Lehenago ere soineko estu samarra gertatzen zitzaion musikariarena Pello Reparazi (Arbizu, Nafarroa, 1990), baina, orain, Zeinen Ederra Izango Den Fest jaialdiarekin, lehertu egin dira jostura guztiak. Ideia xume bat zen hasieran, eta hogei taldeko egun osoko jaialdi bilakatu da azkenerako. Eta, halere, musikaria da oraindik ere antolakuntza, kudeaketa eta promozio geruza guztien azpitik mintzo dena. Reparazen hitzetan, nolabait ere, 2020an sortu eta zabaldutako Zeinen ederra izango den abestiaren jaialdi bertsioa izango baita apirilaren 2koa.
Beraz, kanta harekin hasten da jaialdia?
Konfinamenduaren erdi-erdian ginela atera zen Zeinen ederra izango den. Makalaldi potente bat sumatu genuen, eta, hor, entzerratuta ginelarik, abesti hori atera zen. Euskal Herrian eragin nahiko handia izan zuela sentitu genuen egun horietan, eta zerbait berezia gertatu zela. Abestia ez zelako heldu bakarrik gure zalegoarengana, baizik eta oso adin eta leku ezberdinetako jendearengana. Olatu handi bat jaso genuen bueltan. Guri beti gustatzen zaigu abestiak janztea, ez daitezen izan abesti soilak, eta izan ditzaten inguruan bestelako elementu batzuk kantua ulertzen laguntzen dutenak. Eta orduan pentsatu genuen: zergatik ez eskaini jendeari helduleku bat, abestiak berak sentiarazten duen itxaropen horrekin, pentsarazteko helduko dela egun bat, zeinetan ospatu ahalko dugun hori guztia pasatu dela. Hori izan zen hasierako ideia.
Berehala zabaldu zen ideia hori ere.
Hasiera hartan, gehiegi pentsatu gabe atera genituen sarrerak, jaialdia zer izango zen gehiegi iragarri gabe, ez nork joko zuen ez non izango zen, ez ezer esan gabe, eta abestiaren indarrarekin eta une horretan jendeak sentitu zuen guztiarekin, astebetean 1.500 sarrera saldu genituen. Orduantxe ohartu ginen jaialdiak bestelako ibilbide bat izan behar zuela, eta ezin zela izan hasiera batean bururatu zitzaigun festatxo hori.
Eta hazi eta hazi, eta eskuetatik joan zaizue.
Zetak taldeari dena joaten zaio eskuetatik! Izugarria da [barrez]. Oso proiektu berria da, baina hasieratik gertatu zaigu hori: lan taldeak energia eta indar handia du, eta, aldi berean, jendarteak erantzun egiten du, maila berean, gainera. Hor sortzen da kimika moduko bat, eramaten gaituena halakoak antolatzera. Buruhauste handiak ekarri dizkigu, noski, baina ikaragarri ederra izango da, eta mugarri handi bat Zetak taldearen ibilbidean.
Benetan zabala da musika eskaintza: popa, elektronika, folka, umeentzako ikuskizunak... Nolakoa izan da taldeen hautaketa?
Sare sozialetan asko ibiltzen gara, oso zale aktiboak ditugu hor, eta jaialdirako input asko hortik jaso ditugu. Baina, kontzeptualki, abestiari erantzun nahi genion. Abestia idatzi nuen egunean, sormen intentzio bat definitzera behartu nuen neure burua, pentsatuz ea zer sentiarazi nahi zuen abesti horrek, zer mezu zabaldu. Zetak-ek, abesti askotan, beti ditu Euskal Herriko lekuei egindako aipamenak, eta, esango nuke, euskal herritar izate horretatik idazten ditudala abestiak, eta, beraz, ikusirik abesti hark Euskal Herrian izan zuen eragina eta Euskal Herria zeinen aberatsa den, gure helburua izan da Euskal Herrian egon daitekeen profil eta adin oso ezberdinetako jendea batzea. Ikusi genuen Zeinen Ederra Izango Den Fest denona eta denontzat izan behar dela. Horrexegatik da hain aberatsa estiloei dagokienez.
Jaialdi handiak hasi zirenean izan ziren ahots kritikoak, baina egun erabat zabalduta daude. Zuek ere jaialdi bat antolatu duzu, azkenean. Erosoa zaizue eredua?
Hamabost urte inguru daramatzat musikan lanean nik, eta beti bizi izan naiz horrekin, bai Vendettarekin nenbilenean, eta Zetak-ekin ere bai, nahiz eta ez dugun aukera handirik izan halakoetan jotzeko, justu konfinamendua heldu zenean ginelako biran hastekoak. Halako jaialdiak beti sentitu ditugu gure ibilbidearen parte, eta ez dugu gatazkarik bizi horrekin.
Euskal Herrikoak dira taldeetariko asko ere. Hautu politikoa izan da?
Hemen antolatu izan diren jaialdi handietan euskal musikariok maiz ikusi dugu nola eman zaion beti garrantzi handia kanpotik etorritako taldeei, eta, agian, ez horrenbeste bertako taldeei. Eta nork esaten du, adibidez, estatutik datorren talde bat, talde inportantea izanik ere, Barakaldon (Bizkaia) Gatibu baino garrantzitsuagoa dela edo hark baino protagonismo handiagoa izan behar duela? Hori maiz gertatzen da, eta askotan ikusi ditugu euskal taldeak kartelen behe aldean eta txiki, eta talde garrantzitsuak dira. Jaialdi honek parez pare jarri nahi ditu batzuk eta besteak: kartelaren goiko aldean ikus ditzakezu bertako taldeak kanpoko talde oso handiekin batera.
Kontzertua ere eskainiko duzu jaialdian. Nola uztartuko dituzu bi alde horiek, musikariarena eta antolatzailearena?
Saiatuko naiz biak bereizten, baina uste dut asumitu behar dudala egun horretan biekin batera bizi beharko dudala. Agian gure kontzertuaren ordutegiak lagunduko du, ez dakit, bukaera aldera bada, eta dena ondo dagoela ikustean, taula gainera igo, eta aio.
Bigarren aldia buruan darabilzu jadanik?
Ez, oso zentratuta gaude aurtengo honetan. Erronka nahikoa da.
Baina irauteko asmoz sortu duzue jaialdia.
Ideia hori hor dago, eta gustatuko litzaiguke. Oso erantzun ona jaso dugu, gainera, eta pozgarria da. Fantasma hori hor dabil bueltaka, bai, baina, oraingoz, nahikoa dugu lehenengo honekin, hurrengoa antolatzen hasteko.