Adiskideak, idazleak eta itzultzaileak, jende asko izan da, aspaldiko partez, literatura liburu berri baten aurkezpen ekitaldian, Donostiako Liburutegi Nagusian. Xabier Montoiak Taxiak ez dira inoiz gelditzen argitaratu du Susa etxearekin, bere zazpigarren ipuin liburua. Ane eta Maite izeneko emakume biren bizipenak eta oroitzapenak aletzen dira hamar kontakizunetan, denak lehen pertsonaren ikuspuntutik, eta txandaka, aurrena protagonistetako bat eta ondoren bestea, lanbidez irakaslea bat eta adinekoen zaintzailea bestea. Denboran aurrera egin ahala, pixkanaka errebelatzen ari diren argazkiak dirudite ipuinek. Obra osoak ia-ia nobela baten traza hartzen du, amaiera ireki batekin.
Aurreneko kontakizunaren izenburuak eman dio titulua liburuari. Ane da protagonista, eta nerabe garaiko kontuez akordatzen da: anaia bat gaixo, ama ospitalean zaintzen, aita kanpoan lanean, Ane osaba-izeben etxera bizitzera joana, eta... lehen amodioa. XX. mendearen azken laurdenean kokatua da hastapena. Eta bukaeran, liburua ixteko, ingelesezko izenburua dakar hamargarren ipuinak: Incapableof love (Maitatzeko ezgauza), Dexys musika taldearen abestia, 2012. urtekoa. Hemen Maite mintzo da: «Maitasuna birus bat da, besterik ez. Gazte txoroak eta zahar are txoroagoak berdin kutsatzen dituen birus zentzugabeki menderaezina». Hori da Montoiaren lan berri honek fikzioan eskaintzen duen aroa, eta apur bat giroa.
Dilema etikoak
Montoiaren liburuaren aurkezpen hitzaldia Josu Landak egitea ezustekoa izan da, eta laketgarria aldi berean, literaturazaleek gogoan baitute 1983an Montoiaren Anfetamiña lehen poema liburuaren editorea Landa bera izan zela, eta halaxe abiatu zela Susa argitaletxearen historia. «Montoiak bere ibilbide literarioan klase askotako generoak baliatu ditu: poesia, eleberria, ipuina, kronika, eta baita kantua ere. Eta horietan guztietan bada ahots bat», Landaren aburuz, «gainerako idazleengandik berezi egiten duena». Pertsonaien eta istorioen bidez, gizon-emakumeen balio moralen eta haien galeraren inguruan hausnarketa planteatzen duela azaldu du. «Montoiaren kontakizunetako pertsonaiek, zirkunstantziek, kondizioek, garapenek gizartearen ustezko kode moralaren apurketa bat erakusten dute. Transgresio dei daitekeen horren ondorioekin aurrez aurre jartzen ditu pertsonaiak». Trangresio horiek maiz zerikusia izaten dute boterekeriarekin. «Idazleak inoiz ez ditu salaketa moduan planteatzen, baina dilema etikoen aurrean jartzen ditu pertsonaiak aurrena eta irakurleak ondoren».
Kentzearen garrantziaz
Idazteak eta bere eguneroko bizitzako kontuek beti lotura izan dutela adierazi du Montoiak. «Ni idazten hasi nintzen nire aitarengatik. Nire aitaren kontra. Eta nolabait horretan ari naiz harrezkeroztik».
Hamar ipuineko bilduma hau osatze bidean, bazterrean utzi ditu beste bost kontakizun. «Liburua gehiegi biribiltzen zuelako kendu nuen azkeneko tokian ipinita neukana. Ez nuen nobela bat egin nahi». Bukaera ireki bat behar zuela iruditzen zaio. Hasieran ipinita zeukana, aldiz, kendu zuen, «ildo bakar batera gidatzen zuelako asmo osoa. Politikoki zuzena zen toki batera. Eta horrekin ez nengoen gustura».
Ipuin gehienak irudi batetik abiatzen ditu Montoiak. «Gutxitan jakiten dut zeri buruzkoa izango den edo zer gertatuko den. Ez dut pentsatuta edukitzen bukaera». Idazten hasi, jarraitu, eta gero kendu, hori izaten da lan egiteko modua. «Pertsonaiek bizitza propioa dutela esatea topikoa da; baina egia da batzuetan egiten dituzten gauzak harrigarriak izaten direla neuretzat ere».
Ekitaldiari amaiera eman dio esanez ez duela uste literaturak gauza transzendentaletarako balio duenik. «Are gutxiago nireak. Nik idazten jarraitzen dut, ondo pasatzen dudalako. Eta argitaratu ezean, berdin jarraituko nuke».
Hausturen oroitzak eta penak
'Taxiak ez dira inoiz gelditzen' ipuin liburua argitaratu du Xabier Montoiak. Bi emakumeren bizipenak eta gomutak arakatu ditu hamar kontakizunetan. XX. eta XXI. mende arteko urteetan girotuta dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu