Beti gazte izatea. Horixe erregutu zioten denborari Enkore Bilboko taldekoek Faktore komunak izeneko aurreko diskoan. Hala ere, denborak kasu handirik egin ez diela dirudi, eta heldutasun puntu batera iritsi dira azken urte hauetan, musikari dagokionez, behintzat. Atzo aurkeztu zuten Kanala (Oihuka, 2014), aipatutako heldutasunaren seinale den disko berria.
«Lan honetan inoiz egin ditugun kanta onenak daude, eta musikari modura ere hazi gara», azaldu du Xabi Hoo abeslariak. «Dena den, ez dut esango heldutasunera heldu garenik, aurreko diskoan esaten genuen bezala beti gazte izango garelako eta disko berri honetan ere horren arima dagoelako. Baina, beste aldetik, helduagoa den lan bat kaleratu dugu».
Hamar abestiz osatutako lan hau Enkorerena dela igartzen da oraindik ere. Nabarmenak dira taldearekin identifika daitezkeen 80ko hamarkadako AEBetako hardcore melodikoaren zantzuak. Dena den, diskoa hasi eta bukatu bitartean agerikoa da beste zenbait estilo bereganatzeko egin duten esfortzua. Bide horretan, Abiadura bizian eta Gure ondoan —lehen eta azken abestiak, hurrenez hurren— izan daitezke adibiderik onenak. Diskoa riff astun eta arin batekin hasten da, eta piano batekin hil.
Halere, aldaketa nagusia produktore batekin lan egitean sumatu dute taldekideek. Orain arte ez dute taldeaz kanpoko inoren laguntzarik jaso kantuak txukuntzeko edo horien norabidea aldatzeko. Oraingo honetan, berriz, Jagoba Ormaetxea —Jare, Ainhoa Cantalapiedra— izan dute bidaialagun: «Abestiak, bere sen horretan, gazteak dira, zuzenak dira. Kantuak konposatzeko orduan gure sustraietara itzuli gara, baina produkzio aldetik gauza gehiago probatu ditugu, ez genuelako nahi kantuen hardcoretasun horretan geratzerik».
Doinu freskoak, melodia itsaskorrak eta gitarretan zein baterian eginiko lana dira lan berri honen ezaugarririk nabarmenenak. Aurreko diskoetan egin bezala, oraingoan ere kolaborazioak izan dituzte Enkorekoek bi abestitan. Trebetasunez eginak daude biak. Horrela, Kauta taldeko Mikel Morenok sakontasuna eman dio bere ahotsarekin Begiak itxiabestiari. Zuriñe Hidalgok (Hesian), berriz, ahots altua gehitu dio Ozen oihukatu kantuko leloari.
Aurkezpen kontzertua, 28an
Taldekoek adierazi duten bezala, «diskoa emanaldiak egiten jarraitzeko aitzakia besterik ez da». Bira berriari ongietorria emateko, doako kontzertu bat antolatu dute Bilboko Rock Star aretoan. Datorren 28an izango da ikuskizuna, 20:30ean, eta Smoke Idols izango dituzte aurretik taula gainean. Aurrerantzean musikarieta entzuleen arteko Kanala indartzeari ekingo dio Enkorek.
Heldutasunari so
Enkore Bilboko taldeak gaztetasuna alboratzeko beste urrats bat egin du 'Kanala' izeneko bigarren diskoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu