Haushoferren 'Horma' obra euskaratu dute

Erein argitaletxeak kaleratu du lana, eta Naroa Zubillagak itzuli du. Feminismoaren eta ekologiaren inguruan hausnartzen du liburuak

Uxue Razkin Erein argitaletxeko editorea eta Naroa Zubillaga Horma liburuaren itzultzailea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
iraia vieira gil
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
1963. urtean idatzi zuen Marlen Haushofer idazleak (Frauenstein, Alemania, 1920Viena, 1970) Die Wand liburua, eta aurten euskaratu du, lehen aldiz, Erein argitaletxeak. Emakume baten pentsamenduetatik abiatuta, feminismoaren eta ekologiaren inguruan hausnarketa sakona egiten du obrak. Idatzi zuen hirugarren obra da, eta horri esker egin zen ezagun idazle moduan. Ordea, hil eta gero jaso zuen Haushoferrek literatura arloan behar bezalako aitortza. Naroa Zubillagak euskaratu du lana; orain arte euskaraz argitaratu duten autorearen liburu bakarra da.

Haushoferrek berak azaldu zuenez, «txosten bat» da Horma. Ohiko liburuen egiturarekin konparatuta, hain zuzen, nahiko itxura «berezia» du obra horrek: ez du ez atalik, ezta elkarrizketarik ere. «Eguneroko baten itxura izan dezake, testu guztia segidan idatzita dagoelako, baina ez da. Barne begirada bat da», esan du Zubillagak. Zientzia fikziozko eleberri gisa ere klasifikatu izan dute Horma, distopia batean oinarrituta dagoelako eta horma ikusezin batek protagonista inguratzen duelako. Baina ez da hori ere. «Hori guztia aitzakia bat da, protagonistaren barne gatazketara bidaia egiteko, eta emakume moduan nola berrasmatzen den erakusteko».

Istorioa non eta noiz gertatzen den ez du zehazten autoreak, baina Alpeetan gertatzen dela ematen du aditzera. 40 urteko emakume bat da protagonista; bi alaba ditu, eta mendira doa oporretan senarrarekin eta senideekin. «Zeozer gertatzen da, eta mendian atrapatuta gelditzen da emakumea bakarrik, horma ikusezin batek inguratuta». Kontakizunak aurrera egin ahala, hormak garrantzia galdu, eta naturak hartzen du esanahi berezia. «Liburua editoreari bidali zionean, Haushoferrek zera esan zion: 'Ez zaizu gustatuko, katu baten istorioa da'». Katu eme batek baitu gainerako animaliek ez duten sinbolismoa.

Bukaera da, ordea, Zubillagari gehien gustatzen zaion zatia liburuan. «Bele zuri batekin bukatzen da istorioa. Taldeak bakarrik nola uzten duen kontatzen du idazleak». Itzultzailearen arabera, modu horretan beste ardura bat hartzen du Haushoferrek, eta bizitzaren zikloak aurrera egiten duela erakusten du. «Azken lerro horiek oso politak eta hunkigarriak dira». Ez du spoiler gehiagorik egin nahi izan; kontran, liburua irakurtzera gonbidatu du publikoa.

'Horma', zergatik?

COVID-19aren ondoriozko itxialdian irakurri zuen Uxue Razkin Erein argitaletxeko editoreak Horma, eta berehala sentitu zen identifikatuta liburuko protagonistarekin. «Emakumea Alpeetan geratzen da, bakarrik; horrek badu bere paralelismoa». Protagonistak berak bilatu behar ditu bizirauteko erak, eta batzuetan naturaren alde gordinekin egiten du topo. Adibide batzuk aipatu ditu Zubillagak: «Gaixotasunak, heriotza... Bizitzaren inguruan hausnartzeko bidea irekitzen diote». Horrek bultzatzen du, agian, emakume bezala berrasmatzera.

1960ko hamarkadan idatzi zuen Haushoferrek liburua, baina gaur egun ere baliagarriak diren pentsamenduak azalarazten ditu, itzultzailearen ustez. «Ez du egiten garaiko politikaren erreferentzia argirik, ordea», azaldu du Zubillagak. Emakumea inguratzen duen horma ikusezina izan daiteke garaiko egoerarekiko erreferentzia bakarra: «Gerra Hotzean horma ikusezin batek banatzen zituen AEBak eta Sobietar Batasuna».

Leire Urbeltzek diseinatu du liburuaren azala, eta, Razkinek aitortu duenez, hasieratik zuten argi berak egin behar zuela: «Nik ere horrela imajinatzen nuen azala, indartsua, kolore biziekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.