«Ez dago araurik». Douglas Dreishpoon arte ikerlariaren hitzetan, Helen Frankenthaler artistaren (New York, 1928–Connecticut, 2011) jardun osoa gurutzatzen duen mantra moduko bat da esaldi hori. Arte ikasketak egin, eta 1950eko hamarkadan hasi zen ezagun egiten. Denbora gutxi behar izan zuen espresionismo abstraktuaren izen esanguratsuenetako bat bilakatzeko, eta ezinbestekoa izango zen haren ekarpena kolore eremu pinturarako trantsizioan. Baina, Dreishpoonek dioenez, lehen urte haietan bezala, ondorengo sei hamarkadetan ere, berdin-berdin eutsi zion hasierako jarrera esperimental hari. «Araurik ez dagoela sinisten baduzu, aske zara iritzia aldatzeko, gauzak beste modu batera egiteko, eta, agian, hanka ere sar dezakezun arren, beti izango duzu aurrera egiteko joera. Araurik ez egoteak etengabeko sorkuntzarako atea irekitzen dizu». Eta, hain zuzen ere, jarrera horren erakusgarri da Bilboko Guggenheim museoak eskaini dion atzera begirako zabala. Helen Frankenthaler: Araurik gabe margotzen deitu diote erakusketari, eta irailaren 28ra arte egongo da zabalik.
Frankenthalerren obra osoaren katalogo arrazoituaren egilea da Dreishpoon, eta hark egin ditu erakusketako komisario lanak. Bilbon egindako erakusketaren aurkezpenean esan duenez, haren ibilbide osoa «kristalizatzen» du ikusgai jarri berri duten bildumak. Artistaren neurri ertain eta handiko 30 margolan bildu dituzte guztira, eta, horrez gainera, haren lagun izandako beste hainbat artista esanguratsuren lanak ere topatuko ditu bisitariak. Hala nola, Jackson Pollock, Robert Motherwell eta Mark Rothkorenak.
Hamarkadaz hamarkada antolatu dute erakusketako ibilbidea. Atea gurutzatu, eta 1953ko Horma irekia margolanarekin egingo du topo aurrez aurre bisitariak. Artistaren sasoi hartako lanaren maila eta ausardia erakusten du obrak, komisarioaren hitzetan. Artistaren ibilbidean esanguratsua izango den pintura urtsua baliatuz sortutako margolanen erakusgarri ere bada ibilbide hasierako lan hori.
Espazioa eta lagunak
Irudi geometrikoak eta kolore multzo handiak topatuko ditu bisitariak Frankenthalerren lanetan, baina, horrez gainera, badute komisarioak behin eta berriz nabarmendu duen beste ezaugarri esanguratsu bat ere: sakontasuna. Dreishpoonek azaldutakoaren arabera, ezin garrantzitsuagoa baitzen dinamismoa artistarentzat, eta horren erakusgarri da, esaterako, Ocean Drive West #1 margolana. Izan ere, kolore urdina nagusi den arren, hainbat koloretako lerro horizontalak ere baditu margolanak, eta, olatuz olatu antolatuta baleude bezala, espazialtasuna ematen dio horrek irudi osoari.
Frankenthalerren ibilbidean adiskideek izandako garrantziaren lekukotza moduko bat ere bada erakusketa.

Dreishpoonek dioenez, esaterako, funtsezkoa izan zen artistak Clement Greenberg arte kritikari ezagunarekin izan zuen harremana. Bost urtez izan ziren maitale eta lankide, eta komisarioak azaldutakoaren arabera, Frankenthalerrek haren bidez ezagutu zituen garai hartan New Yorken garrantzitsuak ziren artista guztiak. Eta, haien guztien artean, Jackson Pollock artistak izandako eragina nabarmendu du komisarioak. Kontatu duenez, zuzenean eragin baitzion; adibidez, oihala lurrean jarrita pintatzeko moduak.
Hain zuzen ere, Pollocken koadro bat da ibilbidean bisitariak ikusiko duen lehen margolanetako bat. Horrez gainera, senar izan zuen Robert Motherwellenen lan bat ere ikus daiteke erakusketan. Halaber, Anthony Caroren, Morris Louisen, Kenneth Nolanden, Mark Rothkoren eta David Smiten hainbat margolan eta eskultura ere bildu dituzte erakusketarako.
Frankenthalerrek sortutako hiru eskultura ere ikus daitezke aretoan: hirurak altzairuz egindakoak, eta hirurak urte berekoak; 1972koak. Matissen mahaia izenekoa da lehena, Londresen bihotzaren mapa, bigarrena, eta Patioa da hirugarrena. Eta artistak lagun izan zuen David Smith eskultorearen lanen ondoan ikus daitezke hirurak.
Edertasun konplexua
Artistaren koadro koloretsuenekin batera, aretoan ikusgai daude haren joera ilunagoen berri ematen duten lanak ere. Dreishpoon komisarioak gogoratu duenez, gizakia bezain konplexua baita Frankenthaler artistak edertasunaz zuen ikuspegia. Eta, hain justu, horren erakusle dira erakusketako azken lan ia-ia bikiak. 2002ko Hegoalderako esposizioa margolan koloretsua ikus daiteke bertan, ezkerraldera lanbrotuz doan lerro horizontal nagusiki gorriekin. Eta, justu haren ondoan, 2002ko Ekialderantz gidatzen margolanak ixten du ibilbidea. Ortzi mugaren lerro horizontala dirudien konposizio ilun bat da lana.
New Yorkeko Helen Frankenthaler eta Florentziako Palazzo Strozzi fundazioekin elkarlanean antolatu du erakusketa Bilboko Guggenheim museoak. Eta, horregatik, Bilbora heldu aurretik, aurrez Florentzian ere egon da ikusgai. Komisarioak onartu duenez, proiektua aurreratu xamar zutenean heldu zitzaien bilduma Euskal Herrian ere ikusgai jartzeko proposamena, eta, zehaztu duenez, lau hilabete baino gutxiagoan egin dute lan hori.
Edonola ere, aurrez ere erakutsi izan dituzte Frankenthalerren lanak Bilbon. 1998an jarri zituzten ikusgai lehenengoz, zehazki, Guggenheim museoa ireki eta urtebete ere pasatu ez zenean. 1956tik 1959ra arteko artelanak bildu zituzten orduan. Eta, oraingo erakusketan ez bezala, ordukoan bai, aukera izan zuten artistaren artelanik ikonikoenetako bat erakusteko: 1956ko Mendiak eta itsasoa.
Bilboko lehen erakusketa hura egin ziotenean, artean bizirik zen artista bera ere, eta harekin batera antolatu ahal izan zutela gogoratu dute Guggenheim museoko ordezkariek. Miren Arzalluz museoko zuzendariak kontatu duenez, Bilbon ikusitakoak «hunkitu» egin zuen artista. «New Yorkeko bere lagunei aipatu zien zeinen gustuko izan zuen museo berri hura».
Orain ikusgai den erakusketaren harira, katalogo bat ere eman dute argitara, gaztelerazko eta euskarazko testuekin.
Frankenthaler eta Motherwellen Lapurdiko uda
«Badago Hellen Frankenthalerrek Euskal Herrian sortutako artelan sorta bat ere». Miren Arzalluz Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak gogoratu duenez, Euskal Herrian udaldi bat eman zuten Helen Frankenthaler eta Robert Motherwell artista estatubatuarrek. 1958an ezkondu zen bikotea, eta uda hura osorik pasatu zuten Donibane Lohizunen (Lapurdi). Etxe bat alokatu zuten horretarako, eta bertan jarri zituzten euren bi estudioak. Euskal Herria ezagutzeko tartea izan zuten bi artistek hortaz, baina, Arzalluzek gaineratu duenez, bi artistak lanean ere aritu ziren Lapurdin egindako egonaldian, eta, beraz, biek dituzte Euskal Herrian sortutako artelanak.
Hain zuzen ere, Frankenthaler artistari eskainitako erakusketan, Donibane Lohizuneko malekoian ateratako argazki bat ere topatuko du bisitariak, haren biografiari eskainitako txokoan. Bertikala da irudia, eta irribarrez ikus daiteke artista bikotea lehen planoan, gorputz osoz, eta herriko portua eta haren inguruko eraikinak igar daitezke atzealde lausoan.
FRANKENTHALERREN BI MARGOLAN DITU BILDUMAN biLBOKO MUSEOAK
Bilboko Guggenheim museoak iazko urte bukaeran eman zuen bere bildumarako erositako azken lanen berri. Yoshitomo Nara, Martha Jungwirth eta June Crespo artisten lanak ez ezik, Helen Frankenthalerren bi margolan ere eskuratu zituztela jakinarazi zuten orduan, eta orain jarri ahal izan dituzte ikusgai. 1965eko Santorini izeneko margolana da bata, eta 1992ko Requiem da bestea. Biak izango dira aurrerantzean Bilboko museoaren bildumaren parte, eta ireki berri duten erakusketan egongo dira biak orain. Museoko ordezkariek jakinarazi dutenez, Helen Frankenthaler Fundazioak dohaintzan emanda jaso dute bi koadroetan zaharrena.
