Dantza

Hau ez da maskarada bat

Zuberoako Berritza kultur elkarteak dantza ikuskizun berria eskainiko du bihar, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Dikotomiak uztartzen dituen maskarada garaikide gisa aurkeztu dute.

Maxka'roa ikuskizuna. PIERRE ALEX / BERRITZA
Maxka'roa ikuskizuna. PIERRE ALEX / BERRITZA
Garazi Karrera
2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

Zibilizazioa eta basakeria aurrez aurre jartzea ez da kontu berria; are gutxiago maskaradetan. Antagonistak diren bi mundu aurki daitezke bertan: garbia eta zikina, bertakoa eta kanpotarra, ordena eta anabasa, gorriak eta beltzak, ongia eta gaizkia, hegoa eta iparra, heriotza eta bizitza. Dikotomia hori eszenaratzen dute Txingili’K taldeko dantzariek Maxka’roa ikuskizunean. Berritza elkartearekin elkarlanean ekoitzitako lan bat da, eta, bihar, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egingo dute, 19:00etan —Iturritik jaialdiaren egitarauaren parte da—.

Eneko Gil koreografo eta eszena zuzendariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1985) «ukitu garaikidea» eman dio dantza tradizionalari. Hala adierazi du Maider Arrossagarai Txingili’K dantza taldeko kideak: «Ikusgarrian, hasteko, prefosta zuberotar dantzak izango dira, baina beste manera batez lantzen ditugu, gorputza eta besoak beste manera batez mugituz». Maskaradako koreografiak, antzerkiak, kantuak, estetika eta egiturak mantentzen dituzte, baina ezohiko eran.

Ikuskizunaren asmoetako bat dikotomia hori auzitan jartzea da. Horiek horrela, maskaradako pertsonaiak ez daude zehaztuta, ezta bi unibertsoen arteko aurkakotasunak ere, ongiaren eta gaizkiaren arteko distantzia «lanbrotzea» baita sortzaileen helburua. Era berean, maskarada izenarekin jokatu nahi izan dute. Dantzariak azaldu duenez, S hizkiaren ordez X hizkia jarri diote, Xiberua aipatzeko, eta -roa atzizkiak geroari egiten dio keinu.

Gazteen kezkak abiapuntu

Hamaika dantzarik hartzen dute parte ikuskizunean, eta horien buruhausteak izan dira ikuskizunaren abiapuntu. Arrossagarairen arabera, norbere ahotsak zabaltzeko bide da ikuskizuna, eta aldarrikapen kulturalak ez ezik, hizkuntzari eta etxebizitzaren auziari dagozkionak ere plazaratzen dituzte. «Gure kezken artean daude, esaterako, gero eta euskara gutxiago maite dela lurraldean, etxebizitzen prezioak gero eta garestiagoak direla, eta, horrenbestez, ezinezkoa dela hemen bizitzea, gure artean ere ez dugula euskara ematen, eta hori ere kezkagarria dela».

Gilen burutapena izan zen lehen entsegu egunean gazteen ahotsak biltzea. Arrossagaraik azaldu duenez, dantzariei lurrean etzateko agindu zien, eta, musikak lagunduta, sentitzen zutena idazten hasi ziren. «Enekorekin [Gil] harreman bizigarri on bat ukan dugu hasieratik. Iratiko etxoletan [Zuberoa] ezagutu genuen elkar, eta egonaldi horrek lagundu digu hamar hilabetez esperientzia horren ontsa bizitzen». Izan ere, urtarrilean hasi zituzten entseguak. Lan «gogorra eta biziki aberasgarria» izan dela aitortu du Txingili’K taldeko dantzariak.

Profesionalez inguratua

Mauleko Berritza elkarte kulturalaren helburuetako bat Zuberoako dantzarien praktikak urrunago eramatea da. Horregatik, sarritan dantzari amateurrak eta profesionalak elkartzen ditu. Koreografoaz gain, norbere alorrean adituak direnek osatzen dute lantaldea. Jean-Louis eta Pascale Aranburu Bidabek idatzitako kantetan adierazten dituzte gazteek euren ezinegonak. Halaber, Jeremy Garat eta Oihan Oliarj-Ines konpositoreen ardura izan da musika sortzea. Bestalde, Catherine Arkanuturri ibili da koreografoaren laguntzaile, eta argiztapenaren diseinua Ieltxu Ostolazaren esku joan da. Jantzien diseinua, berriz, Juana eta Ddiddue Etxeberri anai-arrebek egin dute, Owantshoozi arropa markaren sortzaileek.

Ilusioz, gogotsu eta trankil dagoela kontatu du Arrossagarai dantzariak. Donostian baino lehen, aurrez Mauleko Jai-alaian ere egin dute ikuskizuna, eta horrek lasaitu egiten duela dio. Donostiako emanaldiaren ostean, oraingoz, finkatuak dituzte Donapaleu (Nafarroa Beherea), Luhuso (Lapurdi), Donibane Lohizune (Lapurdi) eta Biarritzera (Lapurdi) joateko egunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.