Aireratu zituzten herensugeak, eta abiatu ziren errepidera. Astindu zituzten hegalak, ilusioz eta indarrez, inguruan topatuko zutenari su eman nahiko baliote bezala. Ekin zioten bidaiari, jakin gabe dena ezerezean utzi eta berriz abiapuntura itzuli beharko zutela. 2020ko martxoa zen. Hemen herensugeak daude diskoa kaleratu berri zuen Liher taldeak, baina lana aurkezten hasi orduko etorri zen dena aldatuko zuen izurria, eta hari aurre egiteko itxialdia. Bi urte ere ez dira pasatu ordutik, eta, gertakari hark utzitako pitzadurak oraindik bistan badaude ere, orrialdea pasatzeko adorea berreskuratuta dator taldea. Eta hutsa zen helmuga diskoa kaleratu du Donostiako laukoteak, hutsunea ostera kantuz betetzeko asmoz.
Disko berriak, hain zuzen ere, aurreko diskoarekin bizi izandako «bidaia emozional» hori kontatzen du, Lide Hernando taldeko abeslariak azaldu duenez. «Kolpe handia» izan baitzen ikustea egindako lan guztia goizetik gauera ezerezean geratu zela. «Lan handia izan zen disko hura prestatzea, eta talde gisa ere itxaropen handia jarrita genuen lan horretan». Disko kontzeptuala zen, musika, bideoa, ilustrazioa eta beste euskarri batzuk batzen zituena. «Hainbat urtetako plangintza bat zuen, ibilbide bat, eta hainbat elementuz osatua zegoen, baina pandemiak ezerezean utzi zituen plan eta asmo guztiak».
Aitortu du hasieran proiektua berreskuratzea ere pentsatu zutela, baina «frustrazioa» horren zen handia, ezen aurrera egitea erabaki baitzuten: «Esan genuen: 'Polita izan da disko hau sortzeko prozesua, baina sufrimendu bilakatzen ari da'. Eta orrialdea pasatzea erabaki genuen». Sormena baliatu zuten hutsune horri aurre egiteko; izan ere, kantu berriak sortzeari ekin zioten etxeko itxialdian zirenean. Iñigo Etxarri gitarristak sortu zituen gehienak. «Terapia moduko bat izan zen harentzat». Iazko uda amaitzerako, sortuta zituzten abesti guztiak, eta orduan hasi ziren diskoaren ideiari forma ematen.
Ohiko indarrez
Hernandok azpimarratu du «minetik» abiatutako diskoa izanik ere, aurreko diskoen ildoari jarraitzen diola Eta hutsa zen helmuga lanak, «nahiz eta bere berezitasunak badituen». «Disko honetan, adibidez, harmonia joko gehiago daude bi gitarren, baxuaren eta ahotsaren artean; elementu bakoitzak du bere lekua. Eta aurreko diskoan denak batera gindoazen. Gainera, esango nuke argi gehiago duela disko honek».
Ohi bezala, Hernandoren ahots melodikoa jarri dute lehen lerroan, baina hor diraute gitarra astunek eta erritmo markatuek ere, «blues, soul, punk eta funk ukitu txiki batzuekin». Hain zuzen ere, Hernandok uste du azken hiru diskoekin lortu dutela taldearen identifikagarri den soinu bat, «zigilu bat» sortzea, «rock» etiketaren barruan sartuko litzatekeena. «Agian Hauts, gure lehen diskoa, geratzen da lasaiago, folkiago, baina gainerakoak ildo beretik doaz».
Taldeak gustuko du, halere, disko bakoitza modu ezberdin batean grabatzea. Katalunian izan ziren aurreko diskoa grabatzen, eta Euskal Herrira itzuli dira oraingoan, Garate estudioan grabatu baitute diskoa, Kaki Arkarazoren gidaritzapean. Hernandoren arabera, nabari da kantuetan Arkarazoren eragina. «Hasieratik galdetu zigun zer nahi genuen, rock modernoaren egungo parametroetan sartu edo esperimentatu, eta bigarrena aukeratu genuen». Pozik dira emaitzarekin, batez ere, uste dutelako soinua taldearen benetako musikara hurbiltzen dela. «Esango nuke soinu egiazkoagoa duela disko honek. Zuzenekoan guk egiten dugun horretara asko gerturatzen da». Lau kolaborazio ere izan dituzte disko honetan: Noa Egiguren, Lidia Insausti, Alain Martinez eta Miren Narbaizak parte hartu dute diskoan.
Baikortasuna
Disko kontzeptualaren ideiari eusten dio taldeak orain ere; ez da aurrekoaren gisan elementu ezberdinak batzen dituen lan bat, baina «osotasun bat» du. «Lan hau ere kontzeptuala da guretzat. Eta diogu disko kontzeptuala dela bidaia emozional hori kontatzen duelako, eta abestiek ordena logiko bat dutelako». Eta modu esplizituan, lerro artean ezer utzi gabe kontatzen dute bidaia hori, gainera, nola musikaz, hala hitzez. «Lan autoerreferentziala da».
Hernandoren arabera, «egoera ez onartzetik» abiatzen da diskoa, indarrez eta kemenez. Baina diskoak aurrera egin ahala indar hori apaldu egingo da, taldekideak «borroka egiten saiatu arren kolpea pixkanaka onartzen» hasiko direlako. Amaiera aldera, berriz, «lasaitasun eta egonkortasun emozional bat» gailenduko da. «Gure arku sentimentala ere horrelakoa izan zen pandemian».
Hutsetik abiatu ziren, baina ez ezerezetik. Horregatik nabarmendu du Hernandok diskoaren izenburuak ideia «nihilista» bati baino gehiago Oteizak hutsari buruz zuen ideiari egiten diola erreferentzia. Hau da, hutsunea ez dela deusaren parekoa, beteta dagoela, «ikasi eta desikasitakoarekin», eta gehiago duela itxaropenetik etsipenetik baino.
Hasiak dira diskoa aurkezten, baina Euskal Herrian estreinakoz izango dira datozen egunetan: Ondarroan izango dira bihar. Durangoko Azokan ere joko dute orain hurrena, eta Algortan ere bai. Urtarrilerako bi emanaldi «berezi» iragarri dituzte: Bilboko Kafe Antzokian lehena, 27an, eta Intxaurrondoko kultur etxean bigarrena, 29an, Donostian. Sarrerak eskuragarri daude jada.
Hegaldiari berriz ekiteko prest
Liher taldeak 'Eta hutsa zen helmuga' diskoa argitaratu du. Izurriak eragindako «bidaia emozionala» kontatu dute, 11 kanturen bitartez. Ondarroan aurkeztuko dute lan berria bihar iluntzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu