dutenak. Argia ikus daiteke aretoaren hondoan, gelaren sabai zuria. Begi parean egokitzen den horma, ordea, beltza da, iluna; gerturatu ahala sumatzen dira argi printza zenbait. Zulatuta dago. Nondik begiratzen den, gehiago ageri dira, han-hemen; edo gutxiago.
Perspektiba (Lekuz kanpo) erakusketa inauguratuko dute bihar Donostiako Koldo Mitxelena kulturunearen ganbaran, 19:30ean; espazio horretarako espresuki sortutako instalazioa egin du Gentz del Valle margolari eta EHUko irakasleak. Abuztuaren 26ra bitartean egongo da ikusgai.
«Instalazio hau galdera bat da, mundua begiratzeko gure modua eztabaidatzeko», azaldu du Del Vallek. «Mundua begiratzeko dugun moduak munduan kokatzeko dugun moduaz hitz egiten digu». Mendebaldeko gizarteaz ari da margolaria: bere burua munduan eta historian izan denik eta zibilizaziorik garatuenentzat duelakoan dago. «Garapenaren eta ongizatearen gure ideiak onenak direla uste dugu, eta hor kokatzen gara; ikuspuntu horren barruan kokatzen dugu geure burua». Horiek defendatuko ditu zibilizazioak, «edozein arriskuren» aurrean; «mugekin, oztopoekin eta harresiekin» defendatu ere.
Hamazazpi zulo inguru ditu hondoko paretak. Begia horietako bakoitzera hurbilduta, irudi desberdin bat ikusten da; baina guztiak dira naturaren parte. Izatez, paperaren gainean ikatzarekin egindako mural handi bat dago hormaren bestaldean —haren obretan ohiko protagonista da natura—. «Zaila da osotasuna irudikatzea zuloen bidez: errazagoa da begiratzea batzuetatik; beste batzuk, aldiz, zeharka eginda daude. Bideratu egiten dute guztiek ikuslearen begirada».
Ikusle bakoitzak aretoan sartu eta «artearen lengoaiaren bidez» bizipen propioak izan ditzan nahi du Del Vallek. «Lengoaia teoriko, analitiko eta linealaren osagarria da [artearen lengoaia], eta galtzen ari gara hori gure kulturan. Hori aldarrikatzen dut nik artearentzat: inteligentziaren pertzepzioa sentimenduetatik eta sentsibilitatetik abiatuta».
Iluna, itzala
«'Hemen ez dago ezer', pentsatuko du ikusleak: argia duen eta erdietsi ezin duen gelako puntu bakarrera jotzea espero dut». Alde ilunean ikusleak antzemango duen bakarra bere isla izango da: «Gure isla, gure munduaren isla eta itzala dena, aldi berean». Eremu ilun horretan defendatzen ditu ideiak eta kultura zibilizazioak: «Hori da ordaina».
Artistaren esanetan, Errenazimentutik gaur arte, gizakiaren «obsesioa» izan da mimesia, inguruaren errepresentazioa: «Mimesia bilatzen dugu, eta, kontrara, gero eta gehiago aldentzen gara errealitate natural horretatik».
«Hemen ez dago ezer»
Gentz del Valle margolariaren 'Perspektiba (Lekuz kanpo)' erakusketa zabalduko dute bihar Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu