Hautu arriskutsu eta hausleen egileak

Laboa, Axiari, Imanol eta Ordorikaren sorkuntzarako ausardian jarri du begirada Juan Gorostidik 'Lau kantari' saiakera laneanEuskal kantagintzaren urrezko aroan «sortzaile bakanak» dira, egilearen hitzetan

gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Gustuko kantariak eta musikariak dituela begi bistakoa da, baina ez da hori izan Lau kantari (Pamiela) saiakera idazteko arrazoi bakarra, ezta nagusia ere ziur asko. Laurak dira herrikoiak, laurak dira desberdin, laurak dira bakan Juan Gorostidiren (Altza-Pasai Antxo, Gipuzkoa, 1956) hitzetan. Baina, batez ere, lau egile horiek sortzaile modura izandako ausardia nabarmendu du egileak liburuan. Euskal kantagintzaren urrezko aroa 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadek osatzen dute Gorostidiren ustetan, eta aro horretako lau gailur dira Beñat Axiari, Mikel Laboa, Imanol Larzabal eta Ruper Ordorika. Gehiago ere izan zitezkeen, baina lau horietara mugatu du hautaketa: «Saiakera bat da liburua, bere pretentsio intelektuala duena, eta erabat subjektiboa. Uste dut euskal kantagintzaren inguruko lehen saiakera liburua dela euskaraz, eta nahi nuke hemendik aurrera gehiago egingo balira, eta ez soilik kritikariaren ikuspegitik». Gehiago ere sar zitezkeen liburuan, baina lau horiek hautatu ditu. Hala ere, izenburuaren mugagabeak adierazten du ez direla esparru edo kategoria jakin bateko kantari bakarrak.

Lau musikariak dira «hautu sakon, arriskutsu eta hausleak» egindakoak, Gorostidik azaldu duenez: «Musikan, batez ere, joera dugu azalkeriara jotzeko. Zerbait gustatzen zaigu edo ez zaigu hainbeste gustatzen. Baina, lau kantarion hautuetan, eta beraien ibilbideetan, badago zerbait ez dena bakarrik kantu eder bat edo ez hain ederra, askoz ere gehiago dena. Laurak izan daitezke eta dira kasu bakanak».

Bakan, nor bere erara

Lau artisten bakantasuna ezaugarri desberdinek zedarritzen dute egilearen arabera. Imanolengan hiru aro bereizten ditu Gorostidik: hastapen militantearena (1980. urte artekoa); aro liriko klasikoa eta azken aro bat, «non gainbehera pertsonal bat gertatzen den, eta baita noraeza estetikoa ere». Euskal kantagintzaren esparru liriko-klasikoan Imanol izan zen goia jo zuena, Gorostidiren irudiko: «Ez da izan oraino hori gainditu duenik».

Mikel Laboa aski ezaguna da gurean, baina Gorostidik uste du «ezezaguna» dela oraindik: «Gure artean kantu sorta eder batzuengatik da ezagun, ez bilaketa sakonak eta arrisku latzak hartzeko gai izan zen artista harrigarri moduan. Nire lanak Laboa artista entzun eta ezagutzeko gonbita izan nahi luke». Ezezaguntzat du, halaber, Beñat Axiari, eta horrek harridura ere sortzen dio: «Munduan zehar euskaldunok dugun enbaxadore artistiko behinenaz ari naiz. Berea da diskografiarik oparoena: 35 bat disko grabatuak, munduan zehar lehen mailako eta joera ezberdineko musikari zerrenda harrigarri batekin. Ausartuko nintzateke esatera Laboa eta Axiari zentzu askotan txanpon bereko aurkia eta ifrentzua direla».

Ruper Ordorika da liburuko lau kantarien artean gazteena, rock kultura gertuenetik bizi izan duena, baina baita «kasu bakana» ere: «Gure artean gertatutako rockaren eztandarekin batera etorri zen, baina berea ez da—besteekin alderatuz— rockaren erritualtasunari mugaturiko emana, arnasa luzekoa baizik. Berak erakusten du rockak ekarritako iraultza herri-musika garaikidean ez dagoela unean-uneko ezinbesteko urgentziazko eztanda batzuei soilik lotua, mundua ikusteko eta tratatzeko beste jarrera eta hizkuntza mota batzuen bilakaeran baizik».

Juan Gorostidi ez da musika kritikaria, ez da liburuko lau protagonisten adiskidea ere —«ez dut harreman pertsonalik izan beraiekin»— , baina dolu kolektibo moduko batek —Imanolen eta Laboaren heriotzek eragina— eman zion abiapuntua lau kantarien inguruko lana abiatzeko. Musika eta psikologia ikasketak ditu, eta hainbat lanetan aritua da: industrian, haurtzaintzan eta nekazaritzan.

Lau musikarien inguruko gogoetez gain, musikaz, oro har, eta, batez ere, XX. mendean herri musikan izan zen eraldaketaz ere gogoeta egiten du Gorostidik liburuko Goragune bila lehen atalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.