Palmondo nano baten hostoak edo olo haziak. Maria Cuetorentzat (Avila, Espainia, 1960) «edozerk» balio du basoak, konstelazioak edo ur azpia irudikatzeko. Duela hogeita hamabi urte Berastegira (Gipuzkoa) joan zen bizitzera, eta orduan hasi zen mendi txangoetan aurkitzen zituen natura elementuekin artelanak sortzen. Ordutik gaurdaino artistak hamaika lan sortu ditu belarrekin, adar txikiekin zein hostoekin. Obra horietako batzuk ikusgai jarri ditu, irailaren 15era arte, Donostiako Kristinaenea parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean.
Hiru lan sortaz osaturiko erakusketa da, eta bakoitzak parkeko jauregiko areto bat hartu du. Basoaren bihotza aretoko osagai nagusia da kuskulalandarea (Cuscuta epithymum). Hauskorra dirudien arren, «oso indartsua» dela aitortu du Cuetok; eta harekin sortu ditu helize, esfera eta kono itxurako baso txikiak.«Irudi geometrikoen itxura duten eskultura arinak dira, eta ehuntzeko teknikak erabili ditut haziak beraien artean lotzeko». Areto horretako obrak sortzen hasi zenean, tapizak ziren nagusi obretan, baina, proiektua garatu ahala, hori desagertuz joan da, «kaligrafia landareetan» bilakatu arte.
Erakusketako gela orok beira arasa bat du. Barruan, areto bakoitzean erabili diren landareak azaltzen dira, bai eta horiek nola txikitu diren hazi bihurtu arte. Haziak dira, hain zuzen, proiektuaren ardatza, besteak beste, «iraunkorrak izateaz gain, bizitzaren oinarria» direlako. Duela urtebete, Bartzelonan Paul Kleeri eskainitako erakusketa bat bisitatu zuen Cuetok, eta Hazi hegalariak deituriko obra bat topatu zen, eta ez zuen bi aldiz pentsatu Kristinaeneako erakusketa hala izendatzeko. «Kontuan hartuta Mariak [Cuetok] urteak daramatzala landareekin eta haziekin jolasten, titulua ezin hobeto doakio erakusketa honi», azaldu du Mariano Arsuaga proiektuko laguntzaileak.
Espazioa nagusi
Mariano Arsuagak lagundu dio Cuetori erakusketaren informazio piezak eta erakusketa muntatzen; eta Eneko Calvo izan da haren koordinatzailea. Proiektua osatzen duten argazkiak eta ikus-entzunezko edukiak Iñigo Royok sortu ditu. Lantaldea eskuzabala izan dela aitortu du artistak, eta «oso eskertuta» sentitzen da. «Oso malguak izan dira nirekin, nahi dudana egiten utzi didate; besteak beste, Ingurumen Baliabideen Etxeko hormak margotzen utzi didate». Espazioa izan da, hain justu ere, proiektuko protagonista, artelanekin batera.
Argiztapenaren eta hormen koloreen bidez, Cuetok espazioaren garrantzia nabarmendu du. Basoaren bihotza aretoko horma berdeek eta leihoetatik sartzen diren argi izpiek artelanak nabarmentzen dituzte; eta Urarena aretoko horma eta moketa urdinek, berriz, antzoki bat dirudien «sekulako espazioa» bilakatu dute erakusketa. Horma zurietan islatzen diren argi izpiek, berriz, Konstelazioak gela naturarekin konektatzea lortzen dute, egileak esan duenez.
«'Hazi hegalariak' erakusketan, beharrezkoa ez zena alde batera utzi, eta material organikoak soilik erabili ditut»
MARIA CUETOArtista
Bisitaria ur azpian murgilduko da lau horma eta zoru urdinen artean, Urarena aretoan. Ikuslea palmondo nano (Chamaerops humilis) zuriz egindako marmokek eta arrainek inguratuko dute —artistak berak margotu zituen zuriz—, eta material berdinez egindako olatu handi bat zeharkatu ahal izango du. «Palmondo nanoa zuriz margotzea erabaki nuen, deigarriagoa egin, eta ur elementuak ordezkatzen dituen kolore egokiena delako», argitu du artistak.Horrez gain, beste hainbat elementuk osatzen dute lan sorta hori, esaterako, iturri batek eta harri batek ur gainazalean sortzen dituzten uhinek.
Palmondo nanoa da Konstelazioak erakusgelako elementu nagusia ere. Hiru aretoetatik, Cuetoren obrarik zaharrenak dituenak da hori, eta, beraz, argien erakusten duena artistaren lanen garapena. «Lehen, lanetan material asko erabiltzen nituen, eta, oraingo proiektu honetan, beharrezkoa ez zena alde batera utzi, eta material organikoak soilik erabili ditut», argitu du. Besteak beste, ikusgai daude duela hamar urte sortu zituen lehen kometak eta gaur egungoak; lehen, material bakarrekoak ziren, eta, orain, bestelako materialez eta irudi geometrikoz eginiko sartzen ditu lanetan.