Idazlea eta Galtzagorri elkarteko lehendakaria

Juan Kruz Igerabide: «Haur literaturara hurbiltzea berriz idazten ikastea bezalatsu da»

Haur eta gazte literaturaren erreferentzia nagusia da Galtzagorri elkartearen 'Behinola'. Argitalpenaren 25. urteurrenean, urratutako bideaz eta datozen erronkez mintzatu da elkarteko lehendakaria.

Juan Kruz Igerabide idazle eta Galtzagorri elkarteko lehendakaria. JON URBE / FOKU
Juan Kruz Igerabide idazle eta Galtzagorri elkarteko lehendakaria. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko otsailaren 8a
04:55
Entzun

Literatura genero ugari landu ditu Juan Kruz Igerabidek (Aduna, Gipuzkoa 1956), baina haur eta gazte literatura du oparoena. Ikerlari gisa egin duen ibilbidean ere, hura izan du esparru nagusia. 1993an Bularretik mintzora: haurra, ahozkotasuna eta literatura ikerlana ondu zuen, eta 2020an plazaratu, Erein argitaletxearen eskutik. Besteak beste, ipuinen jatorria, funtzioak, erabilera eta ideologia landu zituen hartan, amandre ipuinetatik abiatuta. Gazteentzako poesiari ere arreta berezia jarri dio Igerabidek, nola idatzietan hala ikerlanetan. Galtzagorri elkarteko lehendakari gisa, ikusgaitasuna du helburu kanpora begira, eta barrura begira, berriz, batzordeen malgutasuna, «txalupan besteekin batera arraun eginez».

25 urte egin ditu Behinola argitalpenak, eta Galtzagorri elkarteak, berriz, gehixeago. Zer balorazio egin duzue?

Galtzagorrik ikusgaitasun dezentekoa eman dio haur eta gazte literaturari, batez ere eskola giroan. Liburutegi giroan ere lan asko egiten da liburuzainekin batera, eta, beraz, eragin handia du liburutegien dinamizazioan.

Bestetik, hainbat dinamizatzaile profesionalizatu da Galtzagorriren inguruan, eta proiektuek bizirik dirauten bitartean horretan jarduteko aukera du jendeak. Ez dira proiektu masiboak, baina arrakastatsuak badirela esango nuke, nahiko egonkorrak baitira, eta ia eskola guztietara iristen dira, gainera. Alde horretatik pozik gaude.

Bestalde, instituzio publikoek ere kontuan hartzen dute Galtzagorri.

Jasotzen duzuen laguntza nahikoa da?

Ez dugu nahi adinako bultzada jasotzen, baina elkarte guztiei gertatzen zaie. Alde horretatik, gehixeago nahiko genuke, baina dagoena ongi dago. Galtzagorriren lana inportantea da, halako eraginkortasun bat lortu duelako. Eta urtez urte eragiten baduzu, liburuen alor batean zein bestean, irakurleak lortzen dira.

Gaur egun, haur eta gazte literaturan ezinbestekoa bihurtu da bitartekoaren figura, zer esanik ez ikus-entzunezkoen edo irudiaren erakarmena hainbestekoa denean. Bitartekariak beharrezkoak dira karamelua ezpainen parean jartzeko, eta horretan lan handia egin du eta egin behar du Galtzagorrik, beste hainbat elkarte, liburuzain, irakasle eta gurasorekin batera. Haur eta gazteentzako liburu asko argitaratzen dira, baina ikusgai egiten ez badira, eta horiei zukua ateratzeko teknikak eta trebeziak lantzen ez badira, ezin da aurrera egin.

«Haur eta gazteentzako liburu asko argitaratzen dira, baina ikusgai egiten ez badira, eta horiei zukua ateratzeko teknikak eta trebeziak lantzen ez badira, ezin da aurrera egin»

Eta zeregin horietara begira dago Behinola ere.

Galtzagorriren leiho bat da Behinola. Idazle, ilustratzaile eta argitalpenei buruz hitz egiteko argitalpen polit bat da. Asko zaintzen da estetika, maketazioa eta edukia. Liburuei buruzko liburu eder bat egiten saiatzen gara, ez aldizkari hotz bat, ezta katalogo soil bat ere. Behinola ateratzeko, batzorde arduradun bat dago, eta ilustratzaile, idazle, aditu eta zaleek parte hartzen dute bertan. Jakina, Galtzagorriko idazkariek dinamizatzen dute batzordeen antolakuntza, tartean Behinola-rena, baina babes handia dago inguruan.

