Abian da, hamabosgarren urtez, Elkar fundazioak urtero antolatzen duen ilustrazio eta ipuin lehiaketa. Haur eta gazteen irakurzaletasuna bultzatzea du helburu, sormena lantzeaz batera.
Aurreko urteetan aurkeztutako lanen mailari eta aniztasunari eusteko, 2023ko lehiaketak hiru kategoria izango ditu: ipuinen ilustrazioa, ilustrazioa ipuin bihurtzea, eta komikia edo bineta.
Antolatzaileek aukeratu dituzten bi obretan oinarritu beharko dute parte hartzaileek lehiaketarako. Gazteenek Esti Vivancok idatzitako Nora joan da Nora? ipuina irakurri beharko dute lehenik. Irakurtzen dutenarekin, eta ipuinarekin irudikatzen dutenarekin, ilustrazioak sortu beharko dituzte. Nagusiagoek, berriz, ipuin bat osatu beharko dute Alex Orbek egindako ilustrazioarekin, irudi horretatik abiatuta.
Lehiaketak badu hirugarren atal bat, komiki edo bineta bat sortzea helburu duena. Bi aukera daude: Alex Orbek hasitako komikiarekin jarraitzea, edo hark planteatutako gaiari helduz (txango bat) komikia hasieratik sortzea. Hortik hasi, eta lehiakideek askatasunez eta nahieran erabili ahalko dute beren abilezia.
Adinaren arabera banatu dituzte lehiaketako kategoriak, baina atal bakoitzean azpitaldeak ere osatu dituzte. Ipuinaren ilustrazioko sarirako, A, B eta C taldeak: lehenengoa, HHko 4. eta 5. mailetako ikasleentzat edo txikiagoentzat; bigarrena, LHko 1. eta 2. mailentzat; eta C taldea, LHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat. Talde horiek denek irudikatu beharko dute Nora joan da Nora? ipuina.
Orberen ilustrazioari hitzak jartzeko taldeak ere bi bereizketa ditu, ikasturtearen araberakoak: LHko 5. eta 6. mailetako ikasleentzat osatu dute D taldea, eta DBHko 1. eta 2. ikasturteetakoentzat E taldea. Denek izango dituzte oinarri berberak: lanak derrigorrean ordenagailuz idatzitakoa izan beharko du, eta gehienez orrialde bat luze izan beharko da.
Azken taldeak komiki edo bineta bat sortu beharko du. Atal horretarako, maila bakarra egin dute: F maila, DBHko 3. eta 4. ikasturteentzat. Hiru baldintza bete beharko dituzte ezinbestean: marraztutako pertsonaiak euskalduna izan behar du, eta binetak edo komikiak orrialde bat izan behar du, A4 neurrikoa.
Informazio gehiago atarian
Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 20a izango da. Irabazleen sariak ere mailakatuak dira. Maila bakoitzak bina sari izango ditu, eta ariketaka banatuta egongo dira: lehen taldekoek jolas hezitzaileen sorta bat eta Elkarreko opari txartelak jasoko dituzte; bigarren eta hirugarren multzokoek, ostera, produktu berberak eta tableta bat. Ikastetxeentzat, bi sari zozkatuko dituzte Elkar fundaziokoek, eta aparteko bi sari ere izango dira. Irrien Lagunak klubaren saria bata: Irria aldizkarirako urtebeteko hiru harpidetza zozkatuko dira. Bestea, Laboral Kutxarena: Basque Culinary Centerrera bisita gidatua. Jasotako lan guztien artean, bi sari banatuko dira zozketa bidez, irabazleek ikasgela guztiarekin goza dezaten; parte hartzea sarituko dute, beraz.
Materiala deskargatzeko, hots, ipuinak jaitsi zein entzuteko edota komikia eta ilustrazioa jaisteko esteka guztiak eskuragai daude postdata.elkar.eus webgunean. Xehe-xehe azalduta daude oinarriak atalez atal, eta sarien zerrenda ere ikus daiteke. Baita iazko lehiaketak utzitako aleen bilduma ere.
Parte hartzaileek webgune horren bidez bidal ditzakete beren lanak. Bestela, Elkarreko edozein liburu dendatara ere eraman dezakete, baita gutun bidez bidali ere.
Haurren irudia eta hitza
Martxan dago Elkarren XV. Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa. Apirilaren 20a da azken eguna haurrek ipuinak, ilustrazioak eta komikiak aurkezteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu