«Nola ume bat lehenengo aldiz/ montaña rusan den igo.../ Printzipalera behin joan nintzen/ ta bada aski motibo.../ Borrokatzeko pribilegio hori/ izan dezadan berriro». Hori kantatuz hasi zuen Xabi Igoak atzo Arabako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko finalaurrekoa, eta hark irabazi zuen. Orain goian, orain behean, errusiar mendien moduko saioa osatu zuten Laudioko (Araba) saioan aritu ziren bertsolariek. Igoaren atzetik sailkatu ziren Rikardo Gonzalez de Durana, Paula Amilburu, Asier Rubio, Ander Solozabal eta Jagoba Apaolaza.
Saioa hasita, hausnarketarako baliatu zuten bertsolariek hamarreko handiko ariketa. Bi gurasoren azalean jarri zituen Nieves del Alamo gai-emaileak Apaolaza eta Igoa. Seme txikiak gona jantzi nahi zuela esan zien; gona haurrari emateko prest zen Apaolaza, zalantzak zituen Igoak. Kezkei tiraka ekin zien Igoak: «Izan nahi nuen guraso on bat/ banuen nik esperantza./ Azken orduan zergatik beti/ dator bisitan zalantza?». Genero bereizketa umetatik hautsi behar dela erantzun zion Apaolazak, eta horrela amaitu zuen bigarren bertsoa: «Eta niri berdin emango dit/ semea edo alaba». Haurrari gona jantziko ziotela kantatu, eta gozo amaitu zuen bertsoaldia Igoak: «Ikastolara joan gaitezen/ bera eskutik helduta.../ Gelara sartu orduko/ berak laguntza beharko du ta».
Epelera egin zuen saioak zortziko txikiko ariketan. Landetxe batera asteburu-pasa joatea oparitu zion Solozabal semeak Igoa aitari. Landetxera heltzean, erreserbarik ez zutela eta lotarako lekurik ez zela geratzen esan zieten. Umorez aritu zen Solozabal: «Baina zahartu zara, ta orain zahar gu.../ Gure erlazioak/ abentura behar du». Horrela itxi zuen bertsoaldia Igoak: «Amari ezer ez esan/ egitean buelta,/ zurekin disgustoa/ lehendik badu eta». Gozatu egin zuten entzuleek hamarreko txikiko ariketan. Bikote ziren Igoa eta Gonzalez de Durana. Furgoneta erosi zuten, baina kalean geldi darama urtebete. Bizi hasi zen Igoa: «Baina bertso afaritan/ hauxe da aritzen,/ gizendu du ta ez gara/ ohean kabitzen». Beste furgoneta bat eros zezaketela kantatu zion Gonzalez de Duranak, hark saioetan irabazitakoarekin.
«Aspalditik barruan zenuen arantza hori atera duzu». Sei bertsolari, eta sei arantza; ertz ezberdinetatik heldu zioten bakarkako gaiari. Lehen aldian Everesteko gailurra igotzea lortu ez zuen mendizalearen azalean jarri zen Igoa: «Mendiak gogorarazi/ zidan ahaztu lez, bezela:/ gure nahiak baino askoz/ indartsuagoa dela». Horrela biribildu zuen bertsoaldia: «Berriz preparatzen hasi/ nintzen astiro-astiro,/ heldu ta elurra hartu/ dut eskutan maitekiro.../ Himalaya jakin, badut/ zurekin aski motibo/ hogei egun ta Everest/ iparraldetikan igo/ esan nizun Himalaya,/ berdin eguraldi, giro/ egunen batean bueltan/ joango naizela berriro».
Datorren larunbatean jokatuko da azken finalaurrekoa, Aramaioko Kultur Etxean. Han erabakiko da zein sei bertsolari izango diren finalean, apirilaren 1ean, Gasteizko Printzipal antzokian.
Haur bat errusiar mendian
Xabi Igoa gailendu da Arabako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko finalaurrekoan, eta sailkapen orokorraren buruan jarri da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu