Haur begietan antzekoak dira gerra guztiak

Txukovskaiak eta Zhukovak Ukrainatik ihes eginiko haurren testigantzak bildu zituzten 1942an. Liburua euskaraz atera dute

Josu Zabaleta, liburua eskuetan, Donostian eginiko aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Unean unekoa da», Nerea Fillat Katakrak argitaletxeko editoreak dioenez, Haurrek hitza liburua. Lidia Txukovskaiak eta Lidia Zhukovak Ukrainatik Uzbekistanera erbesteratutako haurren testigantzak bildu zituzten 1942an. Prentsan argitaratu ziren hasieran, aleka, eta liburua egin zuten gero. Josu Zabaletak itzuli du euskarara. Fillatek aitortu du liburu hori ez zegoela argitaletxearen aurreikuspenetan, eta egoeraren ondorioz erabaki dutela kaleratzea. Katakrakek garaian garaiko gatazka politikoei «lagundu», «erantzuna eman» edo «behintzat eztabaida sustatzeko» asmoa duela azpimarratu du: «Otsailean Ukraina eta Errusiaren artean gertatutakoaren ondorioz, eta Europan berriz gerra dugunez, garai ezin egokiagoa iruditu zitzaigun liburua ateratzeko».

Testuinguru jakin bat du liburuak. Fillatek adierazi bezala, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, Ukrainatik milioi bat pertsona baino gehiago eraman zituzten Uzbekistanera. Han, intelektualak jarri zituzten umeak zaintzen. Txukovskaia eta Zhukova izan ziren horietako bi. Ume horiek jasandako bortizkeria eta ikusten zuten gordintasuna jaso zituzten, eta horren emaitza da liburua. Haurren hitzak dira, «oso modu argian», umeen «erretorikarekin» eta «hutsekin», mundua ikusteko zuten «gardentasuna» erakusten dutenak.

Modu bateratuan jasotako liburu hori duela 80 urte argitaratu zen lehendabizi, Taxkenteko aldizkarian, tarteka, artikuluka. Harrera ona izan zuenez, liburu bilakatu zuten gero. Fillatek ohartarazi du agertzen diren testigantzak «beldurgarriak eta gogorrak» direla: «Denek osatzen duten begirada, zoritxarrez, gaur egun Ukrainako haurrek biziko dutenaren antzekoa da. Liburu egokia da gerraren aurka eta bakearen alde azaltzeko».

Txukovskaiaren beste bi liburu ere itzuliak ditu Josu Zabaletak, Urpean murgildu eta Sofia Petrovna, eta esan duenez, euskaraz eta errusieraz soilik irakur daitezke orain argitaratutako testigantzak: «[Liburua] Ez dago gaztelaniaz, ez dago frantsesez, ez dago ingelesez, ez dago italieraz... errusieraz dago, eta, errusieraz ere, ia ez da ezaguna». 1942an argitaratu baitzen Taxkenten, eta geroztik ez baita berrargitaratu. Katakrakek, egile eskubideak eskuratu nahian, Txukovskaiaren senideengana jo zuen, eta haiek «txunditu» egin ziren, ia inork ez baitzuen ezagutzen Haurrek hitza liburua.

Itzulpen bat egiteko garaian, autorearen pentsamenduaren eta bizitzaren berri jakitea inportantea dela nabarmendu du Zabaletak, eta, Txukovskaiaren kasuan, ezinbestekoa egin zitzaion estalinismoa sakon aztertzea.

Intelektualek babestuak

Zabaletak kontakizuna historian kokatu du: «Alemaniarrak egun Ukraina eta Errusia diren aldera sartu zirenean, Bigarren Mundu Gerran, Sobietar Batasunak leku hartako fabrika guztiak eraman zituen, edo su eman zien». Erantsi du Napoleonen garaitik ikasitakoa zela teknika hori. Jendearekin gauza bera egin zutela esplikatu du: «Hartu egin zituzten, eta Asia erdialdera eraman». Uzbekistanera, esaterako. Umezurtz etxeak egin zituzten Taxkenten, eta intelektualek zaindu zituzten haurrak. Txukovskaiak berak, adibidez. Idazle familia batean jaio zen, eta haren aitak, Kornei Txukovskik, haur literaturan izen «nabarmena» zeukan, eta itzulpenaren teorian ere «garrantzitsua» izan zen.

Zabaletak zehaztu duenez, ume batek Txukovskaiari kontatu zion etxean gizon alemaniar bat zutela eta «nahiko jatorra» zela. Haren ahizpa txikia gauetan negarrez aritzen zenez, gizona iratzarri egiten zuen. Alemaniarrak, umea hartu eta putzura bota zuen behin. Liburuan ageri da. Hori kontatu ziotenean erabaki zuen Txukovskaiak testigantzak jasotzen hastea.

Haurrek hitza-ko istorio denak dira «gordinak, dramatismorik gabe kontatuak», Zabaletak aurreratu duenez. Adibide bat jarri du haurrek adjektibo gutxi erabiltzen dituztela adierazteko: «Dena kontatzen dute sinple. 'Nola ama eta biok oinez gindoazen, ama urrun xamar zegoela, bion artean bonba bat erori zen. Korrika joan nintzen amarengana, baina hilda zegoen'. Edo 'estazio batean geundela, bonbardatu zuten. Amak esan zidan alde egiteko korrika. Bueltatu nintzenean gurasoen bila, ama hilda zegoen. Aita ere ikusi nuen, saiatu nintzen esnatzen, baina ez nuen lortu. Amarengana hurbildu nuen arrastaka, batera egon zitezen'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.