Bi emazteren haurdunaldiareneta amatasunaren gorabeherak jorratu ondotik, aldi honetan, gurasoen eta nerabeen arteko harremanak ardatz hartu ditu Ama2 antzerki taldeak. Arantxa Hirigoien eta Maialen Fautouxek taldeko kideek Ama'tur izendatu dute beren azken lana. Igandean estreinatuko dute Luhusoko Harri Xurin, Hameka euskaraz egitasmoaren barruan.
Tripakiak eta Amakiak ziren lehen biak. Eta, aldi honetako,Ama'tur, trilogiaren hirugarren eta azkena dute. Ama hitza atxikiz beti, eta tur hori gehituz,«amaturrak baikara, nabarmendu du Arantxa Hirigoienek, eta Tour ideiari halako begi kliska bat eginez, gure «azken turra baita». Lehen biekin hasia nolazpait «borobiltzeko».
Antzerki berri honek aitzineko obren formatu bera atxiki du, hau da, sakelako antzerkiarena. Zer ote sakelako antzerki bat? «Erran nahi baitu antzerki xumea, ttipia dela, apainketa gutirekin. Non nahi emateko gisan». Haien autoan dena sartzeko gisan, eta «horrela ibiltzen gara».
Mami aldetik, aitzinekoetan bezala, «ez da istorio bat, ez da hastapen bat eta bukaera bat. Egoera batzuk dira. Eszena batzuk. Eta horien artean loturak». Eta, aitzinekoetan bezala, Antton Luku idazle eta taula zuzendariaren laguntza ukan dute: «Ideia anitz eman dizkigu. Egoeren arteko loturak aurkitzeko bereziki».
Hirugarrena, beraz. Eta, tarte horretan, haurrak «handitu» dira, eta, orain, nerabe dira. Amatasunaren hastapenak kontatu eta gero, bikoteak, hurrengo etapa logikoari heldu dio oraingoan. Hala nola gaztaroan amaren eta haurraren artean gerta daitezkeen desadostasunak. Gazteek sakelako telefonoarekin duten mendekotasuna eta lagunekin ateratzeko nahikaria aipatu ditu bikoteak: «Nerabeen gaia aski ezaguna da. Nerabeei buruz gauza anitz erraten eta bizitzen dira. Klixe horiek umorearekin landu ditugu». Gurasoen eta haurren artekoa kontatzeaz gain, amen arteko solasak ere sartu dituzte antzerkian. Bi ama direnez, «amen egunerokotasuna ere aipatzen dugu». Adibide bat emateko, egunerokotasun horretan, garrantzi handia duten paper txikietako idatziak. Egin beharrak ez ahanzteko: «Behar dugu hori egin, hura erosi... Paper txiki horiek badute leku berezi bat antzerki horretan».
Lehen bi antzerkietan Arantxa Iturberen Ai ama liburua (Alberdania) ukan bazuten iturri, aldi honetan Carles Capdevila kazetari eta dibulgatzaile katalanaren esketxek dituzte inspiratu: «Erraten du guraso perfekturik ez dela. Baizik eta behar direla guraso zoriontsuak. Eta heziketa umorearekin egiten bada pasatzen dela aise errazago», gogoratu du Hirigoienek, horrekin nolazpait bat eginez. Dena dela, oroz gainetik, bizi pertsonalak berak ekarri die zer kontatu.
«Xume» eta «ttipia» hortaz, baina, aldi berean, 2011n hasi zutenetik antzerki sorta, emanaldi anitz izan dira, baita sariak ere, eta horrek segitzeko gogoa sortu diela aitortu du Hirigoienek, nahiz eta aldi berean «presio» bat sentitu, ikusmin bati lotua.
Funtsean, azken honentzat ere, hitzordu aldetik ez dira eskasetan, nahiz eta aldi honetan ere denboran mugatu. Jadanik finkatuak direnen artean, martxoaren 11n Miarritzeko gaztetxean ariko dira, biharamunean Domintxinen, eta 26an Baionako gaztetxean, besteak beste. Azkena EHZ jaialdian izanen dute.
Haurrak nerabe bihurtuta
Ama2 antzerki taldeak 'Ama'tur' sakelako obra emanen du igandean Luhuson. Trilogia osatzen du 'Tripakiak' eta 'Amakiak' lanekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu