Musika

Hau ez da jazz disko bat

Hamabi urteko etena igarota, Dirty Three hirukote australiarra ‘Love Changes Everything’ disko instrumentalarekin itzuli da aurten.

Jack White, Mick Turner eta Warren Ellis, Dirty Three osatzen duen hirukotea. BERRIA
Jack White, Mick Turner eta Warren Ellis, Dirty Three osatzen duen hirukotea. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko abenduaren 15a
04:40
Entzun

Hiru musikari lau egunez grabazio estudioan sartuta, jam session luze batean, askatasun erabatekoan. Emaitza zein izango den jakin gabe ari dira lanean, soinua eraikitzen, egitura bat oinarrian izanik ere, inprobisazioari emanak. Jazz musikariak izan litezke, baina ez. Edo behintzat, genero horretatik oso urruti ikusten du bere burua Warren Ellis biolinistak (Ballarat, Australia, 1965), eta, hain zuzen, bera da estudio horretan dabilen hiru musikarietako bat, Mick Turner gitarristarekin eta Jim White bateria jotzailearekin batera. Dirty Three taldea osatzen dute hirurek, eta orain dela hilabete gutxi argitaratu dute lan berria, Love Changes Everything, estudioan garatuz joan den eta inprobisazioari leku handia utzi dion lana. Eta ezetz diote haiek.

«Uste dut jazz hitza ez dela egokiena». Ellisek garbi du Dirty Three «arriskuak» hartzeko eremuan kokatzen dela, eta horrek berak lan egiteko modua baldintzatzen duela. Rockdelux atariari emandako elkarrizketa batean eman du azalpena: «Guk beti dugu egitura bat, hau da, lan hau parte handi batean inprobisatua da [...], baina noizbait hasi behar duzu landutako horri forma eta egitura ematen, erabakiak hartzen».

1992an sortu zen Dirty Three, eta 2012ra arte, une batzuetan urratzailea, besteetan delikatua eta gehienetan inpresionista den diskografia osatu zuen. Azkeneko urteetan, ordea, taldekideek beste zeregin batzuk izan dituzte:  Mark Kozelekin aritu da White, eta baita George Xylourisekin ere Xylouris White proiektuan; eta Turnerrek, berriz, gitarran oinarritutako lau disko kaleratu ditu. Hiruren artean Ellisek lortu du oihartzunik handiena, 1990eko hamarkada erdialdeaz geroztik Nick Caveren kolaboratzaile estuena izan da eta. The Bad Seeds taldeko kide gisa hasi zen, baina urteekin haren protagonismoa areagotuz joan da, eta gaur egun ezinbestekoa bilakatu da Caveren lanetan. Bien artean hainbat soinu banda sortu dituzte, horietako asko westernari lotutakoak —The Proposition (John Hillcoat, 2005), The Assassination of Jesse James by the Coward Robert Ford (Andrew Dominik, 2007)— eta eskuz esku grabatutako Carnage diskoa ere kaleratu zuten, 2021ean. Gainera, Nina Simone's Gum liburua ere kaleratu du Ellisek.  

Maitasunaz, hitzik gabe

Hamabi urteko etenaren ondoren, Ellisek, Turnerrek eta Whitek Love Changes Everything (Maitasunak dena aldatzen du) diskoarekin berpiztu dute Dirty Three. Aurreko guztiak bezala, instrumentala da lan hori ere, hitzik gabekoa, baina, dena dela, maitasunaren gaiak zeharkatzen du alderik alde, Ellisek berak azaldu duenez. Are, diskoa osatzen duten sei piezek izenburu bera dute, eta zenbaki huts batek bereizten ditu. Gaia, ordea, ez da estudiora sartu aurretik erabakitako kontu bat, eta grabazio batek «behar duen misterioa» aipatu du biolinistak hori esplikatzeko: «Estudioan sartzen naizenean, ez dakit prozesu osoaren amaieran zer gertatuko den. Diskoak bere bidea aurki dezan utzi behar duzu». 

Kasu honetan ere antzera gertatu da: «Estudiora joan ginen, jotzen hasi ginen, eta grabatu ahala atera zen gaia. Azken batean, zerbait behar genuen, izenburu bat. Eta izenburuak zerbait ematen dizu, diskoan sartzeko modu bat». Azkenean kantuei titulurik ez jartzea erabaki zuten; «mugimendu eta esamolde desberdinak balira bezala, maitasunak dena aldatzen duela dioen ideia horren babespean».

Love Changes Everything kontrasteen gainean eraikitako diskoa da, suhartasunetik baretasunera salto egiten duena. Biola mingarri batean eta gitarra distortsionatuan oinarrituta dago lehenengo pieza; pianoaren melodia errepikakor batek gidatzen du bigarrena, bateria eta gitarra inguruan bueltaka dabiltzan bitartean; hirugarrena abstrakzioaren eremuan kulunkatzen da; eta gitarra zein biolaren arteko jokoaren emaitza da laugarrena. Bosgarren atalak biola bizi bati ematen dio protagonismoa, eta, azken pieza luzean, biolak eta pianoak lehen planoa konpartitzen dute, bateriak amaierako crescendo-an bere lekua egiten duen bitartean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.