Harkaitz Cano idazleak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975), guztira, 30 urteko ibilbidea egin du literaturan, 1994an Kea behelainopean bezala poema bilduma (Susa) argitaratu zuenetik, eta laugarren Euskadi saria jaso du orain. Aurrez, bitan jaso du Euskarazko Literatura saria —Belarraren ahoa nobelari esker (Alberdania) 2005ean, eta Twist nobelarekin (Susa) 2012an—, eta 2014an jaso zuen Haur eta Gazte Literaturakoa, Orkestra lurtarra lanarekin (Elkar). Eta, orain, bere azken urteetako hainbat obsesio literario biltzen dituen Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez liburuarekin (Erein) jaso du laugarrena.
Bestelako aitortza modu hobeen esperoan, oraingoz halako sariak pozgarri zaizkizula esan duzu saria jakinarazteko prentsaurrekoan.
Ez da hainbeste aitortza behar duguna; behar dugu gure lanaren ordena naturala. Hau da, edozein ogibidetan dagoena, eta hori da ongi artikulatuta ez dagoena. Badaude konbentzio zahar batzuk ezin ditugunak gainetik kendu. Intelektualitateari edo gauza intangibleei buruz ari garela, behintzat, mundu zahar hura ez doa, eta mundu berri hori ez dator. Oraindik pendiente daude lanek behar duten ordainari eta halako beste gauza itsusi askori buruzko erabakiak.
Eta, beraz, bitartean esan duzuna: «Estimatzen dira sarien istripuak».
Niri larritasuna sortzen dit batzuetan sumatzea idazle batzuk egon daitezkeela sari baten esperoan edo esperantzan, kandela jartzen ia-ia, horrek soluzionatuko dielako hurrengo urtea, edo hau. Eta horrek apurua ematen dit. Saria egoteari edo ez egoteari buruzko eztabaidaz aparte, aipatzen dudan parte horrek soluzio bat behar luke.
Zure azken urteetako hainbat obsesio literario biltzen ditu saritu dizuten liburuak. Kleptomania ariketa bat dela esan duzu zuk zeuk, adibidez, liburutegi batean girotuta dagoelako, eta bertan, besteek idatzitako istorioak erreskatatzen direlako. Eta, bestetik, erabat diziplina artekoa ere bada proiektua, antzezlan batetik sortu delako.
Gozamen hutsa izan da. Batzuetan, sormen prozesuetan gorabeherak egoten dira; kasu honetan ez. Banekielako nik, azkenean, koilarea besterik ez nuela egin behar, eta aspaldi neuzkan harentzako perla guztiak hautatuta. Gainera Fernando Bernues antzerkigilearekin aspaldi hitz egindako zerbait zen, eta koadernotxo bat neukan, eta hor gordetzen nindoan zer perla izango liratekeen gazte, ume, adoleszente bati zerbait esan ziezaioketenak.
Eta bildutako harribitxi horiek zer ezaugarri komun dituzte?
Ni gidatu nauena oso kapritxosoa izan da. Ez dut bilatu hari bat. Gauza puskatuei buruz mintzo dira. Hor daude Chinua Acheberen Mundua gainbehera dator, Sylvia Plathen Ispilua poema, ispilu apurtu bat bihurtzen dena gero... Igual apurtzearen hori daukate askok, baina ez denek. Zoritxarraren ertzean dabiltza, baina nolabait hortik airoso ateratzeko bide bat bilatzen dute. Uste dut.
Fernando Bernuesen antzezlan bat dago liburuaren jatorrian. Fikziozko obra horretan idazle batek liburu bat aurkezten du, baina liburua erreala bilakatzea izan da jolasa. Zure beste obsesio literarioetako bat da hori.
Hori ere Fernandoren ideia izan zen. Nire asmoa zen antzezlan bat idaztea, eta listo. Baina Fernandok esaten zuen aktorea liburu bat aurkezten ari bazen, ea zergatik ez zen liburu hori existituko. Egin zen antzezlana galegoz, egin zen valentzieraz, euskaraz eta gazteleraz, eta lehen emanaldietatik egon zen liburua eskura. Horrek ematen zion xarma berezi bat.
Gero eta epe estuagoa dute nobedadeek, bestalde, eta horrelako sariek beste bizialdi bat ematen diote liburuei.
Eskertzen da. Liburu hauek pixka bat linboan geratzen dira. Teorian, asko gustatzen zaizkigu album ilustratuak, tapa gogorrekoak, marrazkiak dituztenak, baina, gero, oso zaila da horiek mugitzea. Batzuek ez dituzte erosten garestiak direlako, beste batzuek ez dituzte erosten uste dutelako umeentzako direla, eta umeek ez daukate itsulapikoan aski diru, eta, orduan, pixka bat linbo horretan gelditzen dira. Ereineko almazenean arindutxo bat ematen badiote orain, ba ondo.