Zuberoako pastoralak edo, izen zaharragoz, trajeriak, mendez mende bizirik jarraitu badu, garai bakoitzari egokitzen jakin duelakotz da, zalantza izpirik gabe. Bai aipagaietan, bai beste osagarrietan ere, etengabe eraberrituz jardun du. Arrokiaga herriak uztailaren 29an eta agorrilaren 5ean antzeztuko duen Ameriketan eüskaldünak —José Mendiague pastorala izeneko trajeria ere berrikuntzen isla da.
Hala, kiristiak (onak) eta türkak (gaiztoak) oholtzara igotzeko musikaz lagundurik egiten duten entrada deitutako martxaren denboran, ikusleak ohartuko dira talde bakoitza bere aldetik etorriko dela taulada aitzinera. Orain arte, aldiz, kiristiak eta türkak, bi lerrotan jarrita, baina elkarrekin zetozen tauladaraino. Jean-Fabien Lexardoi errejent edo taula zuzendariak egin duen hautu hori, ez da bakarrik berrikuntza bat sartzeko gogoaren emaitza. Pastorala emango den soroaren formak ere horretara behartu du. Izan ere, Barkoxe edo Maule-Lextarre aldetik etortzean, Arrokiagako sarreran jarrita dagoen antzezleku horretan, entrada ohiko modura egiteko nekeak izango ziren.
Oholtza eta soinu jotzaileen aterpea, baita jantzi aldalekua ere, ezponda handi baten pare-parean eta bazter-bazterrean jarrita daude. Gisa horretara, ezponda horretan jarritako eserlekuetan egongo dira ikusleak. Guztira, 3.500 lagun inguru eseri ahal izango dira Arrokiagako herritarrek beraiek eginiko zurezko jarleku horietan, eta leku gehiagoren beharrez, ezpondako belardian kokatu ahal izango da jenderik. Pastoraleko soro mota hori Aloze-Ziboze-Onizegaine herriak 2009an eman zuen Belagileen trajeria aurkezteko egin zen lehendabizi, eta 2010ean Barkoxek eskaini zuen Xahakoa pastoralean ere berdin egin zen. Iaz, aldiz, Larraine herriak paratu zuen Telesforo Monzon pastoralarentzako, aspalditik baliatzen diren jarleku eraikigarriak alokatu ziren. Arrokiagak, haatik, urrats bat gehiago egin du zuberotarrek beraiek pastoral bateko osagaiak hornitzean, jarleku eraikigarririk ez baita izango, eta ikusle guztiak tauladaren pare-parean jarrita egongo baitira.
Aldaketa horiek ez diete, ziur asko, azarorik piztuko José Mendiague pastoralaren ikustera etorriko diren milaka lagunei. Oholtzako hiru ateen gainean eta soinu joileen aterpeko aitzinaldean jarri ohi den pastoralaren izenean, José Mendiague soilik da agertzen, nahiz obraren izen ofiziala luzeagoa den. Horrela deituko diogu, beraz, eta lehendabizi gogoraraziko dugu nor zen Jean Bordaxar Arrokiagako semeak eta kantari ezagunak pastoralhau idatzita omendu nahi izan duen pertsonaia.
Bizi guztia Argentinan, Txilen eta Uruguain igaro zuen olerkari, bertsolari eta euskaltzale sutsua izan zen Jose Mendiaga da (1845-1937). 18 urteak arte Hazparnen (Lapurdi)bizi izan zen, gurasoekin Hego Ameriketara erbesteratu zen arte. Atzerrian, haatik, ez zuen sekula galdu sorterriarekiko atxikimendua, euskararekiko zaletasun handia agertu baitzuen bere bizitza osoan. Euskarazko idazlan asko osatu zituen, batez ere olerkingintza eta bertsolaritza alorretan. Montevideoko Euskal Erria aldizkarian argitara eman zituen bertso eta olerki anitz, Euskal Herria eta euskal nortasuna goretsi zituelarik. Euskararen alde horrelako lan oparoa egin izanagatik, guztiz ezezaguna geratu zen Euskal Herrian, edo behintzat Piarres Xarriton euskaltzainak 1992. urtean haren idazlanak oro liburu batean bildu eta argitara eman zituen arte.
Rene Oihenartek egingo du Jose Mendiagarena, eta haren emazte Margarita Gandiolaren karguan, Xantiana Etxebest ibiliko da. Beñat Larrori arituko da, berriz, Jose Mendiaga gaztearen jokoa egiten. Mutil horrek, gainerat, bere aita Rene Larrorirekin batera, pastoral batean historiaren laburpena egiten duen lehen perediküa emanen du. Larrori sendiaren parte hartzea ez da horretan geldituko; Maialen eta Maider bi alabek baitute trajeria baten morala aditzerat ematen duen azken perediküa abestuko, uztailaren 29ko agerraldian behintzat bai.
Mustraka, oker egiterik gabe
Joan den igandean egin zuten mustraka nagusian, dena egin zen, ohikoa den legez, pastoralegunean bezala. Oker egite nabaririk ez zuen ikusi mustraka honen ikustera etorri zen jende mordoa. Pasadizo bat aipatzearren, esan dezagun artzainen kantako ardi buruzuri saldoak duda batzuk izan zituela jendeen artean eta ezpondaren behera oholtzaraino iristeko.
Beste urteetan legez, aholkatzen da pastoral lekura goiz azaltzea. Ikusgarria bera 15:30ean ttanko hasiko da, baina goiz etorririk, aukerarik bada 10:30ean pastoraleko arizaleek kantatutako mezan parte hartzeko zein denei irekia den bazkaritan izateko.
Hazparneko seme erbesteratua pastoralaz omentzeko, dena prest
'José Mendiague' trajeriari esker, Hego Amerikan bizi zen euskaltzale baten berri izango dute ikusliarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu