'Hegats' aldizkariak poesiari eskaini dio 55. zenbakia

Felipe Juaristik koordinatu du ale berria. Patxi Ezkiaga, Tere Irastortza, Jule Goikoetxea eta Luis Garde elkarrizketatu dituzte, besteak beste

Jasone Osoro eta Felipe Juaristi, atzo, Donostian, Hegats aldizkariaren 55. alearen aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Duela hiru urte, Hegats aldatzea erabaki zuen EIE Euskal Idazleen Elkarteak. Edukiari ez ezik, formari ere garrantzia emateko saioa egin zuen, «irakurlego zabalago bati iritsarazteko asmoz». Liburuxka izateari utzi, eta aldizkari formatua hartu zuen, eta erabaki zuten urtero kide desberdin batek zuzenduko zuela zenbaki berria. Lander Garrok koordinatu zuen aldaketa haren lehen emaitza, Alaine Agirrek bigarrena, eta Felipe Juaristik egin ditu orain editore lanak kaleratu berri duten aldizkarian, 55. zenbakian, hain zuzen. Iñigo Ibañezek landu ditu argazkiak, eta Sardina etxeak diseinua. Gai nagusia, berriz, poesia da oraingoan. Eta horrela, mamiz nahiz edukiz, «ederra» adjektiboarekin definitu zuen aldizkaria Jasone Osoro EIEko lehendakariak atzo, hura aurkezteko Juaristirekin egindako agerraldian.

Osorok berak aldizkariaren hitzaurrean laburbiltzen du zenbaki berriaren ardatza: «Poesia hautatu du Felipek. Olerkariz bete ditu orrialde hauek guztiak, eta ederra da egiaztatzea poesiaren euskal letretan ere badaudela belaunaldi bat baino gehiago». Hain zuzen, askotariko estilo, adin eta ibilbideak dituzten egileak ageri dira aldizkarian. Juaristik azaldu zuenez, hainbat sortzaileri egindako elkarrizketek hartzen dute ale berriaren parte handi bat. Patxi Ezkiagari Pello Otxotekok eginikoa da horietako bat. Beste belaunaldi bateko poeta bat, Luis Garde elkarrizketatu du Uxue Razkinek, eta Juaristik berak Tere Irastortzarekin izandako solasaldia eraman du aldizkarira. Beste hiru elkarrizketa ere badira: Beatriz Txibite eta Garazi Ugalde elkartu ditu Aritz Gorrotxategik solasaldirako, eta Amaia Garciak, berriz, nor bere aldetik elkarrizketatu ditu Itxaro Borda eta Jule Goikoetxea. Euskal poesiagintzaren belaunaldi aniztasunaren argazki bat uzten dute horiek denek. Gazteen belaunaldiari bereziki erreparatuta, ondorio bat ere atera du Juaristik: «Esango nuke momentu honetan euskal poesia halako loraldi batean dagoela».

Hain zuzen, euskal poesiak urteotan izandako bilakaeraz eta gaur egungo egoeraz gogoeta egiten dute, artikulu banatan, Igor Estankonak eta Izaskun Garcia Quintanak. Hainbat egileren izenak tartekatzen dira bi testuetan, hala nola Jon Gerediaga, Joxanton Artze, Bernardo Atxaga, Peru Magdalena, Alaine Agirre, Ione Gorostarzu, Martxel Mariskal, Ekhine Eizagirre eta besterenak.

Horietako hainbaten eta beste zenbait egileren hamazazpi liburu aukeratu ditu Juaristik gomendio gisa edo, eta horietako bakoitzetik esaldi bat nabarmendu du.

Atzerrikoak eta urteurrenak

Nazioarteko zenbait poetaren izenak ere ekarri dituzte aldizkarira. Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan euskarara ekarritako zenbait autore aipatzen ditu, esaterako, Hasier Rekondok bere artikuluan, eta Alfonsina Storni eta haren lana ditu hizpide, halaber, Uxue Alberdik —hark euskaratu zituen hari eskainitako kaierako aleak—. Txema Arinasek, berriz, Primo Leviren poesiagintza aztertu du beste erreportaje batean. Carson McCullers eta haren literatur lanak hartu ditu hizpide, berriz, Itziar Minguezek, idazlea jaio zela ehun urte eta hil zela berrogeita hamar bete direla.

Beste zenbait urteurren ere aintzat hartu dituzte. Hala, Gernika bonbardatu zutenetik 80 urte igaro berri direla, horrek poesian utzitako arrastoak aletu ditu Iratxe Retolazak testu batean. Halaber, Errusiako Iraultzaren mendeurrenean, haren bueltan sortutako literaturaz mintzo dira Joxe Iriarte Bikila eta Hedoi Etxarte, beste bi testutan.

Literaturari lotutako gertakarien urteko errepasoa ere egiten du ale berriak. Halaber, aurten hildako Luis Mari Mujika, Hasier Etxeberria, Marijane Minaberri eta Pierre Xarriton idazleak ere gogora ekarri dituzte aldizkarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.