Artea eta ezagutzaren ekoizpen eta hedapen modu hegemonikoak zalantzan jarri dituzte Nafarroako eta Jorge Oteiza museoetan bisita daitekeen Ni denetan okerrena erakusketan. Teoria kritiko feminista oinarri hartuta diseinatutako erakusketa da. Heldu den otsailaren 4ra bitarte, 24 artistaren lanak ikusi ahal izango dira. Artelan gehienak emakume artistek egindakoak izan arren, Maite Garbaio komisarioak argi utzi du: «Hau ez da, inondik ere, emakume artisten erakusketa bat. Inor bazterrean uzten ez duen erakusketa da». Nafarroako eta Oteiza museoetan ikus daitezkeen artelanez gain, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, datozen asteetan, artea eta pentsamendu kritiko feministan oinarritutako hamaika ekitaldi dituzte programatuak.
Ni denetan okerrena erakusketa ez da epelkerietan erortzen. Errealitatea inolako iragazkirik gabe plazaratzen du. Ez da kasualitatea erakusketaren guneetako bat Iruñean dagoen Nafarroako Museoa izatea. Duela urtebete, Gogoeta/Inflexioa. Emakumeen presentzia Nafarroako Museoan erakusketaren bidez, «autokritika» egin zuten emakume artistei emandako trataeragatik. Museoa 1990. urtean ireki zutenetik 2014. urtera bitarte, 121 erakusketa egin zituzten. Horietatik 19 soilik osatu zituzten emakumezkoak ziren artisten artelanekin. Mercedes Joverrek, museoko zuzendariak, azaldu duenez, egindako autokritika ariketa haren ondorioetako bat da egun ikusgai dagoen erakusketa.
Artelan historiko batekin abiatzen da Nafarroako Museoan ikus daitekeen erakusketa: XVII. mendean, Mexiko kolonialean egindako zuresi gaineko margolanarekin, hain zuzen ere. Garbaioren iritziz, Nafarroako Museoko erakusketako artelanik garrantzitsuenetarikoa da. «Modernitateko ideologia hegemonikoaren adierazlea da, gizon zuri eta europarrarena, alegia». Urte luzez, Gendulaingo kondeen jauregian egon zen, eta, behin berreskuratuta, Nafarroako Museoko sotoan egon da gordeta. Halako «harribitxi bat» erakustearen garrantzia nabarmendu du komisarioak. Izan ere, erakusketan parte hartu duten hainbat artistak, besteak beste, Gentz del Vallek, Amaia Molinetek, Laida Azkonak eta Txalo Tolozak elkarrizketa bat eratu dute euren sorkuntzen eta zuresiaren artean.
Leire Urbeltz artista iruindarrak, berriz, zuresian erdi biluzik ageri diren emakumeen kontrapuntu modura, hiru horma irudi egin ditu. Emakumea eta bere karga da horma irudi horien izenburua. Austin (Texas, AEB) eta Mexiko Hirian egindakoak dira. Bizkarrean daramaten zaku bati tiraka ageri dira, bizi duten errealitate «gogorraren» adierazgarri modura. Benetan harreman «bitxia» sortzen da parez pare jarritako Francis Bartolozziren (1908-2004) Gerrako margoak lanarekin, biek modu oso ezberdinetan helarazten baitute emakumeen «errealitate pisutsu» hori. Garbaio, hain zuzen ere, harrituta dago Bartolozzi askorentzat artista ezezaguna delako. «Horregatik, biltegitik erreskatatu dugu, haren obra ez dagoelako Nafarroako Museoko erakusketa iraunkorrean. Askotan gertatzen den bezala, emakume artisten obrak saihestu edo isildu egiten dira».
Funtsean, zalantzak
Proposamen berri eta zaharren arteko hartu-emanaz harago, komisarioak beste era bateko elkarrizketa modu bat eratu du Nafarroako Museoko artelan historikoen funtsarekin. Neurri batean, bilatzaile lana egitera behartzen du bisitaria. «Museoak eta antzeko instituzioetako ezagutza ofizialean esku hartu dugu, objektuei begiratzeko modu berriak aktibatzeko», azaldu du Garbaiok. Ziurrenik, hori da Iruñeko Alde Zaharreko museoan dagoen proposamenetan urratzaileena. Nerea de Diego artistak Historiaurreko eta Erdi Aroko bildumak eraldatu ditu, besteak beste. Hala, Erdi Arokoak diren objektuak dauden erakusleihoetan, Lourdesko amaren ura gordetzeko kantinplorak jarri ditu; garai hartako objektuak garaikideagoa den herri kulturako objektuekin nahastu ditu. Bisitariari ahalegina egiteko eskatzen dio artistak, bitrinetan distortsioa eragiten duten elementuak zeintzuk diren ebazteko. «Nire lanaren bidez, museoetan egiazkotzat jotzen diren diskurtsoak zalantzan jartzea nahi dut», azaldu du De Diegok. Zenbait kasutan, bilaketa lana nahiko erraza da; besteetan, baina, bisitariak irizpide kritiko garatuagoa izatea ezinbestekoa da, «iruzurra» non den jabetzeko.
