Atzealdean Sakanako paisaia menditsuaren ilunabarreko irudiak dituela, jadanik musikarik gabe eta letra xehez idatzita dator Hatortxu Rock jaialdiak egindako ekarpenari buruzko gogoeta bideo amaieran: «26 urte, 30 edizio eta agur bat. Preso politikoen senide eta lagunen zama aritzea izan da Hatortxu Rocken helburua. Orain ate itxi batek hamaika leiho berri zabaldu beharko ditu. Auzolana da gure ondarea; izan dadila etorkizunaren giltza». Eta, hain zuzen ere auzolan horri buruzko kantua sortzeko batu dira Maskak, Mirua, Monsieur leCrêpe, Txingili’K eta Zetak. Elkarrekin ondu dute Bi t'erdi izeneko abestia, eta Arrigurik egin die bideoklipa. Gaur jarri dute entzungai eta ikusgai, amaieran jaialdiak utzitako ekarpenari buruzko gogoeta hori gehituta.
A cappella hasten da kantua: Miruak taldekoen ahotsak entzuten dira lehen estrofan, eta berehala, piano xume bat. «Zuk heldu bat, nik beste bat,/ orain abiatzeko bagara lau./ Nahi beste gau./ Nahi beste gau». Gero Pello Reparaz gehitzen zaie leloa kantatzeko, eta banan-banan doaz gehituz beste musikariak ondoren. «Zuk ardoa, nik zilarra,/ elkar helduta bi t’erdi gara./ Batera, bi t’erdi gara». Izan ere, antolatzaileek hedabideetarako bidalitako oharrean zehazten dutenez, musikariek kantuan gauzatzen duten egite hori bera da abestiaren abiapuntua. «Bakarrik gutxi egin dezakegu, elkarrekin gehiago gara. Norbanakoen batura baino handiagoa da auzolanaren indarra. 1+1 bi t’erdi da».

Mattin Zeberiok egin ditu ekoizle lanak, eta Josu Erbitirekin batera aritu da grabazioan. Arrigurik egin du bideoklipa. Etenik gabe sekuentzia bakarrean filmatu dute dena, eta kantuan bezala, bideoan ere argi ikusten da hasieran bakarrik agertzen diren musikariak nola doazen bat egiten.
Taldeak eta txandak
Lakuntzan (Nafarroa) egingo dute azken Hatortxu Rock jaialdia, uztailaren 24tik 27ra. Eta azkena izanik, «jaialdi historikoa» egin asmo dute antolatzaileek aurten. Horretarako hamaika musika talde batuko dituzte Lakuntzan. Hau da zerrenda osoa: Chuleria Joder, Dupla, Maskak, Burutik eta Alaitz eta Maider, Tribade, Brigade Loco, Ibil Bedi, Afu, Añube, Sukena, Sune, Bad Sound, The Lio, Leihotikan, Les Testarudes, Plan B DJa, Su Ta Gar, Trapella DJa, Gatibu, La Jodedera, Kaotiko, Maruxak, Non Servium, Bulego, Nogen, Tatxers, Skatu, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos, Betagarri, Never Surrender, Autobus Magikoa, Buitraker eta Latzen.
Horrez gainera, auzolanean parte hartzeko deia ere egin dute asteburuan. Jaialdian txandak egiteko deia egin diete herritarrei.