Amets Aranguren. Ibil Bedi taldeko kidea

«Hatortxu Rockerako sorpresa txiki bat prestatu nahi izan dugu»

IñIGO URIZ / @FOKU.
Ane Etxandi.
Iruñea
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Iruñeko taldea bigarren diskoa aurkezteko biran ibili da azkenaldian. EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdian izan ziren uztailaren 3an, eta Hatortxu Rock jaialdian joko duten kontzertua birako azkenetako bat izanen da. Bihar izango da emanaldia, 17:30ean.

Zer da zuentzat Hatortxu Rocken jotzea?

Ez dakit hau talde gisa azaltzeko gai naizen. Urte asko daramatzatantolakuntzan, eta ilusio handia egiten dit. Uste dut talde osoari egiten digula ilusioa, beti ibili izan garelako hemen publiko gisa, eta oholtza gainetik Hatortxu Rock bizitzea beste gauza bat da. Ilusio berezia egiten dit horregatik, eta atzean dagoen lana zenbaterainokoa den jakinda, gainera. Sentitzen dut etxean jotzea bezala dela.

Nola prestatu duzue biharko kontzertua?

Nahi genuen Hatortxurako sorpresa txiki bat prestatu, eta horretan ibili gara batez ere. Kontzertu bat gehiago izango da, baina berezia izango da aldi berean. Gainera, bigarren diskoaren bira bukatzen ari gara orain, eta azken kontzertuetako bat izango da hau. Horregatik prestatu nahi izan dugu ustekabe txiki bat.

Zer espero duzue biharko emanalditik?

Eguneko lehenengo kontzertua izango gara; gure aurretik, Antton Telleria arituko da, baina, kontzertuei dagokienez, gu izango gara lehenak. Espero dut jendea gerturatzea. Ni oso gogotsu nago.

Ikusle moduan zer talde ikusteko gogoa duzu?

Ez dakit aukera izango dudan, txanda asko egin behar baititut, baina, posible badut, Lukiek ikusten saiatuko naiz.

Hala ere, Hatortxu ez da musika jaialdi arrunt bat. Zure ustez, zergatik da oraindik ere garrantzitsua jaialdia egitea?

Oraindik dirua beste batzuek baino gehiago behar duen jendea dago, eta, horrela den bitartean, beharrezkoa izango da Hatortxu antolatzea.

Zer kontzertu dituzue aurrerantzean?

Abuztuaren 4an Gasteizen izanen gara, 11n Erronkarin, 12an Amurrion, eta 21ean Bilbon. Horiekin, gure asmoa da bigarren diskoaren bira amaitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.