'Hegalak' ikuskizunarekin utziko ditu agertokiak Iker Murillok

Urtarrilaren 21ean hasiko dute agur bira, Donostian, Viktoria Eugenian. Sarrerak salgai daude

Hegalak ikuskizunaren aurkezpena, herenegun, Donostian. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Azken hegaldia izango du Iker Murillo dantzari pasaitarrak. Agertokiak uztea erabaki du, eta Hegalak. Piano eta dantzarako euskal notak ikuskizunarekin borobilduko du ibilbidea. Josu Okiñena pianistak, Vitali Safronkine dantzariak eta Murillok berak ondu dute obra, eta urtarrilaren 21ean estreinatuko dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Hala, «etxean» emango diote hasiera agur birari —Safronkinek ere, proiektu honekin agurtuko ditu oholtzak—. Gonbidatu berezi bat ere izango dute emanaldi horretan: Ainhoa Arteta sopranoa. Besteak beste, Oñazez eta Nik badut maiteño bat abestiak kantatuko ditu. Ikuskizuna Arantxa Diaz Urbietaren testuek gidatuko dute, eta Aizpea Goenagak jarriko du zuzeneko ahotsa. Azaldu dutenez, «esperientzia sentsorial osoa» eskaini nahi diote ikusleari. Sarrerak salgai daude jada: 22,5 eta 35 euro bitarte balio dute.

Hiru artistek izandako sentimenduetan oinarrituta dago lana: tristura, harrotasuna, pasioa eta alaitasuna, hain justu. Safronkineren hitzetan, koreografiak sortzeko orduan emozio horiek izan ditu abiapuntu. «Gaiaren bila hasi ginenean, konturatu ginen bat gentozela gauza askotan. Eta batzen gaituen zerbait da haurtzaroan, gure ibilbidearen hasieran, izandako deserrotzea. Niretzat, iraganera egindako bidaia bat da, lau sentimenduren bidez eratua». Duela urte batzuk hasi ziren proiektuaren inguruan hausnartzen, eta emaitza taularatzeko gogoz daude. Diziplina ugari uztartzen dituela azaldu du Okiñenak: musika, dantza, poesia, irudia...

Interpretatu eta dantzatu

Euskal Herriko hainbat egileren hamabi kantuk osatzen dute ikuskizuna, «asko, orain arte ezezagunak». Interpretatuko dituzten obren artean daude, besteak beste, Tres bagatelas vascas, Andante doloroso, Dos danzas vascas, Ilargitan emazte-gayanerotz eztei taldea eta La valse. Okiñena: «Gure kulturako errepertorioa berraurkitu nahi izan dugu, ahanzturan geratua zen hori». Piano errezital bat izango da, eta horietatik bost pieza dantzatuko dituzte. «Ia interpretatu ez diren konposizioak dira, eta, orain, dantzatu ere egingo dira». Euskal paisaietan filmatutako proiekzioekin osatuko dute emanaldia. Arantxa Diaz Urbietaren testuek, berriz, «lotura eta koeherentzia» emango diote ikuskizunari. «Gidoi bat egin du guk planteatu genizkion sentimenduekin».

Deserrotzetik tiraka sortutakoa da lana, eta etapa bat ixtea ekarriko du. Murilloren eta Safronkineren ibilbide artistikoa, hain zuzen. «Nik neuk, nahiago dut onena erakutsi», onartu du Murillok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.