Literatura

Hau nobela bat bada

Duela hirurogei urte kaleratu zen Vladimir Nabokoven 'Pale Fire' (Su zurbila) eleberria. Idazlearen lanik laudatu eta konplexuenetako bat da, artefaktu literario petoa.

Vladimir Nabokov idazleak 1962an eman zuen Pale Fire (Su zurbila) eleberri konplexu eta laudatua —artefaktu literarioa—. BERRIA.
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Vladimir Nabokoventzat alimaleko jostabidea zen literatura, eta haren Pale Fire (Su zurbila) nobelak izenburutik bertatik ekiten dio jolasari, William Shakespeareren Timon Atenaskoa antzezlaneko aipu batetik aterea baita: «Lapur hutsa da ilargia, / eguzkiari ostua baitu bere su zurbila». Sorkuntza artistikoaren metaforatzat hartu izan da Shakespeareren pasartea, eta Nabokovek iraulaldi poetiko bat ematen dio, non, eta liburuaren hasiera-hasieran, Charles Kimbote narratzaileak zera dioenean bere bizilagun poetari buruz: «Ondo gogoan dut nire portxetik ikusi nuela, goiz argitsu batean, poema-pila eder bat kiskaltzen errauskailuaren su zurbilean». Nabokovek testuarteko josteta ezinago apropos batean kiribiltzen ditu sorkuntza artistikoa eta suntsiketa artistikoa. Halako beste hamaika jolasez betea dago liburu guztia.

Testuen arteko jolasak, erreferentziak, pasticheak, hitz jokoak... Nabokoven literatura osoaren berezko ezaugarriak dira, guztiak prosa hiperboliko baten su-festa atergabean emanak, eta Su zurbila-n ere barra-barra agertzen dira. Formaz, ordea, koska bat estuago moldatu zuen Nabokovek eleberri hau, aurreko eleberriaren aldean behintzat. 1955ean plazaratu zen Lolita—1962koa da Su zurbila—, eta haren aparraldiak hartaratuta sartu zen Nabokov Su zurbila-ren labirinto esperimentalean, irakaskuntzatik atera eta idazletzan bete-betean sartzeko aukera izan baitzuen bere nobela ezagunenaren arrakastarekin.

Su zurbila tranpa-eleberri bat da, liburua osatzen duten parteen batura baino askoz ere urrutirago doana. Itxura batean, poeta hilberri batek argitara eman gabe utzitako olerki baten edizioa da: baditu editorearen hitzaurrea, 999 lerroko poema, eleberriaren mulko nagusia osatzen duen ohar sorta mardula, eta aurkibide onomastikoa. Editorearen aparatu kritiko oparo hori, ordea, eleberri maskaratu baten mozorroa baino ez da, eta, baldin irakurleak asmatzen badu liburuko erreferentzia gurutzatuen labirintoan artez nabigatzen —kontakizunean kronologia, linealtasuna eta koherentzia erdiesteko esperantzak bazter utzirik—, akaso asmatuko du oskolaren azpian dautzan tipula-eleberriaren geruzak azalera ekartzen. Liburuan atzera eta aurrera ibiltze horretan, Su zurbila-ren irakurraldiak badu Julio Cortazarren Rayuela leitzearen antzik; Cortazarrena, ordea, urtebete geroago kaleratu zen.

Editorea kontalari

Nabokovek, ohi duen bezala, narratzailea egiten du eleberri guztiaren giltzarri. Irakurlea berehalakoan konturatzen da ezen Charles Kimbotek, zeinak poemaren apailatzaile eta iruzkingile xumetzat aurkezten baitu bere burua, bere hitzak eta egintzak—eta imajinazioak— kontatzen dituela, poemaren iruzkinak baino gehiago. Abila da oso irakurlea bere obsesiozko kontakizunean katramilatzeko lanean; hainbeste, irakurlea apenas konturatzen baita noiz bihurtzen den editorea narratzaile. Kontalari jostaria da gainera, lehen orritik bertatik hasten zaiona irakurleari adar-joka; artean ere editorearen mozorroa erantzi gabe duela, John Shade poetari buruzko azalpen jeneral batzuen erdian, zera gehitzen du: «Jolas parke oso ozen bat daukat bizi naizen tokiaren aurre-aurrean». Narratzailearen esku-sartze horiek gero eta nabari eta esajeratuagoak egiten dira liburuan aurrera, eta gero eta luzeagoak eta sardetuagoak haren digresio eta itzulinguruak, Kimbote bera baita, azken finean, nobela maskaratuaren benetako protagonista. Haren editore oharretako erreferentzia gurutzatuen sarean azaleratzen da nobela, eta funtsean hiru kontakizunek osatzen dute.

Batetik, bere kalamatrika digresioz betean, narratzaileak beraren eta Shaderen arteko harremanaren berri ematen du; bigarren, Zembla herrialde imajinatuko errege erbesteratuaren istorioa kontatzen du —hangoa da Kimbote narratzailea—, eta, herrialde horri buruzko azalpenetan, XX. mendeko Errusiaren halako karikatura bat marraztuz joaten da. Azkenik, erregea hiltzera bidalitako sikarioa ere aipatzen du. Liburuan atzera-aurrera, hiru istorioek elkargune ugari dituzte, eta, soltean bezala garatzen diren arren, korapilatuta bukatzen dute: zer harreman dagoen Charles Kimboteren eta errege erbesteratuaren artean, nola hil den egiaz John Shade... Narratzailearen ironia, handiuste eta esajerazioen artean, galdera horiek erantzun unibokorik gabe geratzen dira. Narratzailea ezinago baita fidagaitza, Lolita-ko Humbert Humbert ere bezala, biak ere parodiaz eta ironiaz perfilatutako alter ego bi, sarri-sarriak Nabokoven literatura osoan.

Eleberri anbiguoa eta inkognitaz betea baita, kritikari, aditu eta ikertzaileek makina bat teoria bota izan dituzte interpretazio gisa. Lanaren lehen balorazio kritikoa ere halakoxea izan zen, nahasia eta askotarikoa. Mary McCarthy kritikari ospetsuak laudorioz hartu zuen liburua: «[...] Nabokoven zentauro-lan hau, erdia poema, erdia prosa, ur abisaletako sirena, kreazio perfektuki ederra da, simetrikoa, arraroa, originala eta moralki egiatia». Anthony Burgess idazleak ere laudorioz hartu zuen. Kontrarioek, berriz, koherentzia falta eta hutsaltasuna leporatu zizkioten liburuari, libertimendu estetiko barnehuts bat zela argudiatuz. Iritziak iritzi, ordea, literaturaren festaz gozatzeko aitzakia ematen du Nabokoven eleberriak:

«Absurdoa da zeinen ohituta gauden letra idatzi xume batzuen mirakulura, irudi hilezkorrak eta pentsamenduaren inboluzioak kabitzen baitira haien barrenean, bai hizketan, negarrez eta barrez ari den jende bizi-biziz betetako munduak ere. [...] Nahiko nuke zu miratuta geratzea ez irakurtzen duzunagatik bakarrik, baizik eta irakurtzen duzun hori irakurgarria izate hutsagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.