Hatortxu Rocken hogeigarren aldian dauka sorburua elkartasun jaialdiaren gaur egungo protokolo eta lanketa feministak; hau da, 2017ko udan. Festibaleko antolatzaileek aitortu dutenez, lehendik ere ezartzen zituzten eraso matxistei kontra egiteko neurriak —Iruñerriko mugimendu feministarenetan oinarritzen ziren—, baina orduan ekin zioten propio Hatortxu Rockerako protokolo bat diseinatzeari. «Ordutik, joan gara ikusten zelako beharrak ditugun», kontatu du Gune Segurua lantaldeko kide Ainhoa Buenok. Dioenez, «orain arteko tresnetan sakontzea» da gakoa, eta helburua ez da soilik izan daitezkeen erasoei erantzuten jakitea. «Prebentzioan jarri dugu arreta», zehaztu du.
Gune Segurua taldeko kide da Nerea Eugi ere. Dena dela, Eugik hain justu nabarmendu du urteetako lanketari esker lortu dutela Hatortxu Rock gune seguru izateko ahalegina ez izatea soilik propio horretaz arduratzen den taldearena. «Eta ez naiz soilik ari jaialdia egiten den egunaz; jaialdia prestatzeko prozesu osoan eta eremu guztietan bermatu behar da hori», zehaztu du. Are gehiago, Buenok gogora ekarri du musikariekin ere egiten dutela lanketa. Adibidez, kontzertuak eman aurretik joaten zaizkie protokolo feministaren nondik norakoak esplikatzera, eta haiei ere eskatzen diete ardura. Bueno: «Animatzen ditugu oholtzak ematen duen boterea erabiltzera giro osasuntsu bat sustatzeko».
Ikusi gehiago
Erasorik izanez gero haiek salatzeko bide ugari jarri dituzte eskura antolatzaileek. Esaterako, jaialdia hasiko denetik bukatuko den arte etengabe izanen dira brigadak bueltaka —banderola moreak eramanen dituzte bistara, identifikatzeko—, barretan eta segurtasunari eskainitako zonetan peto moreko zenbait lagun izanen dira —Eugi: «Publikoarengandik gertuen daudenak dira, laguntza eskaintzeko prest»—, eta kaseta bat ere izanen da une oro zabalik.
Bestalde, telefono zenbaki bat ere zabaldu dute Hatortxu Rockekoek. Iruñerrian eraso matxistak salatzeko irekia den zenbakira deitzera bultzatu dute; hau da: 660 344 692. Edonola ere, festibalekoek ezarria duten gidalerroaren arabera, erasoaren biktimak salaketa zernahi gunetan eginda ere, Gune Segurua lantaldeak beti jasoko du salaketaren berri. Eta, Buenok eta Eugik nabarmendu dutenez, biktimaren premiak lehenetsiko dituzte. Hori bermatzeko, Hatortxu Rocken azpiegituren barnealdean den kaseta bat ere jarriko dute erabilgarri. «Erasoa jasan duen pertsonak zabalik izateko, nahiko balu; lasaitzeko».
Biktimak nahi bezala
Erasoa jasan duenak zer nahi duen, horrek agintzen du batez ere. Horrek zehaztuko du biktimari emandako artaz harago ere zer eginen duten, Eugik nabarmendu gisan. Eta, zehaztu duenez, biktimarekin hitz eginda, eta erasoa zer motatakoa den aztertuta, erantzun hauek eman ditzake festibalak, adibidez: bozgorailuen bitartez komunikatu bat zabaltzea —eraso bat izan delako abisua emateko—, edo musika tarte batez etetea eta sukaldea eta barrak ixtea. Gainera, Eugik gogora ekarri bezala, «muturreko egoeretarako erantzunak» ere prest dituzte, behar izatera: festibala behar baino lehenago bukaraztea. 2022ko uztailean Atarrabian antolatutako bi eguneko jaialdian halaxe egin zuten.