Aita film esperimentala denik ez luke esango Jose Maria Orbek (Donostia, 1958). «Proposamen ezberdina da, baina nik ez dut esperimentatzen; zer lortu nahi dudan badakit, ez dakit nola, baina; horretarako dago lana, eta horretarako noa filmatuko dudan etxera». Hiru urtez aritu da mendeetan familiarena izan den Astigarragako (Gipuzkoa) etxean irudiak hartzen, «emozioak bilatzeko» asmoz. Filmak gako asko dituela eta guztiek esanahi bat dutela dio, baina ez ditu azalduko: «Nik nire ondorioak ditut, ikusleak bereak atera beharko ditu. Filma jada ez da nirea». Sail ofizialean atzo aurkeztu zuen lana.
Gidoirik eta aktore profesionalik gabe filmatu duzu Aita. Zineman arriskatzea duzu gustuko?
Neure buruarekin leiala izatea dut gustuko. Filmen arazoa da hor geratzen direla, seme-alabentzat edo zaharra zarenerako, eta ez baduzu zeure burua hor ikusten, pentsa zenezake: 'hori egin al nuen? Ene!'. Saiatzen naiz leiala izaten; ez zait komeni arriskatua dela pentsatzea, egin behar dudanetik desbideratuko ninduke.
Lan egiteko askatasun hori zenbateraino da abantaila, eta zenbateraino oztopo, esaterako, lana bukatutzat noiz eman erabakitzeko?
Beti da abantaila, baina autodisziplina handia eskatzen du. Askatasuna beti da ona, kudeatzen badakizu; ez badakizu, ordea, zure aurka doa. Nire ustez, filma ez da amaitzen, eten egiten da; istorio itxi bat kontatzen ez denez, filmarekin menderen mendetan jarrai nezakeen, baina dagoen lekuan ongi bukatuta dagoela uste dut.
Filmeko pertsonaia nagusia etxea dela esan liteke. Zer da zuretzat Astigarragako etxea?
Duela mende asko da familiarena, eta pisu emozionalak etxearen harriek baino zama handiagoa du. Apustu zaila zen niretzat, bizitza pribatua gorde nahi dudalako; nire etxean lan egitea erabaki zaila zen, baina ahalik eta hobekien eramaten eta autodiziplinari eusten saiatu naiz, igaro behar ez nituen mugak ez igarotzeko.
Haurtzaroko etxera bueltatu zara. Iraganera, sustraietara itzultzeko beharra sentitzen zenuen?
Batez ere, haurtzaroko begirada xalo hori berreskuratzeko beharra nuen. Etxea berriro bizi zedin nahi nuen, eta niretzat zerbait egin, nire semeari legatu bat utzi; horrek bultzatuta aritu naiz, ez horrenbeste iraganak bultzatuta. Orainean bizi behar da, baina iraganarekin bakean egon beharra dago.
Eta filma egin ostean, iraganarekin bakean geratu zara?
Uste dut alderantziz dela; iraganarekin bakean nagoelako egin ahal izan dut filma.
Zer sentipen utzi dizu film hau bertan egiteak?
Orain konplizitate handiagoa dut etxearekin. Orain esan ahal diot 'zuregatik zerbait egin dut, zerbait intimoa egin dut, eta zuk ere zerbait eman didazu'. Berdintasun plano batean gaude orain.
Oso hizkuntza bisuala hautatu duzu, argi-itzalen arteko joko ugarirekin...
Hala atera da. Intuizioz lan egiten dut nik asko. Gustuko dudan argazki zuzendaria bilatu nuen: Jimmy Gimferrer. Etxearen argazkiak nola hartu erabakitzen hasi ginen, oso modu intuitiboan.
Intuizioa aipatu duzu, baina plano bakoitzak oso pentsatua dirudi, margolan baten modukoak dira ia...
Bada ez pentsa... Kamera jarri eta esaten genuen: 'horrela... a zer kaka', nik baietz, berak ezetz... Intuizio handiz eginiko filma da, gerora, muntaian birpentsatua dagoena, baina ez filmaketan.
Isiltasunak eta giroko soinuek elkarrizketek baino pisu handiagoa dute. Zineman isiltasuna hizkuntza garrantzitsua delakoan zaude?
Erabat. Isiltasuna soinuak bezain garrantzitsua da; isiltasuna ez da soinuen ukazioa, haien parte baizik. Isiltasuna, hutsunea edo itzalak funtsezko elementuak dira, etxean iltzatu den denboraren iragaitea, dekadentzia hori islatzen dutelako.
Denboraren iragaitea iradokitzen dute hormetako agerpen gisako euskal film zaharren irudiek. Zer adierazi nahi zenuen mamu haiekin?
Etxearen ezkutuko esentzia bilatzen nuen. Etxea pertsonaia bat da. Bizirik al dago? Etxea pertsonaiaz betea zegoela esaten hasi zitzaidan; objekturik ezean, hormetako hezetasun orbanen bitartez hitz egiten zidan. Bill Morrisonen Decasia filma ikusi nuen, eta jabetu nintzen deskonposatze bidean dauden pelikulek hormetakoen antz handia zutela, molde berean hitz egiten zidatela. Pertsonaia horiek elkarrekin jarri eta euren artean hitz egin zezaketela otu zitzaidan. Elkarrizketak ahalbidetzea, horixe izan zen kontua.
Dauden elkarrizketa bakanetan heriotza da hizpide nagusia, eta umore beltz puntu batekin landu duzu gaia. Zergatik gai hori eta era horretan?
Heriotza etxean dagoen elementu bat da; etxea hiltzen ari da, nire arbasoak etxe horretan lurperatuta daude, hara noa eta heriotza presente dago, baina heriotza bizitzaren parte da. Gizartean ere presente dago; nire ustez, era oker batean onartua. Elkarrizketak pertsonaienak dira; halako istorioak aipatzen ditu apaizak, harena da umore beltz hori. Etxearen zaindaria, aldiz, oso eszeptikoa da. Hemen ez dago fikziozko elementurik, ezta aldez aurreko prestaketarik ere. Errealitatea izugarria da, nola begiratu da kontua.
Jose Maria Orbe. 'Aita' filmaren zuzendaria
«Haurtzaroko begirada xaloa berreskuratzeko beharra nuen»
Mendetan familiaren etxea izandakoan hartutako irudiekin ondu du 'Aita', eta Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu