Artea. Abangoardiak eta politika

HAUSTURA ARTE

Hiztegi militarretatik hartua da 'abangoardia' hitza; mundu tradizionalari gerra egiteko jaio ziren XX. mende hasierako iraultza artistikoak, ezkerretik zein eskuinetik. Beren garaiko aldaketen lekuko eta ekintzaile izan ziren mugimendu haietako kide gehienak. Baita Euskal Herrian ere.

EFE/TURISMO MADRID.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2017ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Bihar beteko ditu urteak Filippo Tommaso Marinetti italiarraren (1876 - 1944) Manifestu Futurista-k. Futurismoa klasiko bat da jada, beraz: duela 108 urteko prentsan ikusi zuen argia, metraila gainean «orroka»zihoan automobil baten «abiaduraren edertasuna» Samotraziako Garaipena-rena baino gehiago zela aldarrikatuz. Makinek eta abiadurek markatuko zuten mundu berria. Eta gerrak: «Goratu nahi ditugu gerra —munduko higiene bakarra—, militarismoa, patriotismoa, anarkisten keinu suntsitzailea, hiltzeko ideiak eta emakumearekiko mespretxua». Museoak, liburutegiak, akademia anitzak «desegin» nahi zituzten; eta moralismoa, feminismoa «eta gainerako koldarkeria oportunista eta utilitarioak» borrokatu. «Mugimendu oldarkorra, insomnio sukartsua, lasterkaldia, jauzi hilkorra, belarrondokoa, ukabilkada goratu nahi ditugu». Bizi zuen garaiko industrializaziotik eta mekanizaziotik sortutako mundu ikuskera bat zuen hizpide Marinettik; mundu berri horretan bizi ziren hirietako langileak, masak iraultzea zuen amets. Kotxeak, hegazkinak, garabiak, makinak lagun.

XIX. mendeko inpresionismotik arte munduan ugaltzen hasiak ziren ismo guztiek arte klasikoaren deseraikuntza zuten helburu, baita futurismoak ere, baina joera hori lehena izan zen manifestu bidez agertzen. «Italiatik jaurtiko diogu munduari indarkeria durduzatzaileko gure manifestu hau», zioen Marinettiren testuak, eta premonitorioa ere bihurtu zen.

Hala, 1914ko mugimendu gerrazalearen buru gisa ageri da idazlea, eta makinez bete zen Gerla Handian boluntario aritu zen, beste futurista askorekin batera. 1919ko martxoaren 23an, Borrokarako Faszioak sortu zituztenen artean zen Marinetti bera, Milango Hilobi Santuaren plazan. Handik sortu zen faxismoa Italian; manifestu futuristatik etorri zitzaizkion hainbat ideia 1922an jaio zen Alderdi Nazional Faxistako buru Benito Mussoliniri. Alderdi horretan militatu zuten futuristetako askok. Marinnetik berak ere bai.

Marinettiren premonizioaren beste atal bat: airepinturak. Airepintura horiei esker dakigu nola ikusten zituzten Mussoliniren gerra hegazkinetako pilotuek Afrikako kolonietako, 36ko gerrako eta II. Mundu Gerrako helburuak, Gernika, Durango eta suntsitu beharreko hamaika gune zibilak. Indarkeria durduzatzailea jaurti zuten Italiatik, bai, bonbak manifestu bihurtuta.

Durduzatuak

Airepintoreen begiradaren beste aldean, durduzatuak, sarraskituak oihalean: Pablo Picassoren Guernica-n. Lan horrek ere urteak egingo ditu aurten. Uztailaren 12an beteko dira 80 urte Parisko Nazioarteko Erakusketan ikusgai jarri zutela, Espainiako II. Errepublikaren eskariz. Kubista baten, abangoardista politizatu baten lana hori ere. «Ez, margoa ez da logeletako hormak apaintzeko egina. Gerra tresna erasokorra eta babeskorra da, arerioaren kontra». Picassok berak esana.

