Zinema

Helena Taberna: «Garrantzitsua da istorioez gertatzen diren momentuan bertan hitz egitea, horrek memoria sortzen duelako»

Zinemagileari bere ibilbidea aitortuko dio bihar Giza Eskubideen Donostiako 22. Zinemaldiak. Viktoria Eugenia antzokian emango diote saria, jaialdia ixteko ekitaldian.

Helena Taberna zinemagilea, gaur, garaikurra eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Helena Taberna zinemagilea, gaur, garaikurra eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko apirilaren 10a
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal gatazkari begiratu zion Yoyes (2000) bere lehen film luzean; emakume migratzaileen egunerokoari Extranjeras-en (2003); 1936ko gerrari La buena nueva-n (2008); indarkeria matxistari Nagore-n (2010); sekten unibertsoari Acantilado-n (2016); errefuxiatuen auziari Varados-en (2019); eta maitasun erromantikoari Nosotros-en (2025). Fikzioaren zein zinema dokumentalaren tresnekin, giza eskubideekin lotura duten gaietan sakondu izan du bere lanetan Helena Taberna zinemagile nafarrak. Ibilbide horri aitortza egingo dio Giza Eskubideen Donostiako 22. Zinemaldiak, hari emango baitio jaialdiaren saria, bihar. Eta pozarren jaso du Tabernak aitortza. «Sariak besarkadak dira, eta, beraz, merezi ote ditudan pentsatu beharrean, gustura hartzen ditut».

Viktoria Eugenia antzokian emango diote saria, jaialdiaren amaierako ekitaldian, 20:00etan —Aitor Mendizabal artistaren Oroimena monolitoaren erreplika bat emango diote—; aurrez, 16:30ean, Varados filma emango dute, eta solasaldia ere egingo dute ondotik. Pandemiaren eraginez, lan horrek ez zuen nahi bezalako ibilbidea egin, eta «mundua dagoen bezala, halako film bat ikusteko premia» badagoela iritzita hautatu du Tabernak ekitaldiaren aurretik erakusteko. «Muturreko egoera batean dauden eta gizatasuna kendu zaien pertsonak ezagutzeko aukera ematen du filmak. Bihotza izozten digute AEBetako deportazioek, eta, haien berri izaten ari garenean, halako izugarrikerien aurka gaudenak asko garen ideia indartu dezake halako film bat ikusteak».

Beste lan bat ere izan zitekeen, ibilbide luzea osatu baitu Tabernak urteotan. 1990eko hamarkadan hasi zen zinemagintzan lanean. Hainbat film labur idatzi, zuzendu eta ekoitzi zituen garai hartan, fikziozkoak nahiz dokumentalak: La mujer de Lot (1990), Busto de un poeta (1991), 87 cartas de amor (1992), Emiliana (1993), Alsasua 1936 (1994), Recuerdos del 36 (1994), Nerabe (1996) eta Herrikolore (1996). Yoyes bere lehen luzeak oihartzun zabala izan zuen kritikaren eta publikoaren artean, eta hainbat sari ere eskuratu zituen. Ondotik, beste sei film luze ondu ditu.

Fikzioa eta dokumentala, biak landu ditu, eta biak maite ditu Tabernak, «bakoitzak aukera desberdinak» ematen dizkiolako. «Nahi dugun moldea aukeratu ahal izatea litzateke kontua, batzuetan merkatuak edo modek markatuta baikaude. Nagore egin nuenean, esaterako, hasieran fikzioa izan nuen buruan, baina zegoen materiala ikustean, argi izan nuen zinema dokumentalarekin jolastu eta epaiketen filmen ildoko zerbait sortuko nuela».

Edozein modutan, garaian garaiko errealitateari lotutako istorioak eraman izan ditu pantaila handira. «Jabetu naiz garrantzitsua dela istorioez gertatzen diren momentuan bertan hitz egitea, horrek memoria sortzen duelako». 

«Kameraren alde honetan jarri eta mundua nik ulertzen dudan moduan kontatu ahal izatea bizitzaren opari bat iruditzen zait»HELENA TABERNAZinemagilea

Bere ibilbidean egindako lan bakoitzak bere arrazoia duela, eta horrek «lasaitu» egiten duela adierazi du Tabernak. «Lasaitu, eta, batez ere, izugarri poztu, ez bainuen halakorik aurreikusten. Txikitatik maite izan dut zinema izugarri, eta kameraren alde honetan jarri eta mundua nik ulertzen dudan moduan kontatu ahal izatea bizitzaren opari bat iruditzen zait, sari honek indartzen duena». Adierazi du ere bere garaian emakume zinemagile gisa «oso bakarrik» sentitu izan zela, eta gogora ekarri du zailtasunak ez zirela gutxi izan. Orain, baikorrago ikusten du egoera, zinemaren arlo guztietan baitaude emakume gazteagoak, «luzaz galdu den gizateriaren talentuaren erdia galtzen segitzea eragotziko dutenak. Baina segitu behar da bultzaka, zinemak merezi duelako».

Aretoen aldeko aldarria

Nosotros du lanik berriena zuzendariak —otsailean estreinatu zen— eta, gaur egun, aspalditik lozorroan zuen ideia bat film bihurtzeko asmoari bueltaka ari dela kontatu du. Ez du askorik zehaztu nahi izan, baina «emakumearekin eta artearekin» zerikusia izango duela aurreratu du. 

Zinema ona pentsarazten duen hori dela, eta gizartea aldatzen lagun dezakeela uste du zinemagileak. «Aretotik ateratzean zerbait utzi dizun zinema hori interesatzen zait niri». Horren harira, aretoen aldeko aldarri irmoa egin du, filmak etxean ikusteak ez duelakoan eragin bera lortzen. «Hilean pare bat liburu irakurtzeko eta pare bat film ikusteko gai bagina, gizarte kritikoago, kultuago eta prestatuago bat izango genuke datorkigun etorkizunari aurre egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.