Hazi beretik, hamaika eskukada

«Behar batetik» eta familia giroan jaio zenetik gaurdaino, hamar urteko ibilbidea egin du Bidehuts musika kolektiboak, autoekoizpena, kidetasuna eta askatasun musikala alde batera utzi gabe. Donostiako Le Bukowski aretoan festa egingo dute gaur, urtemuga ospatzeko.

Maite Arroitajauregi Mursego, kontzertu batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
2017ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hutsa bidea, baina ez norabidea; autoekoizpenaren aterkipetik atera gabe hamar urte egin ditu Bidehuts kolektiboak. 2006an sortu zen, ibilbide emankorrerako premisa nagusietako bat izan den laguntasun giroan. Ospatu ere halaxe egingo dute gaur, Donostiako Le Bukowski aretoan.

Metak diskoetxearen itxierak hura osatzen zuten hainbat talderentzat hutsune handi bat zabaldu zuen modu berean, hutsune hori behar bihurtzen, eta behar horri erantzuna ematen jakin zuten Anari, Hotel, Inoren Ero Ni eta Lisaboko partaideek. Testuinguru jakin horrek bultzada eman bazien ere, taldeak sortzen zuenaren gaineko kontrol osoa izango zuen egitasmo bat sortzeko ideia, zehaztapen handirik gabe bazen ere, izan bazutela dakar gogora Karlos Osinagak, besteak beste, Lisabo taldeko eta, beraz, kolektiboko kideak: «Lisaborekin lehenengo maketa kaleratu genuenean imajinatzen genuen egunen batean diskoetxe propioa izango genuela, bere bide propioa egingo zuena. Inoren-ekin batera single bat egiteko ideia genuen; jada bagenuen aitzakia bat, eta ondoren etorriko zen beste guztia».

Aitzakian geratu zen single partekatua, eta Lisaboren Ezlekuak bihurtu zen kolektiboaren lehen erreferentzia, 2007an, eta, hala, egun 39 lanek osatzen duten katalogoa zabaldu zuen. Modu naturalean eta bidea ibiliz eginez ekin zioten. Sortzen denaren gaineko kontrola sortzaileak berak hartzeko nahia ez zen berria, ezta musika ulertzeko modua ere. Ideia nagusi horretatik aurrera ezer gutxi finkatuta, «inprobisatu» egin zutela onartu du Osinagak. Apustu arriskatua izan zitekeen halako proiektu bat martxan jartzekoa, are, diskoen salmentetan gainbeheraren zantzuak orduantxe nabaritzen hasiak zirela kontuan hartzen bada. Hala izan zen jakiteko, gaiari «gaur egungo perspektibatik begiratzea» beharko zukeen Osinagak: «Agian bazen apur bat arriskatua, baina salmenten beldurrik ez genuen. Guk inoiz ez dugu krisirik nabaritu, beti egon izan baikara, nolabait, krisian. Gure musika zabaldu nahi dugu, baina ez dugu egiten enpresa planteamendu batetik».

Kide diren taldeek osatzen dute Bidehuts, eta horiek markatzen dute proiektuaren erritmoa ere. Taldeek euren gain hartzen dute ekoizpen prozesu guztia eta egitasmoa osatzen duten kideen artean, elkarlanean, hori aurrera eramateko bermeak jartzen dira. Horrek kolektibizatzen du proiektua, eta, kolektibo izaerak berekin dakartzan konpromisoak hartzea ere eskatzen die kideei. «Talde bakoitzaren autoekoizpenak dira; elkarlanean egiten ditugu, baina taldeak borrokatu behar du. Ez da beste diskoetxe batzuetan bezala, zeinetan masterra eramaten duzun, eta haiek emaitza eskura ematen dizuten», argitu du Osinagak.

2009an batu zen proiektura Gernikako (Bizkaia) Audience taldea. «Oso hurbileko» diskoetxeekin arituak ziren aurrez, euren beharretara «oso ondo egokitutako planteamendua» zutenekin, Ager Insunza taldekideak dioenez. Taldeak diskoetxearekin duen harremanean nabaritu zuten aldaketa nagusia: «Bidehutsek badauka gauzak egiteko modu jakin bat, eta lana behar bezala egin ahal izateko euskarri bat. Gainerako taldeek bide hori egina daukate, eta gu ere ikasiz joan gara. Lan karga handiagoa da beste diskoetxeetan baino, baina, horrekin batera, emaitzak gehiago gogobetetzen zaitu».