Nafarroan ikuspegi feministarekin lan egin duten artisten artean, Txaro Fontalba nabarmendu du Maite Garbaiok. Hala, Fontalbak XX. mende hasierako Marcel Duchampen Iturria lan ikonikoaz 1990eko hamarkadan egindako hainbat interpretazio daude Nafarroako Museoko zenbait tokitan. Interpretazioak anitz dira, pixatokiei eskultura izaera ere aitortzen baitie artistak. «Gizonen mundu pribatuko lanabes hori tramankulu burlatu eta edertu bilakatu dut; hala, zentzu bisexual eta bitarikoa aitortzen diot», dio artistak.
Oteizarenean, etena
Altzuzako Jorge Oteiza museoa da Ni denetan okerrena erakusketaren bigarren egoitza. Erakusketarako espresuki egindako artelan gehienetan, Oteizaren lanaren esperientziak, interes pertsonalak eta sentimenduak kontuan izan dituzte. Lehen egoitzan dauden artelanekin alderatuta, euskarri aldetik askotarikoagoak dira, margolanez gain eskulturak eta bideoak ere badirelako. Hezkuntza estetikoa oinarrizko hezkuntza gisa ulertzen zuen Oteizak, baina baita hegemoniaren kontrako pedagogia modura ere, subjektu kritiko eta konprometituak eratzeko aukera ematen zuela esaten baitzuen.
Iruñeko eta Altzuzako erakusketen lotailu lana egiten du Elba Martinezen Pajaritos serieak. Nafarroako Museoan serie horretako hainbat margolan daude, eta baita Oteiza museoan ere. Naif itxurako marrazkiak dira. Altzuzakoan, esaterako, parez pare jartzen ditu txori horiek, euren artean elkarrizketan ariko balira bezala. «Gozatzeko margotu ditut txoriok. Sufritzen ari nintzela ohartzen banintzen, margotzeari uzten nion», aitortu du artistak. Zenbait margolanetan, gainera, esaldi berbera idazten du, mantra bat balitz bezala: «Gaur txori hau margotu dut zoriontsuago izateko». Martinezek ez du lehen aldia lan horiek erakusten. Hala ere, lana erakusten duen aldiro aldatzen du txorien kokalekua, adierazi nahi duen horren interpretazio berriak posible eginez.
Maddi Barber artistak, berriz, Ametsen egunerokoa lana aurkeztu du. Gauean amestutakoa irudien bitartez azaldu du, eta bisitariaren eskura jarri du. Ikus-entzunezkoen ekoizpen prozesuek denbora «asko» eskatzen dutela eta, prozesu azkarragoen bilaketan egindako lanaren emaitza da sorkuntza hori. «Neure buruari metodologia bat ezarri nion; lehenik amestu, eta, hurrengo egunean, irudien bila joaten nintzen». Metodologia horren emaitza da Altzuzan ikus daitekeen Barberren egunerokoa.
Sarritan arteari egozten zaion perfekzioaren bilaketa «temati» hori zokoratu, eta inperfektuaren izaeraren aldarria egin du Txaro Fontalbak Obecedario (totela) lanean. Oteiza hizketan irudikatzen du, hitz-motela balitz bezala. «Oteizari mihia moztu diot, nolabait, beste hitz egiteko modu bat aldarrikatzeko, inperfektua bezain egiazkoa», Fontalbaren esanetan. Lorea Alfarok, aldiz, Oteizaren gurutze bikoitzak barnean eragiten dionaren inguruan gauzatu du Tu izenburua duen bideo sorkuntza. «Benetan interesatzen zaidana da gauza bat bestearen ondoan jartzean gertatzen dena». Inspirazio iturri izan delako, urte luzez Oteiza museoko biltegian gordeta egon den gurutze bikoitza ere ikusgai dago erakusketan.
Maite Garbaiok gidatutako Ni denetan okerrena proiektuak hirugarren egoitza bat ere badauka: Uharteko Arte Garaikideko Zentroa. Joan den igandera arte, Sorgina naiz, emakume arima erakusketa —Rurru Mipanochiak Laura Gurbindo belar biltzailearekin elkarlanean egindako ikerketa— bisitatu ahal izan da. Etzi, berriz, Laida Azkonaren eta Txalo Tolozaren Hau ez zen sekula Argentina izan proposamena ikusi ahalko da bertan, asteburu osoz. Urtarrilaren 7ra bitarteko asteburuetan egongo da bi artiston elkarlanaren emaitza ezagutzeko aukera.
Hegemoniari aurre egin diote
Teoria kritiko feminista abiapuntu hartuz, 24 artistaren lanak jarri dituzte ikusgai Nafarroako Museoan eta Oteiza Museoan dagoen 'Ni denetan okerrena' erakusketa bikoitzean. Maite Garbaio da erakusketako komisarioa; artea ezagutza berriak topatzeko bidea dela defendatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu