Hausnar eta goza beza hiriak

Gaurtik eta urriaren 13ra bitarte eginen dituzte Iruñeko Topaketak. 1972koak akorduan, eta biurteko erakustaldi bilakatuta, egitasmoak nazioarteko intelektual mordoa ekarriko du hirira: hala nola Pascal Quignard, Bela Tarr, Herta Muller eta Daito Manabe.

Herta Muller pentsalari eta idazlea Bilboko Gutun Zuria festibal literarioan izan zeneko irudi bat, 2014koa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Herta Muller pentsalari eta idazlea Bilboko Gutun Zuria festibal literarioan izan zeneko irudi bat, 2014koa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko urriaren 3a
05:30
Entzun

1972an Iruñean izandako arte topaketak akordura ekartzeko antolatu zituzten orain bi urte 72-22 Topaketak hiri berean. Lehenbiziko haietatik mende erdi pasatu, eta, batik bat, merezi zuelakoan gogoratzea nolako dardara artistiko abangoardista ekarri zuen nazioarteko kongresu hark, Nafarroa artean frankismopean zenean. Hala eta guztiz, bai 70eko hamarkadakoetan eta bai 2022koetan, begiradak beti izan ziren aurrera zuzenduta, beste inon ainguratuta baino gehiago. Eta hori ez da aldatu orain ere. 2022ko topaketak aski ez, eta antolatzaileek biurteko bilakatu dute egitasmoa azkenerako, eta gaur abiatuko dute estreinakoz forma horretan. Gaur hasi eta urriaren 13ra artean, dozenaka solasaldi, antzerki eta musika emanaldi, arte instalazio eta tailer izanen dira Iruñean: Baluarten gehienak, baina hirian barna beste asko.

Iazko udazkenean jakinarazi zuten aurrerantzean bi urtean behin antolatuko dituztela arte topaketok. Eta orduantxe nabarmendu zuten, hain justu, egitasmoak «aurrera begiratzea» duela motibazio nagusia. Nafarroako Gobernuko Kultur kontseilari Rebeca Esnaolak zehaztu zuenez, «orainari buruz gogoetatuz aurrera begiraraztea» da topaketen xedea, batik bat. «Pentsalari eta sortzaile handien arteko topaguneak eskainita, eztabaida eta pentsamendu kritikoa sustatzeko». Ideia horren aire bertsua helarazten du, hain zuzen, aurtengo aldirako aukeratu duten leloak: Jakintzarako, konkordiarako eta gozamenerako deialdia.

9

 

Ibilbideak topaketen egitarauan. Honela dute izena Iruñeko Topaketetan antolatutako atalek, banan-banan: XXI. mendean norabidea aurkitzeko filosofia; Eskuak sorburu izan zirenekoa; Erantzunezinezko literatura; Irauten duten zuhaitzak; Oso urrutitik gatoz denok; Feminismoaren isla; Artea, begi bistakoa zein begietsia; Musika norabide guztietan eta Zinema barrura.

Liza Lim konpositore garaikide australiarrak eskainitako tailer batek zabalduko du egitaraua, zehazki. Gaur 11:00etatik aurrera eginen dute, ingelesez, eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, konpositorearen eta gainerako parte hartzaileen arteko elkarrizketak izanen dira jardueraren muina; galdera-erantzunak, Limen musikagintzari zein haren pentsamenduari buruzkoak. Musika norabide guztietan izeneko atalean kabiarazi dute tailerra.

Izan ere, musikari dagokio topaketetan izanen diren bederatzi ataletako bat. Eta beste diziplina edo ildo hauei beste zortziak, hurrenez hurren; literaturari, XXI. mendeko filosofiari, antropologiari —Ramon Andres topaketen zuzendariaren esanetan, «eskulanetik algoritmora artekoaz solastatzeko»—, naturaren higadurari, feminismoari, ekialdeko filosofiari, zinemari eta «merkatutik eta modetatik aparteko izpiritu sortzaileari», jardunaldien antolatzaileek emandako informazioaren arabera.