Jendearen inplikazioa lortzea ez da erraza izaten elkarteetan.

Hemen lortzen da oraindik. Parte hartzen duten horiek egunero ari dira umeekin lanean, eta bestek egiten dutenaren berri jasotzeko beharra izaten dute. Ikastaroak egiten direnean ere, beti biltzen da multzo eder bat. Literaturak adar asko ditu, eta adar horiek guztiak bultzatzen saiatzen gara. Desorekak badira, noski: oro har, poesia eta antzerkia, adibidez, beti dira ahulago ipuinaren aldean, baina ez dira ahaztuta gelditzen.

Estrategiak ere aldatzen dira, irakurleen adinaren arabera. Esate baterako, gazteentzat Booktuberboom egitasmoa dugu, eta bitxia da: irakurketa hondatzen ari diren medioak liburua protagonista bihurtzeko erabiltzen dira. Sariketa moduko bat da, eta hor ari direnak gutxi dira, baina pixkanaka-pixkanaka gero eta gazte gehiago ari dira biltzen.

Oro har, jendeak parte hartzen du proiektuak gauza biziak direlako, errealitateari oso lotuak, eta beharra ere badagoelako. Liburutegietan, adibidez, dinamizazioa beharrezkoa da, jendea zuzenean ordenagailuetara edo eskolako lanak egitera joan ez dadin.

Ipuin kontalariek ere lan garrantzitsua egiten dute.

Jakina, eta Galtzagorrik bultzatu egiten du hori. Harreman handia dugu ipuin kontalariekin. Ikusgarria da nola hazi den ipuin kontalaritza garai batekoaren aldean, baina ez soilik kopuruz.

Ahozko kontalaritzak mesede izugarria egin dezake gure gizartean; batetik, hizkuntzari dagokionez, eta, bestetik, fikzioak berez duen balioagatik, mundu kartesiar batean biziko ginatekeelako bestela: estatistika, zenbakiak eta proiektu zehatzak. Gizartea ingeniarizatzen ari da, eta hezkuntza ere prozedura eta protokolo horien mende ari da jartzen. Hori, azkenean, gizakia robotizatzea da. Literaturak berebiziko garrantzia du horri aurre egiteko.

Duela 40 urte, irakasle aritu nintzenean, pedagogia berritzaileak bultzatzen genituen, eta literaturak izugarrizko garrantzia zuen orduan. Gaur egun irakaskuntza atzerago dago ordukoa baino kontu horretan, nahiz eta bitarteko gehiago izan.

«Gizartea ingeniarizatzen ari da, eta hezkuntza ere prozedura eta protokolo horien mende ari da jartzen. Hori, azkenean, gizakia robotizatzea da. Literaturak berebiziko garrantzia du horri aurre egiteko»

Ingeniaritza, efizientziaren izenean.

Alor batzuetan izan liteke efizientea ingeniaritza prozedurak erabiltzea, baina hezkuntzan literatura, pentsamendua eta oro har humanitatea puskatzen ditu halako prozedurak orokortzeak. Eta alor horiek behar ditugu humanoago eta kritikoago izateko. Beraz, Galtzagorriren eta Behinola-ren eragina bide horretatik ere badoa. Eta horretarako da literatura: kritikoak izateko, intelektoa lantzeko eta emozioei dagokienez, biziarazteko, intelektualki ezagutzeko baino gehiago.

Euskaraz badugu haur eta gazteei eskaintzeko literatura itzulia eta sortua, eta, alor batzuk ahul samar daudenez, horiek ere bultzatzen dira Behinola-ren bidez. Urtero, Galtzagorrira adituak ekartzen ditugu kanpotik ere, Kataluniatik asko, beren esperientzia erakuts dezaten. Dinamika oso biziak ditugu, eta lehendakari gisa, hobe da asko ez interbenitzea: txalupan jarri eta besteekin batera arraun egin.

«Dinamika oso biziak ditugu, eta, lehendakari gisa, hobe da asko ez interbenitzea: txalupan jarri eta besteekin batera arraun egin»

Aurrera begira, zein duzue erronka?

