Guztira, 37 artistak jaso dute aurten Bilboko Bilbo Arte espazioan lanean aritu ahal izateko beka, eta haien arteko zazpi hautatu dituzte orain, hurrengo urtean aretoko erakusketa programazioa osatzeko. Erakusketa bana izango dute, beraz, 2018an bertan Ines Garciak, Manuel Blazquezek, Zuhar Iruretagoienak, Ion Macarenok, Beatriz Sanchezek, Maria Benitok eta Uxue Lopezek.
Hiru kide izan ditu proiektuak hautatu dituen epaimahaiak: Moises Perez Albeniz galerista, Concepcion Elorza Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta Enrique Martinez Artium arte zentroko kontserbatzailea. Haiek hautatu dituzte erakusketak izango dituzten artistak, eta programazioak izango dituen ezaugarri orokorrak ere aurreratu dituzte arduradunek. Haien hitzetan, eskultura eta esperimentazioa izango dira nagusi egindako hautaketan, eta, horrez gainera, errealitate digitalaren eta errealitate analogikoaren arteko kontraesanek izango duten garrantzia ere nabarmendu dute.
Urte amaieran erakusketa kolektiboa antolatu ohi du Bilbo Artek beka jaso duten artista guztien lanekin, eta hor ikusitakoaren arabera hautatu dituzte zazpi proiektuak epaimahaiko kideek. Abenduaren 19ra arte izan zen ikusgai erakusketa, eta atzo jakinarazi zituzten hautatutako sortzaileen izenak.
Negua eta mundu digitala
Negu paisaien irudiak izango ditu oinarri Ines Garcia sortzailearen erakusketak, esaterako, eta Franz Schubert konpositorearen Winterreise lana hartuko du horretarako abiapuntutzat. Paperaren bidez, zenbaki sekuentziak diseinu bilakatuko ditu Manuel Blazquezek. Irudien sorkuntzari buruzko gogoeta izango du ardatz Zuhar Iruretagoiena artistak. Ion Macarenok hiru dimentsioko sorkuntza birtualera eramango ditu bere kezka eskultorikoak. Beatriz Sanchezen erakusketak ere kontuan izango du alor digitala, digitalizaziorako joera orokorraren aurka, berak bide analogikoak baliatzen baititu lanerako. Maria Benito artistak idaztearen, hitz egitearen, abestearen eta errezitatzearen arteko muga izango du langai, eta Uxue Lopezek diseinu esperimentala landuko du, hainbat arte diziplinaren bidez.
Otsailean hasiko da erakusketa zikloa, eta azaroan amaituko. Abenduan berriz egingo dute 2018an beka izan duten artista guztien erakusketa.
Hautatu dituzte Bilbo Arten erakusketak egingo dituzten zazpi sortzaileak
Garcia, Blazquez, Iruretagoiena, Macareno, Sanchez, Benito eta Lopez artistek erakusketa bana izango dute 2018an Bilboko arte aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu