Donostiako Zinemaldiak Haurrentzako Zinema sailean emango dituzten bost filmen berri eman du; hiru lan animaziozko filmak dira, eta beste biek benetako irudiekin nahasten dute animazioa. Gainera, lan guztiak euskaraz bikoiztuta ikusi ahal izango dira Zineuskadiren lankidetzari esker, Zinema Euskaraz programaren barruan. Irailaren 16tik 24ra egingo den 70. edizio honetan, Principe zinema aretoa izango da haurren txokoa.
Haurrek ikusteko aukera izango duten filmetako bat D’Ortagnan eta hiru Mosketxakurrak da, Toni Garciak zuzendurikoa, eta Alexandre Dumas idazleak bere garaian sortutako heroi klasikoak txakur bihurtu zituen 1980ko hamarkadako marrazki bizidunen telesailean dago oinarrituta. D’Ortagnan Parisera joango da Maiestatearen Mosketxakurren kidegoarekin bat egiteko asmoarekin. Filmean, adiskidetasuna, ohorea eta justizia lantzen dira, akzioz eta komediaz lagunduta.
Toby Genkel alemaniarraren Oltxiak filma izango da haurrentzat programatutako beste filmetako bat. Oltxiak –izaki berde bitxiak– bizileku baten bila dabiltza, baina ez dira inon ongi etorriak sentitzen usain txarra dutelako. Familiaren dragoia Kirasterriko zabortegian lurreratzen denean sentitzen dira oltxiak etxean bezala, eta, ondorioz, bertan geratzea erabakitzen dute. Tartean, ordea, hainbat oztopo ere izango dituzte, eta elkarrekin hiria salbatzeko gai direla erakutsi beharko diete Kirasterriko herritarrei.
Animazio hutseko hirugarren lana Francesco Dafano eta Luca Della Grotta italiarrek zuzenduriko Trash filma da. Bere patuari uko egin eta ezertan sinesten ez duen kartoizko kutxa hautsi bat da Slim, baina, bizitza aldatu egingo zaio Spark kaxa ezagutzen duenean.
Tom eta Jerry filmak animazioa eta benetako irudia nahasten ditu, eta Tim Storyren filmak Hanna-Barberak sortutako bi pertsonaien ibilbideari jarraitzen dio. Historiako lehiarik maiteenetako bat berpiztu egingo da, Jerry New Yorkeko hotelik onenera bizitzera joango baita “mendeko ezkontza” garrantzitsuaren bezperan. Ezkontza antolatzaileak ezin du gehiago Jerryrekin, eta, etsita, Tom kontratatzea erabakiko du.
Space Jam: aro berria filmak, halaber, marrazkiak eta benetako pertsonaiak ere biltzen ditu. Malcolm D. Lee da zuzendaria, eta, haren filmean, LeBron James saskibaloiko izarrak Looney Tunes taldearekin bat egingo du, Goon Squad garaitu eta, ondorioz, bere semea salbatzeko.