Literaturarekiko sentsibilitatearen lanketa orokortzea litzateke erronka nagusia, iristen ez garen tokietara hedatzea. Bestalde, literaturak alor asko ditu, eta adituak ere asko behar ditugu. Hain zuzen, horretarako ekartzen dugu jendea. Baina, bitartekaritza tekniketan adituak sortzeaz harago, gogoetak eta irakurketa kritikoak ere behar dira, akademikoak zein bestelakoak, gainontzean mekanismo hutsean gelditzen baita dena. Unibertsitateetan ildo hori indartzea ere bada gure asmoetako bat. Bestalde, Behinola-k irautea ere garrantzitsua da guretzat. Gehiago indartu nahiko genuke, baina oraingoz ez dugu indarrik gehiagorako. Haur eta gazte literaturaren alorrean profesional gehiago izatea ere polita litzateke.

Haur eta gazte literatura ahizpa txikia izan da beti. Baduzue egitasmorik hori aldatzeko?

Egia da, eta ez dago ondo. Baina hori aldatzea zaila da, oso aspalditik datorren kontua baita. Eta idazle kontsagratu bati entzuten diozunean haur literatura atseden hartzeko idazten duela, edota haur literaturak diru gehiago ematen duelako idatziko lukeela, bada, sabaia erortzen zaizu buru gainera.

Serio hartu izan duten idazleek, ordea, ez dute halako usterik. Kanpoko adibide bat jartzearren, Jose Saramagok, adibidez, behin idatzi zuen haur literatura, baina esan zuen ez zuela berriro egingo halakorik, oso zaila delako. Haur literaturara hurbiltzea berriz idazten ikastea bezalatsu da: idazle batek, haur literatura ikasteko, beste genero batean idazten ikasteko bezainbesteko ahalegina egin behar du; narratzaile batek poesia edo antzerkia idaztera jotzen duenean bezala.

Haur eta gazte literaturara jotzen duenak bestela lor zezakeen ikusgaitasuna ere galtzen du.

Lehen, idazleek ez zuten haurrentzat idazten. Bernardo Atxagak bai, baita Anjel Lertxundik ere, besteak beste, baina oso gutxi ziren. 90eko hamarkadatik aurrera sentsibilitatea handituz joan da, eta orain, zorionez, normalizatu egin da: helduentzako idazten duten askok haurrentzat ere idazten dute. Horrela jarraituz gero, beharbada, literaturaren arlo normalizatu bat izango da haur literatura. Bidean gaudela esango nuke. Baina gizartearen aldetik ez dago halako aitortzarik, tamalez.

Bestalde, haur literatura zabala da, eta baditu bere generoak ere. Nolabait esateko, literatura generoak errepikatu egiten dira haur eta gazte literaturan, ezaugarri bereziekin.

«Horrela jarraituz gero, beharbada, literaturaren arlo normalizatu bat izango da haur literatura. Bidean gaudela esango nuke, baina gizartearen aldetik ez dago halako aitortzarik, tamalez»

90eko hamarkada aipatu duzu, hain zuzen euskaraz haur literaturako erreferentziarik inportanteenak sortu ziren garaia. Nola ikusten duzu belaunaldi aldaketa?

Harrigarria da nola elkartu diren bertsolaritza, poesia, nobela eta haur literatura... Genero guztietan dabilen gazte multzo bat ari da sortzen, eta hori oso aberasgarria da. Orain puntako obrak egitea da kontua. Milatik bat ateratzen da puntakoa, baina oinarrizko lana ere egin behar da, eta horretan ahalegintzen gara. Gainera, gazte horiek nire belaunaldiak baino askoz hobeto ezagutzen dituzte medioak, eta berehala lortzen dute ikusgaitasuna.

«Harrigarria da nola elkartu diren bertsolaritza, poesia, nobela eta haur literatura... Genero guztietan dabilen gazte multzo bat ari da sortzen, eta hori oso aberasgarria da»

Behinola-ren jaia ospatuko duzue gaur. Zer sentsazio duzu?

Ez gara izugarrizko ospatze festen zale. Gauza xumeak egiten ditugu: ez dugu egundoko aretoa hartu, ezta esatari ospetsu bat ekarriko ere aurkezpena egitera, baina saiatuko gara egiten dugun horretan kalitatea txertatzen. Horrela egiten dugu lan: xume baina ahalik eta txukunen. Ez da ekitaldi txinpartatsu eta zaratatsua izango, baina ni halakoetan izan naizenetan bihotza goxatuta atera naiz, eta hori gelditu egiten da oroitzapenen txokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.