Bilbo ere flamenkoa da. Bilbok badu duendea. Asteon aurkeztu dute aurtengo Bilbao Flamenco jaialdia. Azaroaren1etik 11ra bitarte iraungo du, eta Paco De Lucia gitarra jotzailea eta Juan Moneo El Torta flamenko kantari zendu berriak omenduko dituzte. Zazpigarren urtea izango du jaialdiak. Una Ria con Duende flamenko topaketak, aldiz, bederatzigarren urtea betetzen ari dira. Irailean egiten dira Bilboko Ibaiondo barrutian. Iragan uztailaren 18an, eta Bilbao Flamenko kultur elkarteak berak antolaturiko Trasnoches Flamencas hileroko zikloaren baitan, Juanjo Navas eta Lander Egaña Maizenita flamenko kantariak aritu ziren. Biak dira bilbotarrak.
Boladako dagoela esatea gehiegikeria izan liteke, baina duela askora arte ez zuen onespena eta indarra dauka flamenkoak Euskal Herrian. Eta ez soilik Bilbon. Flamenco On Fire jaialdiaren estreinako ekitaldiak flamenkoko artista esanguratsuenak bildu zituen abuztuaren hondarrean Iruñean, Agustin Castellon Campos Sabicas gitarra jotzaile flamenko iruinsemearen omenez. Adibide batzuk baino ez dira, flamenkoarekiko goranzko interesa azaltzen duten adibide argienetakoak.
Ez dira gauza bera boladako eta modako egotea, flamenkoa eta haren ezpal folklorizatuak gauza bera ez diren moduan. Ez da gauza bera ikus-entzunezko (irrati, telebista, internet...) hedabide gehientsuenetan (Espainiako irrati eta telebista kateek batez ere) kantu eta izar lehiaketetan egiten duten flamenko ustezkoren salmenta komertziala, eta benetako zaletasun eta borondatez flamenkoa sakonetik eta bere osotasunean ezagutarazteko lan egiten dutenen jarduera. Bilbo eta inguruneetan flamenkoarekiko zaletasuna loratzen —berpizten?— ari bada, Bilbao Flamenco elkartea egiten ari den lanagatik da neurri handi batean.
Jose Luis Palazon bilbotarra da elkarteko presidentea. Betidanik izan du flamenkoarekiko zaletasuna, jatorri andaluziarreko familia baitu. Duela hamar urte, 27 urte inguru zituela, Bilbon flamenkoari leku bat egin zekiokeela iritzita, erakundeetara jo zuen. 2005ean egin zuten lehen jaialdia, baina euren egitekoa ez zen hori bakarrik izan. Hitzaldiak antolatu zituzten, ikastaroak ematen hasi ziren Deustuko Unibertsitatean, eta zikloak eta topaketak antolatzen hasi ziren, «flamenkoa Bilbora eta Euskal Herrira gerturatzeko eta ezagutarazteko», Palazonek dioenez. «Ordura arte oso gauza komertzialak ekartzen ziren Arriaga antzokira, esaterako». Pixkanaka zaletasuna sortu egin dela uste du. «Hasieran, oso flamenkoak zirenak etortzen ziren soilik; orain jakin-mina duena etortzen da, oso profil desberdinetako jendea etortzen da».
Flamenkoaren irudi «nahiko distortsionatua» izan da Euskal Herrian denbora luzez Palazonen iritzian: «Frankismoak kalte handia egin zion flamenkoari, bereganatu egin zuen, eta modu txarrean bereganatu ere. Flamenkoaren alderik arloteena bereganatu zuen, eta arindu egin zuen gainera, Juanito Valderrama, Pepe Marchenaeta gisako artistak goratuz... Eta Euskal Herrian eragina izan zuen, jakina, frankismoa eta flamenkoa elkarren eskutik zihoazela ikusteak». Eta ondorioz, ezinikusia, aurreiritziak eta baztertzea. «Jaialdia eta zikloak egiten hasi aurretik, erakundeekin beraiekin ere pedagogia lan handia egin behar izan genuen flamenkoa zer zen azalduz».
Sabicas, Iruñeko ijitoa
Izan ere, flamenkoa zerbait bada «kantu askea da» Palazonen iritzian, «ez du inolako zerikusirik ez frankismoarekin, ez españoladekin ez tankerako deusekin». Iritzi bera du Curro Velazquez-Gaztelu flamenkologoak ere. «Kaleko artea da flamenkoa, ijitoek kalean sortua, ez da inolako arte ofizialista. Flamenkoak bazuen sona Espainiatik kanpora, eta frankismoak irentsi egin zuen, batez ere Manolo Caracol eta Lola Floresen bitartez. Kriskitinak eta olé-ak saltzen hasi zen erregimena, flamenkoa bere jantzirik nagienarekin. Ondorioz, artista flamenko askok erabat bazterturik geratu ziren, ijitoak batez ere. Baina, adibidez, fandangoaren palo-a asko erabiltzen zen boterearen aurka kantatzeko».
