Haustura hitzarekin iltzatzea

Banandu den bikote baten elkarrizketa du oinarri 'Maitasunaren itxiera' antzezlanak. Eneko Sagardoik eta Miren Gaztañagak antzeztuko dute, Bilbon, gaurtik etzira bitarte

Eneko Sagardoi eta Miren Gaztañaga aktoreak, astelehenean egindako entseguan, Bilboko Arriaga antzokian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Bi aktore agertoki huts batean, aurrez aurre. Harreman sentimentala bukatzeko hitzartu den bikote bat, urte luzeetako kexak banaka aurpegiratzeko eta esan gabekoak azaleratzeko. Eta, halaber, hartu-eman horren ondotik datorrena, elkarrengandik urrunduta biziko duten etorkizuna, alegia. Bilboko Arriaga antzokiaren azken ekoizpen propioak, Maitasunaren itxiera antzezlanak, egoera ezagun bat agertzen du, eta hor datza, zehazki, obraren «indarra», Eneko Sagardoi aktorearen iritziz. Gaur, bihar eta etzi antzeztuko du lana, Arriagan, bikotearen beste muturra gorpuztuko duen Miren Gaztañagarekin batera.

Pascal Rambert dramaturgoaren Cloture de l'amour antzerki lanaren egokitzapena eta gorpuztea da obra, Rambertek berak zuzendua. Zerrenda luze baten hamalaugarren bertsioa da euskarazkoa, hala ere, autoreak hizkuntza askotan moldatu eta taularatu baitu obra dagoeneko. Kasu guztietan, aktoreen izen bera izaten dute protagonistek, eta irizpide horri jarraitu dio oraingo honetan ere. Hala, Sagardoi Enekoren larruan arituko da, eta Gaztañaga, berriz, Mirenenean. Antzerki zuzendaria eta aktorea dira, hurrenez hurren, eta, hortaz, bizitza pertsonala ez ezik, jardun profesionala ere ezinbestean azaleratuko da pertsonaien ika-mika horretan.

Hain zuzen, bizitza pertsonal eta profesionala banatzea posible ote den izango da eztabaida gaietako bat, eta horren inguruko gogoetek beste galdera batzuk sortuko dituzte. Sagardoik aletu ditu horietako batzuk: «Posible da lan egitea maite izan duzun baina jada maite ez duzun pertsona batekin? Norbaitekin modu horretan lan egiteko, hura maitatzea beharrezkoa al da?». Banaketa posibleen ildotik, halaber, bikoteak hizpide izango ditu orobat partekatzen zituzten eta orain elkarren artean banatu beharko dituzten elementuak: «Ondareari buruz ere asko hitz egiten da, bizidunengandik hasita —hau da, umeengandik—. Zer gertatzen da horrekin guztiarekin? Nola banatzen da, zelan zatikatzen da, norentzat da zer? Niretzat oso hunkigarria da».

Gai horien eta beste askoren inguruan luze eta zabal arituko da bikoteko kide bakoitza. Bakarrizketaren kutsua izan dezakete mintzaldiek, baina, hala ere, elkarrizketa moldea du lanak. Alegia, hitzok bestea dute xede beti. «Nik nahi dudan guztia esaten dut, eta Mirenek nahi duen guztia erantzuten dit», zehaztu du Sagardoik. Bestearengan eragina dute esandakoek, ezinbestean, eta, hori hala izanda, hitza bera ere bada hausnarketa gai, antzezlanak kontatzen duen istoriotik harago. «Asko hitz egiten da hizkuntzaz, hitzak duen garrantziaz harreman bat eraikitzerakoan, loturak estutzeko, baina baita dena errauts bilakatzeko ere».

Pertsonaiek esandakoen pisua gorabehera, hitzen bidezkoa ez da trama garatzeaz arduratuko den hizkuntza bakarra. Eta bi pertsonaien elkarreraginari egin dio erreferentzia Sagardoik berriro ere komunikazio moduen ugaritasuna azaltzeko: «Bi gorputz dira, bata bestearen kontra. Bi testu ikastea bezalakoa izan da: bata hitzezkoa, eta bestea entzumenezkoa: hau da, nola eragiten didan Mirenek esaten duen gauza bakoitzak». Gaztañagaren arabera, obrak berak bide ematen dio uztarketari: «Modu oso organikoan gertatzen da. Testua horren ondo eraikita dago, ezen eraman egiten baikaitu. Esaten dituzunak esan ahala, gorputza transformatuz doa horri eusteko».

Ramberten metodoa

Gaztañagak dioenez, aktoreei, oro har, baliagarria izaten zaie gorputz adierazpena hitzen jauzian arnasa hartu ahal izateko, baita esaten ari diren horri zentzua eransteko ere. Halaber, euskalduna ez den Ramberti obra jarraitzeko ere balio izan dio, Sagardoik kontatu duenez: «Esaten zuen bera kapaz zela jakiteko testuari dagokionez non gindoazen, gorputzari erreparatuta bakarrik. Horrek erakusten du badagoela gorputzean zeozer hitzetik harago doana, eta ia hitzak bezainbeste gida zaitzakeena».

Zuzendaria gai da pertsonaiaren etapa ezberdinak ezagutzeko soilik gorputzaren mugimenduari esker, baina, halere, Eneko eta Miren ez dira modu zurrunean osatu eta biribildutako pertsonaiak, abagunerik uzten baitute moldaketarako eta, batez ere, zuzendari, aktore eta publikoaren interpretazioetarako. «Pascalek oso argi adierazi digu espazialki zein ibilbideri jarraitu behar diogun, zeintzuk diren testuaren gailurrak, arnasguneak eta abar. Baina, era berean, oso aske uzten gaitu sorkuntza propiorako, eta une oro testua aurkituz joateko», Gaztañagak dioenez. Aktorearen inplikazioa akuilatzen du Ramberten metodoak, Sagardoiren hitzei erreparatuta: «Fikzio bat da; mila gauza daude gureak ez direnak, baina badago gugandik abiatutako zeozer ere. Haren filosofia da bizitza eta literatura ez banantzea, oso hurbileko zerbait sortzea».

Moldaketa, lau eskutara

Obra antzezten ez ezik, hura euskaratzen ere aritu da Sagardoi. Ez da itzultzaile profesionala, eta lanaren eskubideak eskuratu baino lehen ekin zion itzulpenari, frantsesa praktikatzeko ariketa gisa baino ez, hura ikasten baitzebilen. Eskubideak lortu ondoren, Danele Sarriugarte itzultzaile profesionala batu zitzaion. «Ikasketa prozesu polita» izan dela dio aktoreak: «Pascalen testuen berezitasuna da ez dutela ez puntu, ez koma, ezta harridura markarik ere, galdera markak besterik ez. Erabakiak hartzera behartu gaitu ezaugarri horrek, esaldiak non bukatzen diren ezartzeko, besteak beste».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.