T bustiak halako goxotasuna ekar balezake ere, Lurbintton ez da horretatik den mendrenik ere. Adur Larreari (Bilbo, 1982) gertakari batzuk salatu zizkioten urruneko bertso batzuek; testuinguru historikoan kokatu ditu hark, eta dekoratua jarri die, artxibo lan ikaragarritik landa. Landetara deportatu zituzten milaka euskaldunen memoria freskatuz. Lurbinttoko ohoinak komikia karrikaratu berri du, EKE eta Elkar fundazioaren sormen beka irabazirik.
Xabier Kaltzakorta da genesiaren hobendun nagusia.
Neurri handi batean, bai: Bertso jarrietatik ahozkora idatzi zuen artikuluan irakurri nuen Lurbinttoko ohoinak bertsoa. Historian barneratzeko giltza izan zen; zer ote zegoen horren atzean? Kaltzakortak berak ere ez zekien. Hala ere, baziren gako batzuk: hamabost urkatu egon zirela Baionako katedralean. Gertatu bazen, arrastoa utzi beharko zukeen horrek. Lurbintto toponimo hori ere: zergatik hori eta ez beste herri edo toki bat? Euskara aldetik ere susma zitekeen Lapurdin gertatu zela. Horrek guziak giltzak eman zizkidan bibliografia sakon batean sartzeko. Robert Poupelek, adibidez, Iraultza garaian eta ostean zer gertatu zen ikertu zuen Kanbo, Itsasu, Ezpeleta eta Larresoro [Lapurdi] inguruan. Hor ikertu ditu ohoin talde horren ekintzak. Hasieran, bertsoa horrekin lotzen nuen, baina ez nekien non zen xuxen Lurbintto.
Nolaz kokatu dituzu Frantziako Iraultzaren ondoren?
Une batean, esan nuen: «Hainbat jende urkatu dituzte; garai horretan izan behar du». Leitu nuen Lurbinttoen borda bazela, Alzuieta ondoan, orain Itsasuko supermerkatua den tokian, Alki enpresa ondoan.
Noizkoa da bertso hori?
Kaltzakortak Herria aldizkarian aurkitu zuen, 1960ko hamarkadan argitaratua, xxx izenpetua; horrek erran nahi du herrikoia zela. Geroztik, ez dut beste erreferentziarik. Salbu bukaeran agertu dudan istorioan: berriz agertzen dira Lurbinttoko ohoinak: Ohoinak eta sankristaua, 1980an argitaratua Herria aldizkarian, segur aski asmatua. Biak lotu ditut: bertsoa eta historia.
Herena hartzen du testuinguru historiko errealak. Bazenuena garai hori agertzeko beharra?
Lurbinttoko abenturaxkak ezin dira kontatu testuingururik gabe: nola heldu ziren ohoinak ohoin izatera? Mendeku behar hori nondik dute? Testuingururik gabe, ezin da ulertu zergatik eraso zioten auzo bati, baina ez besteari. Hasierakoa oso sintetizatua da.
Bilaketa handia sumatzen da.
Den-dena dokumentatua dago; garaiko beste bertsoetan edota artxibo historikoetan: txosten kriminalak... Hori guztia beste batzuek bildu dute, eta ni atzetik etorri naiz, beste helburu batekin. Pertsonaia nagusien curriculumak atxiki ditut.
Azantza anaiak, adibidez.
Zahar kapitaina izan zen Migrarien Batailoian. Perkain pilotariarena dokumentatua da, Mundutegi bera... Istorioko pertsonaia horiek historiarekin ere badute zerikusia; horregatik, kokatze historikoak badu bere garrantzia.
Joana Xurrut existitu zena?
Bai! Dena oso maskulinoa da, baina egia da Joana Xurrut izan zela. Alzuietara sartu zirelarik, jendarmeek 11 gizon eta sei emakume harrapatu zituzten. Baina alargunak, umezurtzak edota etxetik bota zituzten batzuk ziren; ez zuten ekintzetan parte hartu. Alta, Xurrut hori preso egon zen bi hilabetez. Senarrari lepoa moztu zioten, Taulori. Ideologoa izan zitekeen, baina neurtu behar da zein rol nori eman.
Western kutsua du honek, Arditutakoak komikian bezala.
Barry Lyndonen garaia eta haren bizitza inprobablea etorri zaizkit gogora, baina kontua da hura fikziozko pertsonaia bat dela. Hauek ez! Egiazko pertsonaia hauek gerra sufritu zuten, deportazioa, miseria gorria... ingurukoei lepoa moztu zieten, anai-arrebak eta seme-alabak ez dakit nora eramanak izan ziren, Hegoaldera ihes egin zuten, gerra egin, itzuli... hori dena lauzpabost urtean! Hauei gertatu zitzaizkienak ikusita, Barry Lyndon motz gelditzen da! Westernak izan dezakeen abentura kutsu hori badu honek, eta Alzuietak arrantxoa dirudi.