Ijitoa zen Agustin Castellon Campos, Sabicas ezizenarekin mundu osoko sona eskuratu zuen —nahiz ahantzi samarra izan den azken urteetan— gitarra jotzaile iruindarra. Iruñeko Mañueta kalean jaio zen 1912an, eta Jarauta kalean bizi izan zen gerora. Madrilen egin zituen lehen urratsak,eta zuen «maila apartagatik» sona eskuratu, baina Espainiako gerra hasi eta 1936an alde egin behar izan zuen, Frantziara aurrena, Argentinara ondoren, eta Mexiko eta New Yorkera azkenik: «Flamenkoa Sabicasi esker nazioartekotu zen. Eta berak eman zion lekuko zuzena Paco De Luciari», azaldu du Velazquez-Gazteluk. «Euskal Herrian sortutako artista flamenkoak urriak dira, Sabicas ere irla bat izan zen, baina izan dira batzuk». Apur bat lehenagokoa da Nati La Bilbainita dantzari eta flamenko dantzaria. XX. mende hasierako Bilboko kafe-teatroetan nabarmendu zen, «dantzarako zuen abilezia eta xarmagatik», garaiko kronikek diotenez. 1924ko otsailaren 15ean zendu zen, 23 urte eskas zituela, erditzean izandako zailtasunengatik, eta semea ere amarekin batera. Egun bakarrik ez, Espainiako gerraurrean ere Bilbo flamenkoaren erdigune nagusietako bat izan zen, Madril, Bartzelona eta Sevillarekin batera. «Cafe-cantante deituak zeuden Bilbon, eta flamenko artista nagusiak joaten ziren». Cafe de las Siete Columnas eta Cafe San Francisco nabarmendu ziren Velazquez-Gazteluren hitzetan.
Flamenkologoaren bizi-bidaiak badu zerikusia flamenkoak Euskal Herrira egindakoarekin ere. Flamenkoa, egun ezagutzen dugun moduan, Espainiako Behe Andaluzian sortu zen, XVIII. ean, hainbat kultura elkartzetik (arabiarra, ijitoena, judua...).Curro Velazquez-Gaztelu Arcos de la Fronteran (Cadiz, Espainia, 1973) jaio zen, 1973an, eta Gasteizera duela 15 urte iritsi zen ikasketek, eta antzinako euskal jatorriak bultzatuta (Gipuzkoako Gaztelu herrikoak ditu jatorriak). Hala Bedi irratian hasi zen flamenkoari buruzko irratsaio bat eskainiz, «Euskal Herrian flamenkoari buruz egin zen aurrenekoa». Plaza los canasteros, calle los lunares du izena, Camaron de la Islaren kantu baten gisan. Orduz geroztik, saio harekin dihardu, eta beste hainbat hedabidetan (Radio Vitoria, Gara, BERRIA, Radio Euskadi) egin ditu kolaborazioak.
Euskal Herrian sortu eta flamenko zaletasuna izanik hura garatu nahi izan dutenetako askok kontrako bidea egin behar izan dute. Hala nola Lander Egaña Maizenita flamenko kantari bilbotarrarak, David Colomo Pajarillo gitarra jotzaile tolosarrak etaAskoa Etxebarrieta La Pulga flamenko dantzari eta dantzari gasteiztarrak.
Flamenkoa eta euskara
Oraintsu arte ia ezinezkoa zena gorpuzten du La Pulgaren kasuak. Euskal Herrian jaiotakoa ez ezik (Gasteiz, 1976), euskal kulturaren ezagule izan, euskaldun izan, eta flamenko artista ere izatea, dantzaria. Dantza ikastaro batean izena eman, irakaslea flamenkoa dantzatzen ikusi, eta liluratu egin zuen. «Gustatu egin zitzaidan flamenko dantzak duen energia, denak korroan egote hori, transmititzen den barneko sentimendu hori. Oso pasionala eta barnekoa». Ikastaro trinko bat egitera Granadara (Espainia) joan eta zortzi urte egin zituen, lau Granadan eta beste lau Sevillan. Euskal Herrira itzuli eta dantza ikastaroak ematetik eta emanaldietatik bizi da egun. Flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituen proiektua ere badauka, Berriketan izenekoa. Mikel Aveiro eta Adrian Larrañaga txalapartariek, Angel Lopez de Toro flamenko kantariak, Simon Moreno gitarra jotzaileak eta Giliyo perkusionistak osatu taldea.
Ez da kasualitatea flamenkoaren, txalapartaren eta euskal dantzen arteko harremanean sakontzen duten geroz eta egitasmo gehiago kaleratzea, biak ala biak jatorri herrikoia izateaz gain, erritmoan baitute oinarri nagusietako bat. Flamenkoan takoneoa, kaxa erritmikoa, palmak daude, eta horrek erakargarri egiten du txalapartarekin uztartzea. «Euskal Herrian flamenko dantza errazago sartzen da, cante-a entzutea zailago egiten zaio hemengo publikoari».
Euskal Herrian sortutako flamenko kantariak ere badira. Bilbo eta inguruetan sortu den eszenakoak gehienak (Maizenita, Juanjo Navas, Jabi Bermejo...). Nekezagoa dirudi, oraingoz bederen, euskaraz abesten dutenak azaleratzea, «nahiz eta ez den ezinezkoa», Velazquez-Gazteluk dioenez: «Zerbait anekdotikoa litzateke, hasieran behintzat». Zerbait anekdotikotzat har liteke Jose eta Israel Pisa Bermeoko anai ijitoak Bermeoko portuan edo Euskal Herrian euskaraz gitarra, kaxoi eta kantaera flamenkoz abesten entzutea, Estrella Morente Haurtxo Txikia kantatzen entzutea bezala, edo Getxoko Badaukat taldeak flamenko ukitua duen Minusbat izeneko diskoa kaleratzea, euskarazko letrekin. Baina, akaso ez luke hain anekdotikoa izan behar, Euskal Herria etorkinen herri izanik aspaldidanik eta belaunaldi berrietan euskara ezagutzen dutenak geroz eta gehiago izanik. Akaso hor egon liteke hurrengo erronka. Rocka, bluesa, folka, ska, rumba euskaraz egin izan badira, zergatik ez flamenkoa ere?
Leku berrietarako bide
Euskal kulturatik urrun samar egonagatik, euskal musikari zenbaitek errespetua eta are miresmena ere azaldu izan dute flamenkoarekiko. Franco hil eta urtebetera Xabier Letek Haur andaluz bati sehaska-kanta plazaratu zuen Kantatzera noazu diskoan, gitarra flamenkoz lagunduta. Mikel Laboak Camaron de la Isla miresten zuen, eta haren eta John Cageren omenez kaleratu zuen Mugak. (Lekeitio 9) kantua 1994an. Jabier Muguruzaren Konplizeak lanean (2007) Duquende flamenko kantariak parte hartu zuen, Antxillesko arkupean kantuan. Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak Flamenko-etxea diskoa atera zuen 2011n Jose Luis Monton gitarra jotzailearekin batera, eta flamenkoak, batez ere haren «doitasun erritmikoak», bere sorkuntzan eraginik izan duela dio: « Oso irekiak gaude beste musika batzuen eraginetara, baina ez hainbeste flamenkoaren eraginetara... Halere, XXI. mendeko Euskal Herri plural honetan, flamenkoak baduela edo edukiko duelazer esana».
Unibertsitatean ikasle zela «hunkitu» zuen flamenkoak Beñat Axiari musikari eta kantaria ere. Pedro Soler gitarra jotzailea ezagutu zuen, eta sakondu egin zuen cante hondo-aren ezagutzan. «Izan dezake antzekotasunik Zuberoako kantu tradizionalekin, barnetik kantatze hori eta...». Gerora, elkarlanean bi disko plazaratu zituzten, Pres Du Coer Savage (2000) eta La Citéinvisible: rencontre à casablanca (2003). Baina bietan flamenkoa leku berrietara iristeko «baliabidea» da. «Ni neure jatorri eta emaritik abiatuta eta Pedro beretik, zerbait berria sortzea zen helburua, biontzat berria izango zen zerbait; bestela, ez luke zentzurik izango».
Axiarik berak antolatzen duen Errobiko jaialdian El Niño de Elche flamenko kantaria eta Raul Cantizano gitarra jotzailea izan dira aurten. El Niño deElchek berak bideo bat jarri du oraintsu Youtube atarian, Mikel Laboaren Txoria txori gaztelaniaz kantatuz. Kalekoa bezain barnekoa izateak batzen ditu bata eta bestea.
Flamenkoa Euskal Herrian
HEGOTIK DATOR HAIZE ASKE HORI
Tanta urri batzuk, baina Euskal Herrian izan dira sortzaile flamenkoak, gitarra jotzaile eta flamenko kantari eta dantzariak. Azken urteetan piztu egin da flamenkoarekiko interesa; garai bateko begirada arbuiozkoari jakin-mina gailendu zaio, eta geroz eta gehiago dira jaialdi, artista eta bestelako musikari, dantzari eta txalapartariekin egindako elkarlanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu