Hegaldi aurreko etena

Urtebeteko geldialdia egin ondoren, 'Hegalak astinduz' diskoa aurkeztu du Hesian taldeak.Diotenez, «Motelagoa» eta «landuagoa» da lana

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Lasai eta xehetasun guztietan arreta jarriz. Hala sortu du Hesian taldeak Hegalak astinduz diskoa (Baga Biga). Taldeak atera duen seigarren lana da. Orain arte kaleratutakoetatik «gehien landutakoa» dela azpimarratu dute Zuriñe Hidalgo eta Fran Urias taldeko bi abeslariek. Abestiak jarri dituzte osatu duten lan guztiaren ardatzean. «Mantsoago» egin dute lan, abesti bakoitzaren ezaugarriak «azken punturaino» josiz. Hala adierazi zuen Uriasek atzo Bilbon egin zuten aurkezpenean, baina ez ziren prentsakoak bakarrik izan deialdian. Taldearen jarraitzaileek bete zuten aurkezpen aretoa.

Pozik agertu dira azken emaitzarekin taldekideak. Baina entzuleen esku utzi nahi dute balorazioa. Lana osatzeko prozesuan egin dute indar Uriasek eta Hidalgok. Izan ere, geldialdia egin du Hesian taldeak disko berrian murgiltzeko. Kontzertuak alboratu, eta entsegu lokala izan dute azken urtean plaza nagusia. Urias: «Inoiz ez dugu horrelako lanik egin». Horrek ahalbidetu du oraingoa izatea diskorik «osoena». «Asko pausatu gara. Abestiari lehentasuna eman diogu. Eta musika tresnak zein ahotsak ere abestiaren arabera neurtu ditugu, era kontzienteago batean».

Barrutik ez ezik, kanpotik ere egindako lana dela azpimarratu du abeslari eta gitarra jotzaileak. Abestiak sortu, grabatu entzun eta hobetzen aritu dira hilabete luzez: «Xehetasun guztiak zaindu ditugu». Gauza bera nabarmendu du Hidalgok: «Abesti bakoitzari behar edo eskatzen zuena eman diogu». Emaitza: 14 abestiz osatutako diskoa. Ez etsi abestiarekin bideoklipa osatu du musika taldeak. Doinuei dagokienez, orain arte taldeak egin izan dituenak baino «motelagoak» direla nabarmendu dute biek. Musika estiloa «ezberdina» da, Hidalgoren arabera: «Diskoari gehiago kostatzen zaio sartzea. Baina entzun ahala hartzen diozu gustua».

Hitzak garrantzitsuak dira Hesian-eko partaideentzat. Eta aurkeztu duten lanean, aurrekoetan egindako bideari heldu diotela azaldu du Uriasek. Aipatu ditu, besteak beste, maitasuna, politika eta arazo sozioekonomikoak. «Ikusten duguna islatzen saiatu gara». Disko berrian mezuak ez dituzte «horren zuzen» eman nahi izan. Hidalgok nabarmendu du entzuleak interpretaziorako tarte handiagoa duela orain. «Bakoitzari gauza bat iritsiko zaio abestiekin. Bakoitzak bere eran hartu eta interpretatuko du».

Azaroaren 28an egingo dute aurkezpen kontzertua, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.