Gerra eta artea. Boterea eta sormena. Ikuspegiaren norabidean dago aldea. «Abangoardia mugimendu haietan oso agerikoa da zio politikoa», dio Haizea Barcenilla EHUko irakasle eta arte adituak. «20-30eko hamarkadetako Donostiako modernista asko faxistak ziren. Pentsamendu eraldatzailearekin lotzen ziren, tradizionalismoaren aurkako jarrera batekin. Faxismoa abangoardia zen garai hartan. Erreakzionarioa, nahi bada, baina abangoardia, pentsamendu iraultzailea, gizartea guztiz aldatu nahi zutelako».

GU elkarteaz ari da Barcenilla. Jose Manuel Aizpuruak (Donostia, 1902 -1936) Joakin Labaienekin (Tolosa, Gipuzkoa, 1900 — 1995) batera Donostian zeukan arkitektura estudioko tertulietatik sortu zen taldeaz. Gipuzkoako hiriburuko Nautico eraikin arrazionalista distiratsuaren diseinuagatik ziren ezagunak batez ere arkitektook. Eta atzerriko arte mugimenduen berri jasotzeko zaletasunagatik. 1934an inauguratu zuten GUren egoitza, Donostiako Alde Zaharrean. Bertako kide izan ziren, besteak beste: Eduardo Lagarde Aranburu, Jesus Olasagasti Irigoien, Mauricio Flores Kaperotxipi, Gaspar Montes Iturrioz, Juan Cabanas Erauskin eta Pio Baroja.

Aizpurua zen elkartearen ardatz nagusia. Baita Gipuzkoako Falange Españolarena ere, eta burkide zituen GUkide zenbait. Lagarde, Cabanas eta Olasagasti, esaterako. Azken biak Italian izan ziren 1926an, eta han ezagutu zuten urte luzez Bilbon bizi izan zen Rafael Sanchez Mazas (Madril, 1894 — 1966). EHUko ikertzaile Iñaki Fernandez Redondoren arabera, «Espainiako faxismoaren sorreran rol erabakiorra jokatu zuen idazle talde bat egon zen Euskal Herrian joan den mendeko lehen bi hamarkadetan». Kazetaritza bolada luzez ogibide izan zutenek osatuta zegoen talde hori, eta eragin handia izan zuten, Fernandezen aburuz, «erretorika eta sinbologia falangista arloetan batez ere». Rafael Sanchez Mazas, Pedro Mourlane Mitxelena eta Jacinto Mikelarena lirateke idazleok, Fernandezen esanetan, egile horien bitartez heldu zirelako Falange Españolara Ramon Basterra idazle eta diplomatikoaren oinarri ideologikoak eta estetikoak —Parisko Eskola Erromatarraren eredua kopiatzen saiatu zen Bilbon— eta Bilboko Lyon D'Or kafetegiko tertulien muina. Pedro Egillor Atteridge zen kafetegi horretako tertulien sustatzailea, eta Bilboko kontserbadore liberalen bilgune eta eskuin muturreko ideien sarbide bihurtu zen. Bertako ezagunak ziren gerora falangista uniformea soinean agintean agertuko ziren Jose Felix Lekerika, Jose Maria Areilza, Joakin Zuazagoitia eta beste hainbat bizkaitar.

Ekintzailetza bikoitza

Jose Antonio Primo de Riveraren ondoan agertuko zen Sanchez Mazas 1933an, Espainiako Falangeren sorreran. Aizpurua ere bertan zen. Eduardo Gonzalez Calleja historialari espainiarrak La prensa carlista y falangista durante la Segunda República y la Guerra Civil. 1931-1937 (Prentsa karlista eta falangista Bigarren Errepublikan eta Gerra Zibilean) lanean dioenez, Primo de Riverak hiru laguntzaile izan zituen Falangeren Arriba egunkaria sortzeko proiektua marraztean: «Rafael Sanchez Mazas, Maximino Garcia Venero eta Prentsa eta Propaganda Zerbitzuko buru izendatu berri zuten Jose Manuel Aizpurua Azketa arkitekto arrazionalista —Gipuzkoako Falangeren sortzaile eta burua zen—». Aizpuruari buruz, «anarkista, komunista, abertzale eta ezkerreko errepublikazaleen aurkako Donostiako kale borroketan oso aktibo»agertua zela ere badio Gonzalezek.

Sanchez Mazasek inauguratu zuen GU elkarteko hitzaldietarako pulpitua. Jose Antonio Primo de Rivera ere behin baino gehiagotan izan zen bertan. Baina Max Aub, Pablo Picasso, Federico Garcia Lorca eta rafael Alberti bezalako sortzaileak ere gonbidatu zituzten bertara.

Euskadiko Artxibo Historikoan dauden 1936ko agiri batzuen arabera, Aizpurua Falangerako «pistoleroak errekrutatzeaz» arduratzen zen estatu kolpe aurretik. «GU elkartea Falange Españolak eta abangoardiak bat egiteko gune nagusia izan zen», irakur daiteke gaur egun Madrilgo Cervantes Institutuko zuzendari den Juan Manuel Boneten Diccionario de las vanguardias en España. 1907-1936 (Abangoardien hiztegia Espainian) lanean.

1936ko irailean, Donostian bertan fusilatu zuten Aizpurua. Baita Falangeko zuzendaritzako beste hainbat kide ere. GU elkartean eta ekintza politikoan lagun izan zuen Cabanas Erauskin margolariak, gerra bukatu ostean, Francoren errejimenaren gorazarrerako Plastika Sail Nazionala sortu zuen, eta handik ezarri zuen ekitaldi ofizial frankisten estetika. Espainiako armarria marraztu zuen, besteak beste. Zeremonia Zuzendaritza eta Espainiako Dantzen Konpainia ere sortu zituen.

Dantzarako eta ekitaldietarako musika behar, eta beste euskal herritar bat, Juan Telleria Arrizabalagak (Zegama, Gipuzkoa, 1895 — Madril, 1949) konposatu zuen Franco diktadorea hil artean haren menpeko lurretako ikasle guztiek egunero kantatu behar izan zuten Cara al sol ereserkiaren musika. Baita Adolf Hitlerren alde II. Mundu Gerran borrokatzera joan ziren gazteen ereserkiarena ere, besteak beste.

Nemesio Otaño Egino (Azkoitia, Gipuzkoa, 1880 — Donostia, 1956) apaiza, berriz, ez zen falangista, tradizionalista baizik, baina frankistek inposatutako ereserki nazionala —Espainiako egungo ereserkia— zabaltzeaz eta zilegiztatzeaz arduratu zen Prentsa eta Propaganda Zuzendaritzaren aginduz. Francoren gorazarrerako propio sortutako pieza bakarretako baten egilea zen Otaño: ¡Franco, Franco! zuen izena piezak, eta 1936an bertan sortu zuen musikariak. 1939tik 1977ra bitartean RNE Espainiako irrati publikoko albistegietako sintonia izan zen La Generala pieza ere, Otañoren moldaketa bat zen. Madrilgo Errege Musika Kontserbatorioko zuzendaria izan zen apaiza 1940tik aurrera. Horrez gain, Orkestra Filarmonikoko presidente ere izendatu zuten. Eta Musika Komisariotza Nagusiko kide, Joaquin Turina eta Jose Cubilesekin batera, gerra osteko musika bizitza bideratzeko».