Ideia gosez

Lim konpositorearen tailerraz gainera, jarduera gehiago ere bada gaurko programaturik: Berta Ares kazetariak gidatuta, Pascal Quignard idazle eta saiakeragilea Ramon Andres pentsalariarekin ariko da solasean; topaketen zuzendari eta komisarioarekin, hain zuzen. Maitasunari eta Erosi buruz izenburua jarri diote hitzaldiari, eta, zehazki, Erantzunezinezko literatura atalaren parte da. Hizlariez gain, Miguel Bonal violagambista ariko da, musikan, eta, aurreratu dutenez, parte hartzaileak sinetsita dira Platonen Oturuntza lanaren oihartzunak izanen direla topaketa horretan. 19:00etan eginen dute, Baluarteko Ganbera aretoan. Dena dela, dagoeneko ez da sarrerarik; asteak dira bukatu zirela.

Hain justu, dozenaka jardueratako sarrerak bukatu izana da topaketek izanen duten arrakastaren zantzuetako bat. Quignarden eta Andresen solasaldiarentzako gertatu bezala, ez da sarrerarik, adibidez, Daito Manabe multimedia artista japoniarraren hitzaldirako —larunbatean da—, ez da sarrerarik ez Herta Muller idazlea ez eta Sara Ahmed idazle eta ikertzailea aditzeko ere, eta berdin Bela Tarr autore hungariarraren eta Apichatpong Weerasethakul artista thailandiarraren arteko solasaldirako ere; aspaldi bukatu ziren sarrerak. Nafarroako Gobernuak emandako informazioaren arabera, 2022ko topaketetan 12.000 herritarrek hartu zuten parte. Antolatzaileek aitortu dutenez, langa hori gainditu nahi lukete aurtengoan.

Topaketek nazioarteko kulturgile eta pentsalari ugari etorraraziko dituzte egunotan Iruñera, baina euskal herritarren bat ere ageri da egitarauan. Esate baterako, Asier Mendizabal ikerlariak Eskuak sorburu izan zirenekoa atalean hartuko du parte, solasaldi batean; Oskar Alegriak Astoen geldotasuna konferentzia eszenikoa eskainiko du —gaztelaniaz—, eta Nerea de Diego artistak Igaro izeneko instalazioa zabaldu du.

Begietaratzeko obrak

Lau erakusketa, bederatzi arte instalazio eta proiekzio bat ere izanen dira topaketetan, besteak beste. Erakusketen artean, nabarmentzekoak dira, adibidez, hogei artista garaikideren lanak jasotzen dituen Tentsio jarraikia bilduma —Baluarteko Harresi aretoan dago—, eta Ziudadelan Herta Mullerrek zabaldutako Funtzionarioak esan zuen collage erakusketa. Bestelako instalazioei dagokienez, Eva Lootz artistaren Eraman garia okinari… eta Alicia Otaegi nafarraren Leiho irekiak dira ikusgai, besteak beste. Iruñeko Topaketen webgunean dago argitaratua erakusketa eta instalazio guztiei buruzko informazio xehatua.

Baluarte fundazioak antolatu eta Nafarroako Gobernuak bultzatutako egitasmoa dira Iruñeko Topaketak; Iruñeko Udalaren laguntzarekin aurrera eramanak eta Caixa kutxak babestuak, besteak beste. Nafarroako presidente Maria Txibitek sarri helarazi die instituzioen babesa honezkero. Adibidez, aurtengo irailaren hasieran adierazi zuen Iruñeko Topaketak «jakintzarako deia» direla, «letra larriz». Kontrastean, instituzioek egitasmoari emandako babesa oso diferentea izan zen 1972ko aldian: hasieran, Nafarroako Foru Aldundia eta Iruñeko Udala topaketak babestekoak ziren, baina, gero, egitasmoaren izaera ikusita, babesa erretiratu zuen diputazioak, Amadeo Marco buru zuela. Huarte familiak bere gain hartu zuen finantzaketa osoa: hamabi milioi bat pezeta izan ziren guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.