Antzerkia

Hausnarketarako komedia bat

Txalo antzerki konpainiak 'Arizona' lana estreinatuko du gaur, Barakaldo antzokian. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak interpretatuko dituzte protagonisten rolak.

Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola Arizona antzezlanean. JAVIER NAVAL
Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola, 'Arizona' antzezlanean. JAVIER NAVAL
Beñat Mujika Telleria.
2025eko urtarrilaren 25a
04:05
Entzun

Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon Plazaola) Arizonako mugaraino heldu dira. Misio bat bete nahi dute: bizilagunengandik banatzen dituen mugaraino joan, eta hura defendatzea. Horixe du abiapuntu Txalo antzerki konpainiaren lan berriak. Juan Carlos Rubio gidoilariak idatzitako testu bat du oinarri antzezlanak, eta Esteban Roelek zuzendu du, Kepa Errastiren laguntzaz. Bigarren zuzendari aritu da Errasti, eta berak hartu du testua euskarara itzultzeko ardura ere. Gaur estreinatuko dute antzezlana, Barakaldo antzokian (Bizkaia), 20:00etan. Sarrerak salgai daude oraindik, antzokiaren webgunean.

Antzezlanak Minuteman proiektua du oinarrian, eta, hain zuzen ere, horren parte dira Margaret eta George. Benetako proiektu bat izan zen hura, 2000ko hamarkadaren erdialdean sortu zena, Ameriketako Estatu Batuetan. Mexikoren eta AEBen arteko mugan legez kanpoko etorkinen fluxua kontrolatzea zuen helburu. Jim Gilchrist aktibista estatubatuarrak sortu zuen, migratzaileei mugak ixtea ardatz duen diskurtsoa berrabiarazteko nahiarekin. Proiektua sortu eta hogei urtera, Txalo konpainiak oholtzara eraman du gaia, eta Donald Trump AEBetako lehendakaritzara iritsi den aste berean estreinatuko du, patuak hala nahita.

Muturreko pertsonaiak

Antzezlanaren argudioak sinplea dirudi, baina, muturreraino eramandako bi pertsonaia erabilita, «parodia zoroena eta tragedia gordinena banatzen dituen mugaren gainean jolasean» ibiliko dira bi pertsonaiak. Hala dio Txalo konpainiak kazetariei bidalitako oharrean. Izan ere, Juan Carlos Rubioren jatorrizko testuak «mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruzko gogoeta» egiten du, «bizitzaren basamortuan galdutako bi gizakiren arimaren erretratu tragikomikoa» eginez.

Lana euskarara itzultzeko orduan, pertsonaiei euskal jatorria emateaz gain, beste moldaketa batzuk ere egin dizkiotela nabarmendu du Errastik. «Umorea izugarri altxatu dugu, eta pertsonaiak apur bat faltsuak ere izan daitezkeela pentsa daiteke». Pertsonaiak asko karakterizatu zituztela dio, eta, horregatik, antzerkiak funtzionatuko ote zuen zalantza egin zuten. «Gaur egun, gure egunerokoan ikusten ditugun albisteak ikusita, konturatu gara zoritxarrez pertsonaiak ez direla hain faltsuak».

Errastik dio «pentsamolde bereko bi pertsona» direla Margaret eta George, baina, aldi berean, badutela desberdintasunik. Izan ere, jatorrizko testuan bezala, pertsonaietako batek eraldaketa bat biziko du muga zaintzen ari den bitartean. «Une batetik aurrera, Margaret zalantza egiten hasiko da. Pentsatuko du ea zergatik eta zertarako dauden muga horretan. Pixkanaka, bikotearen gainbehera ikusiko du ikusleak».

Parodiatik hausnarketara

Errastik kontatu du beldur pixka bat ere izan zutela antzezlana egiteko orduan. Izan ere, uste du gertaera baten gaineko parodia egitea arriskutsua izan daitekeela askotan. Hala ere, Errastiren esanetan, antzerkiko pertsonaiak muturrera eraman izanak «agerian uzten du» zeri egiten dioten kritika.

«Gaur egun, gure egunerokoan ikusten ditugun albisteak ikusita, konturatu gara zoritxarrez pertsonaiak ez direla hain faltsuak»KEPA ERRASTIObraren itzultzailea eta bigarren zuzendaria

Ironia erabilita eta karikatura eginda, baina hausnarketara bultzatzen du Arizona antzezlanak. AEBak adibide gisa hartuta, ingurura begiratzeko eta horren gainean hausnartzeko bide izan nahi du antzezlanak. Hala dio taldeak oharrean: «Arizona ez dago hain urruti. Arizona hemen dago, Behobian, Melillan, gure hiri bakoitzean, gizaki batek bizitza hobea lortzea eragozteko altxatua den harresi bakoitzean».

Gai labainkorra izan daiteke akaso, baina ikuslearen arreta bereganatu du antzezlanak. Izan ere, hainbat herritako emanaldietarako sarrerak bukatuta daude jada, obra estreinatu aurretik ere. Horrez gain, Errastik bi aktoreen lana ere goraipatu du: «Aitziberrek eta Jonek erakargarritasun berezia daukate. Oso kimika ona daukate, oso onak dira egiten duten horretan, eta umorerako dohain berezia daukate. Pertsonaiekin zalantzak sortzen zitzaizkigunean ere, zera esaten nien: ‘Gutxi ezagutzen ditut zuek baino aproposagoak pertsonaia hauek gorpuzteko'».

Nolanahi ere, Garmendiarekin eta Plazaolarekin ikusleak umorea espero badu ere, Errastik uste du «sorpresatxoren bat» ere egongo dela, une batean obraren tonua komediatik urruntzen hasten delako. «Probatu nahi izan dugu umorea egiterakoan zenbateraino itsutzen den ikuslea umorearekin eta ea zenbateraino entzuten duen gertatzen ari dena. Askotan gertatzen da badagoela barre egitekoa ez den zerbait, baina ikusleak barrez jarraitzen duela. Gogoetarako gai interesgarria da». Horregatik, ikusleek nola erantzungo duten jakiteko irrikaz dago Errasti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.