Hautemanezina margotzea

Jose Antonio Sistiagaren atzera begirakoa ireki du Donostiako Kutxa Kubo aretoak, artistaren naturarekiko begiradan ardaztuta. Ehundik gora pieza bildu dituzte: koadroak, lan grafikoak eta filmak

Zazpi aretotan egituratu dituzte Jose Antonio Sistiagaren ehundik gora piezak; irudian, bisitari bat 1970etik 1997ra bitarteko mihise bati so. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Trazuak eta tantak, milaka pintura tanta. Kartoi gainean, paper gainean, mihise gainean, are, baita zeluloide baten azalera finean ere. Laurogei urtetako lanean ondutako obra darama bizkar gainean Jose Antonio Sistiaga artistak (Donostia, 1932), eta ibilbide horri begira jarri da Donostiako Kubo Kutxa aretoa urteko lehen erakusketan. Ez dute «atzera begirako klasiko bat» prestatu gura izan, ordea; bide horri begiratzeko helduleku berri bat proposatu baizik. Eta horren emaitza da De rerum natura. Guztira, ehundik gora pieza bildu dituzte, margolanak, lan grafikoak eta filmak, eta izenburuak aurreratzen duen hori da erakusketa taxutzeko baliatu duten ildo nagusia: artistak naturarekiko eta paisaiarekiko izandako begirada, zeinak «hari eroale gisa» funtzionatzen duen Sistiagaren obra guztian, Jean-Michel Bouhours komisarioaren esanetan. Maiatzaren 22ra arte bisitatu ahalko da, eta jarduera paraleloak izango dira bitarte horretan.

Sistiaga bera aurkezpenean egongo zela iragarria zen arren, Ane Abalde Kutxa fundazioko Arte eta Ondareko zuzendariak eta Ander Aizpurua Kutxa fundazioko zuzendariak penaz azaldu dute azken orduan ezin izan duela joan. Pozik azaldu dira, ordea, Sistiagaren itzala duen norbaiten lana beren gunean zabal erakutsi ahal izateagatik. Abalde: «Legezkoa zen Sistiagari erakusketa hau egitea eta bere lanaren berrirakurketa bat antolatzea, gure artista garrantzitsuenetariko bat izateaz gain, euskal panorama kulturalaren protagonista eta eragile erabakigarria izan delako». Gehitu du, gainera, Kutxak urteetan harreman estua izan duela artistarekin, «Gaur taldeko beste artista batzuekin bezala» —talde horretako parte izan zen Sistiaga, Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza eta Jose Luis Zumetarekin batera—. Erakundearen arte bilduman haren presentzia nabaria izan dela ere aipatu du, eta bertako bi lan baliatu dituztela erakusketan. «Harreman estu horren isla ere bada erakusketa-omenaldi hau».

Urteak dira Bouhours komisarioak gertuko harremana duela artistarekin, eta, besteak beste, Parisko Pompidou zentroko zinema saileko kontserbazio burua eta Monakoko Museo Nazionaleko zuzendaria izan da, baita Sistiagari eskaini zaizkion beste erakusketa batzuen komisarioa ere —besteak beste, Koldo Mitxelena Kulturunean 2011n eta Oteiza museoan 2015ean egin zirenenak—. Hau da, hala ere, haren obrarekin egin duen proiekturik handiena, eta Lukrezio poeta klasikoaren De rerum natura lanetik hartu du izena. Azaldu duenez, urteetan artistarekin izan dituen solasaldietan ohartu da hark asko oinarritzen dituela bere gogoetak Epikuroren tradizioan —filosofo greko horri egiten dio gorazarre Lukrezioren lanak—.

Hala garatu du: «Epikurok eta geroago Lukreziok atomoz eta hutsaz osatutako materia eta haren mugimendua deskribatu zituzten, zentzu intuitibo baina partekatutako bati segika eta zientziari aurrea hartuz. Jose Antonio Sistiagak modu ikaragarrian jorratu zuen materiaren errepresentazio hori, betiere artista irudimenean oinarrituta. Pinturarekin eta, batik bat, margotutako filmekin berehalako zentzumenek harrapatu ezin dutena adierazten du, eta, batez ere, ikusmenari ihes egiten diona. Hor dagoela dakigun hori, baina hauteman ezin duguna adierazten du».

Zazpi sekuentzia

Ordena kronologikoari jarraituta egituratu dute erakusketa, zazpi ataletan. 1955etik 1964ra bitarteko margolanek osatzen dute lehena, eta inoiz erakutsi gabeko zenbait lan jarri dituzte bertan, erakusketa prestatzean topatu dituztenak —Gorka Sistiaga artistaren semeak, batik bat; aurkezpenean egon da—. «Natura hilak daude, paisaiak, eragin ezberdinak... bila ari den artista bat erakusten dute», nabarmendu du komisarioak.

Lehen atal horretatik hasita eta beste guztietara hedatuz, paisaiaren errepresentazioa figurazioaren eta abstrakzioaren artean mugitzen da erakusketa osoan, eta etengabekoak dira, hala, argiari, mugimenduari berari, abiadurari eta natura hautemateko beste alor batzuei egindako keinuak artistaren obran. Konstante bat da, komisarioaren esanetan, artistaren «jainkorik gabeko espiritualtasuna» ere. Eta eragin askotarikoen artean nabarmendu du Zen filosofiatik eta formari ihes egiten zioten Parisen ezagututako artistengandik hartutako bi kontzepturen garrantzia: sakontasuna eta gardentasuna.

Donostian hasi zen margotzen Sistiaga; Parisera egin zuen gero 1950eko hamarkadan, eta Eivissara (Balearrak, Herrialde Katalanak) eta Donibane-Lohitzunera (Lapurdi) lekualdatu zen hurrengo, lanerako testuinguru aproposago baten bila beti. Tarte horretako (1955-1965) obra grafikoa biltzen du, bada, bigarren aretoak, eta bertan dator erakusketako lehen filma ere, kasu honetan, «figuratiboa»: Sistiagaren beraren autorretratu bat. Bouhours: «Krisi une bat zuen; kamera piztu, eta bere burua jarri zuen haren aurrean, krisialdi hura filmatzen uzteko».

Atal horren sarreran dator, halaber, artistak margotutako lehen koadroa, 1947koa: Amara auzoa (Donostia) ageri da, eta aldamenean dago hamar urtera margotu zuen beste lan bat, paisaiarekiko ikuspegian artistak egindako jauzi formala erakusten duena.

Etena eta eraldaketa

Urte emankor batzuen ondotik, 1965ean «ekoizteari» utzi zion Sistiagak, «Oteizaren urratsei segika» —hark ere eskultura egiteari utzi baitzion urte gutxi batzuk lehenago, ikerketa esperimentalean eta pentsamendu teorikoan zentratzeko—. Hiru urte iraun zuen eten horretan, Esther Ferrer lagun zuela, Adierazpen Askeko Lantegian eta, Bouhoursen hitzetan, «aktibismoan» aritu zen Sistiaga, eta zinemarekin itzuli zen lan artistikora, 1968an. Orduko ...ere erera baleibu izic subua aruaren... filma ikus daiteke, hain justu, hirugarren aretoan: inoiz zuzenean zeluloidearen gainean margotutako lehen film luzea da, mutua, eta 70 minutu irauten du. Hark ekarri zion nazioarteko ospea Sistiagari, eta komisarioak adierazi du gaur egun ere zinema abstraktuaren historian «parekorik ez duen lan bat» dela oraindik.

Sistiagak berriz pintzelei heltzea ere ekarri zuen lan horrek, gainera, eta, 1970eko hamarkadatik aurrera, tamaina handiko mihiseak margotu zituen —erakusketako laugarren atala hartzen dute—. Naturari eta paisaiari lotutako gaiak lengoaia abstraktu bidez irudikatuak agertzen dira horietan, margolaria ordurako «abstrakzio informalaren figura nagusietako bat» zeneko isla. Bouhours: «Zinemako esperientziak bide original bat topatzen lagundu zion pintura informalaren eremu estetiko zabalean».

Areto horretako margolanekin paraleloan, tarte horretan artistak garatu zuen obra grafikoaren lagin bat ere jarri dute ikusgai, bosgarren aretoan. Ikatz-ziriz eta argizariz egindako lanak dira, eta lerro kurbatuak dituzte, naturaren mugimendu handi eta geldoak gogora dakartzatenak, besteak beste. Aipagarriak dira aldi horretako bi serie figuratibo ere: 1970eko urteetako biluziak eta 1980ko serie erotiko bat. «Biluzi horiek soilik modeloari begira egin zituen, margotzen ari zena begiratu gabe», kontatu du komisarioak. Eta Sistiaga semeak gaineratu: «Eskuak inteligentzia eta memoria dituela esaten du».

2011tik aurrera, Abiadura, argia, kolorea: keinu bakarra, hiru emaitza desberdin izeneko sorta ondu zuen artistak, eta lan emankor horri egin diote lekua azken-aurreko aretoan. Kasu honetan, denak dira kartoi gainean olioz margotutako lanak. «Sistiagarentzat, azkenean, bizitza bera da margotzea. Gaixo egon zen sasoi batean ikustekoa zen nola sumatzen zuen margotzearen falta. Hauek biak [bertikalean jarritako bi lan txiki seinalatu ditu, pintura zipriztin koloretsuz betetako bi kartoirekin osatutakoak] ikaragarri gustatzen zaizkit niri: konfinamenduan ezin zuen Ziburutik [han bizi da artista, Lapurdin] Donostiako bere estudiora joan, eta etxean lehenago topatutako kartoiekin egin zituen».

Azkenik, Film kosmikoak deitu duten zazpigarren aretoan, pintatutako beste bi film ipini dituzte ikusgai: Inpresioak goi atmosferan (1988-1989) eta aurrez argitara atera gabeko Han, zeina 1992an hasi baitzuen artistak, eta zazpi minutuko zeluloidearen bi minutu baino ez zituen utzi margotuta. Erakusketarako digitalizatu dute propio, eta pantaila bikoitzean proiektatzeko moldatu.

Jarduera paraleloak

Erakusketak iraun bitartean, eta hura «testuinguruan» jartzeko, bi jarduera berezi antolatu dituzte maiatzera bitartean, Gasteizko Artium museoarekin eta Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean. Batetik, martxoaren 10ean, mahai inguru bat izango da Tabakalerako Kutxa Kultur plazan, Rocio Robles Tardio, Sergio Rubira eta Mikel Onandiarekin; Artiumen berriki ireki duten Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979 erakusketako komisarioak dira hirurak. Eta, bestetik, maiatzaren 6an, ...ere erera baleibu izik subua aruaren... filma proiektatuko dute Tabakalerako zinema aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.