Degeneratuak

Otaño musika komisarioak, besteak beste, GU elkarteko modernistek Donostiara ekarritako jazza arbuiatu egiten zuen. Horretan, ez zen bereziegia izan. Amaitu berri den Berlinaleko lehiaketa ireki zuen Django pelikula da horren lekuko, Django Reinhardti buruz. Naziek jazza degeneratu izendatu zutenekoa dakar gogora filmak, besteak beste. «Musikarik gabeko gerrarik ez dugu ezagutu. Beharra eta momentu bakoitzaren arabera, arerio bakotxak sortu ditu bere musikak, eta, beriziki, garaituenak egin ditu bere. Gerrak musikak ebasten ditu», zioen Xabi Erkizia musikariak 2013ko abenduaren 31n Euskadi Irratiko Arratsean saioan, naziek jazzlarien eta beste hainbat sortzaileren lanak degeneratu izendatu zituztenekoa gogora ekarriz. Musika ez beste arlo guztiei ere aplika dakizkieke Erkiziaren hitzak. Alemania nazia ez beste herrialdeetan ere bai.

«Frankismoak abangoardia guztia zapuztu eta zapaldu zuen. Jorge Oteizak eta Nestor Basterretxeak, esaterako, erbestean egin behar izan zuten lana, eta bueltatu zirenean ahal izan zuten moduan aritu ziren», dio Haizea Barcenillak.

Atzean utzi zuten giroaren nolakoa, Frantziako Barne ministro eta lehen ministro izandako Manuel Vallsen aitak, Xavier Valls margolari katalanak eman zuen, La meva capsa de Pandora (Nire Pandoraren kutxa) autobiografian. Vallsek, liburu horretan, 1949ko ekainaren 26a dakar gogora, eta egun horretan Parisko Unibertsitate Hirian ikasturte amaierako Garden Partyfesta egin zutela aipatzen. Eduardo Txillida goratua Pablo Palazuelo margolari espainiarrarekin gogoratzen du Vallsek,«Francok 'gorri separatista' horiek behar beste ez zituela akabatu» esaten. Espainiako pabilioian bandera frankista zabaldu zutela eta, egun hartan bertan, eskandalua izan omen zen geroxeago unibertsitateko ikasleen gela batean.Zer gertatzen ari zen ikustera igo ziren Valls eta lagun batzuk gelara. «Jordi Anguera lurrean aurkitu genuen. Palazuelo ostikoka ari zitzaion; beheko ezpaina odoletan zuen, hortz batek zulatuta. Txillidak Oriol Palari azken bultzada eman eta eraistea eragotzi zuten [Vallsen lagunek], eskerrak! Palak oin bat leiho kanpoaldean zuen jada, izan ere, bandera hartu eta mastatik kentzeko». Behin Pala lurrera botata, Txillidak ostikoka eraso omen zion. Egun hartatik, bai Txillidak bai Palazuelok Parisko Maeght galerian erakusten zutenero, Valls erakusketara joan omen zen, eta bisita liburuan idatzi: «Oraindik ere gogoan dut 1949ko Garden Party-a». Basterretxeak ere gogoan gordea zuen 1949ko egun hura.

Ikerketarik ez ia

Arte mugimenduen eta boterearen arteko harremanak ez dira ikertu ia Euskal Herrian. Ezta harreman horiek gaurdaino utzitako arrastoa ere. «Frankismoaren maila, kulturan ere, oso eskasa izan zen», Ignazio Aiestaran filosofoaren ustez. Eta horren emaitza ere bada egungo kultura, bere ustez.«Kulturalki, kontserbadoreak gara oso. Bai ezkerrean, bai eskuinean, bai ultra-zentroan. Gerra galdu genuen, eta hori nabari da. Adibidez, euskal konstruktibismoa bultzatzeko aukera galdu genuen bere garaian, eta konstruktibismo hori oso ona izan zen, indartsua, unibertsaltasun batekin».

Haizea Barcenillak ere konstruktibismoa aipatu du, Euskal Herrian izan duen eragina nabarmenduz: «Mugimendu horrek segituan egin zuen bat iraultza sobietarrarekin, buru-belarri; beren proiektu artistikoa gizarte haren zerbitzura egon behar zela ulertu zuten mugimendu horretako partaideek».

II. Mundu Gerraren ostean jarri zitzaien galga halako planteamenduei puska baterako. Ameriketako Estatu Batuetatik bultzatutako sorkuntza apolitikoaarte sisteman nagusi bihurtu zenean .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.