Askatasuna erabakietan

Autogestioak egiten du aniztasuna batasun Bidehutsen, eta konpromiso hori dute kolektiboarekiko lotura, haren parte diren taldeen elkar eraginak eta askatasun musikalek ere talde izaera horretatik edaten dutela uka ezin badaiteke ere. Diskoaren diseinua, egile eskubideen kudeaketa, formatua... erabaki asko dira, hala ere, hartu beharrekoak, eta horietan askatasun osoa dute musikariek. «Taldeak autonomia du nahi duena egiteko, hori da benetako filosofia. Askatasuna mantentzeko beharrezkoa da; horrexegatik sortu zen Bidehuts, eta horixe mantendu nahi dugu».

Insunzak ere ez du inoiz mugarik edo presiorik nabari izan egitasmoaren partetik. Batu zirenetik egin dituzten asanbladetan hartutako erabaki guztiak «taldeei askatasuna ematen dietenak» direla uste du, euren esperientzia propioa adibidetzat jarriz: «Durangoko Azokan izan ala ez erabaki behar izan denean, adibidez, Bidehutsek ez digu inolako oztoporik jarri ingelesez abesten dugulako». Alta, proiektuari «nortasuna» ematen dioten «joera eta intentzio» batzuk nabari ditu, inon idatziak ez daudenak, baina identifikagarriak direnak. «Gauzak norbere kabuz eta norberak nahi duen moduan egiteko nahiak». Hala laburbildu du Osinagak, partaide izatean gidaliburuen edo pauten beharrik ez dagoela argi utziz. «Gaztetxe bateko kide zarenean, inork ez dizu ematen taula bat dekalogo batekin; bada, gure kasuan gauza bera da. Era berean, lana nahita bilatutako inertzien esku uzte horretan, batzuetan, «oso airean dagoen zerbait» dela iruditzen zaio. Sentsazio bera partekatzen du Insunzak: «Egia da nahikoa egitura hauskorra ematen duela: talde batzuk batuta proiektu komun bat aurrera eramateko». Gaur egungo taldeen beharrak garaiz identifikatu izana da, besteak beste, iraupenerako «giltza», haren arabera.

Familia handitzen

Proiektuaren lehen harriak jarri zituzten lau talde horietatik, beste hainbaten estalpe bihurtu da Bidehuts. Batzuetan, musikariak egitasmora hurbilduta, eta, besteetan, alderantziz, zabalduz joan da, nahiz eta azken urteetan izen berriak gutxi izan diren. Hori dela eta, batzuetan, ghetto moduan hartu izan dituztela onartu du Osinagak, baina «harremanak naturalak» diren «lagun talde» moduan hartzen du proiektua, eta ez hazteko berezko anbizioa duen diskoetxe baten moduan. Aipatutako harremanak eta kideen interes konpartituak izan ohi dira, normalean, talde berriak batzearen arrazoi.

Lehen hartu-eman «oso natural» baten ostean elkartu zitzaion Audience egitasmoari, Insunzak gogoan duenez, bi aldeetako beldurrak izan baziren arren: «Bidehutsi iruditu zitzaion talde handiegia, edo ibilbide eta inertzia handikoa ginela. Guk, aldiz, aurkako sentsazioa genuen, euren proposamenean lekua izango ote genuen kezka, alegia». Taldeak bere jardunerako beharrezkoak dituen «euskarri eta sustengu minimoa» ematen diela dio.

Hamarkada oso bateko jardunari errepasoa eginda, hasieran zen hura gaur den horri begiratuta, sortu zutenek eurek ere ez zutela espero dio Osinagak. Hurrengo urteetan izango dena, berriz, taldeek eurek erabakiko dutelakoan dago. «Behar izan batetik» sortu, eta jarraitu ere horri erantzunez egingo duelakoan da Insunza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.