Ezberdintasuna da hauen ekintzen akuilua politikoa dela.
Horregatik, haien ekintza hutsak aipatzea azalekoa litzateke. Argi da gibelean motibazio politikoak zituztela. Segur aski, deportazioarekin zerikusia zutelako eraso egiten zioten jendeari, edo, nork daki, auzoen arteko istorioak mendekatzeko. Frantses errepublikak hauek guziak ahanzturara utziak ditu. Hamabost gillotinatu zituzten; iruditzen zait asko dela herri txiki-txiki haietan. Alta, inork ez du istorio hau ezagutzen.
Landetaratu haientzako omenaldi gisako bat dea komikia?
Ez zen hasierako asmoa, baina memoria kolektiborako garau txiki bat izan daiteke, eta etxe eta gertalekuena ere bai. Deportazioarena da nabarmenena: 1.500 inguru hil ziren, ez dakigu zenbat zuzen. Gaur egun horren inguruko oihartzunik ez izatea...
Arras zehazki marraztu dituzu tokiak. Nola izan da zure landa lana?
Toki gehienetara joan naiz. Batzuetan, zaila izan da; Etxeberri, adibidez, hogei baziren!Alzuieta bera, orain industrialde bat da. Zaila da irudikatzea. Baina halako zirrara bat sortzen du historia hain barneratua duzularik. Argazki artxiboetara ere jo dut marraztu ahal izateko.
Daltoniko batentzat, zuri-beltzean agertzean, eroso, ez?
Halaxe! Zuri-beltzean ikusten nuen hau: beltzak badu bere dramatismo karga, bere ongia eta gaizkia, sinbolismoa... Kontrasteak bilatu ditut.
Deabruarekin egin dute tratua ohoinek.
Asmaketa da. Andre Dione herrena zen, artxiboetan agertzen da hala, baina herren bat ikusten duzu ibiltzen bada. Marrazteko, ordea, hanka moztu nion. Garrantzitsua zitzaidan Dionek ezaugarri fisiko hori ukan zezan, pertsonaia asko baitaude. Marieder zaharrena denez, mustatxa zabala ezarri diot... nahasterik ez izateko. Landetan jende asko hil zen, edo holako lan arriskutsuetan, hanka hola galdu zuen.
Pertsonaien organigrama egitea nekeza izan dea?
Mundutegi hil zuenak bi pipa zituela dokumentatua da, eta hala sartu dut. Marraztu ahala, irakurtzen eta datuak metatzen segitu dut. Hori da ekintzen arteko bortitzena. Baina Azantza anaiek badute kristoren garrantzia, aski zigortua izan baitzen familia. Marieder armagilea zen, ziurrenik Eugin edo Orbaizetan [Nafarroa]. Dione teilaria zen; Iparraldean asko omen ziren, eta Hegoaldera zihoazen lanera. Manex, laborari gaztea... Foruei esker ez zuten soldadu joan behar, baina orduan hasi ziren behartzen.
Aditzak ez dira beti batuan.
Beka honen baldintzetako bat zen Iparraldeko euskalki batean idaztea. Baina nik ere ez nuen hau bestela ikusten, lapurteraz baizik. Batzuetan, agertzen dira gauza ilogikoak, gerora ohartu naiz. Erregistroa ez da beti bera: «Ezpeletako aharia behar duk hik!», artxiboetan agertzen da hori, kasko gogorra errateko.
«Pito» ere ageri da.
[Kur-kur-kur] Barrenetik ateratzen zaion laidorik handiena balitz bezala. Eta bizkaierazko zati bat ere bai: Juan Antonio Mogelen Peru Abarka-n agertzen da eszena, Konbentzioko emigratu bat Markina aldera doalarik.
Zerekin nahi duzu irakurlea geldi dadin?
Gertaera lazgarri hauek ahanzturatik argitara eramateko asmoz egin dut, jakin behar baitira gauza hauek. Baina hori jakinik, gozatzeko da. Pasarte asko kontatzen ahal dira; oraingo etxaldeetakoek egin dezakete. Adibidez: «Hemen erre zizkioten belarrak nire berraitatxiri».
Adur Larrea. Ilustratzailea
«Hauei gertatu zitzaizkienak ikusita, Barry Lyndon motz gelditzen da!»
'Lurbinttoko ohoinak' komikia karrikaratu berri du Larreak, EKE eta Elkar fundazioaren sormen beka irabazirik. Fikziozko istorioak Konbentzio Gerlaren latzak besarkatzen ditu, eta, irakurlea libertitzeaz gain, memoria historikoa elikatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu